ATZEKOZ AURRERA. Pedro Luis Cañavete eta Carlos Corral. Hirigintza geografoa eta hirigintza ingeniaria

«Distantziek gure bizitzak menperatzen dituzte hirietan»

Bizimodu azkarraren mesedetan eraiki dituzte hiriak, bi adituen arabera. Deshazkundearen berehalako beharraz mintzo dira.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hirietako distantziak murrizteko asmoz eraikitzen diren garraiobideek kontrako efektua eragiten dute, askotan, Pedro Luis Cañavete hirigintza geografoaren eta Carlos Corral hirigintza ingeniariaren ustetan, distantzia artifizial bati bide emanez. Donostiako San Telmo museoan izan berri dira biak, mugikortasun jasangarriaz eta aldaketa klimatikoaz hizketan.

Noiz uzten dio hiri bateko mugikortasunak jasangarria izateari?

JOSE LUIS CAÑAVETE: Mugikortasuna behartua, baldintzatua, izaten hasten den momentuan. Egunero distantzia laburrak egiteko mugimendu asko egin behar ditugunean, jasangarria izateari uzten dio. Distantziek gure bizitzak menperatzen dituzte gaur egungo hirietan, eta halako hiriak eraikitzen jarraitzen dugu.

CARLOS CORRAL: Edo mugikortasuna bihurtzen dutenean azpiegitura gehiago egin ala ez erabakitzeko kontu bat, askotan, jadanik dauden azpiegiturak eta jendearen ohiturak birziklatzean dagoenean gakoa. Modu arrazionalago batean kudeatu behar dugu daukaguna.

Hiri ereduaz, bere osotasunean, hausnartu beharra dago?

J.L.C.: Arazoa guk geuk sortzen dugu, hiri dilatatuak sortuz, eta hiri horiek sortzen dituzten distantziak ezin ditugu modu jasangarrian konpondu.

C.C.: Bizi ereduaz ere hausnartu behar dugu. Azkar mugitzeko beharra dugu, gauza asko egin, nahiz eta gauza horietako bakoitzari denbora gutxi eskaini. Teknologia berriek eta makinek, autoek, ahalbidetzen dute horrelako bizi eredu bat mantentzea. Bizimodu hori mantentzeko ezinbestekoak dira makinak.

Dauden distantzia geografikoak are handiago egiten dituzte hiriek?

J.L.C.: Distantzia artifizialak sortu ditugu, eta hiriaren barruan milaka hesi eta muga eraiki. 100 metromugitzean, badirudi 300 egin dituzula.

Mugikortasun arazoak azpiegitura handiekin estaltzen dira, sarritan. Eraginkorra al da?

J.L.C.: Horrelako azpiegiturak eraikitzeko hiru arrazoi politiko daude. Batetik, eskari bati aurre egitea. Bestetik, territorioak kolonizatzea: beharrezkoak ez diren azpiegiturak egin eskaririk ez dagoen leku batean, eta, ondoren, eskaria sortu. Hirugarrena absurdoena litzateke; badirudi, egun, modan dagoela garraiobide modernoak izatea, eta, hala, badira tranbiak dituzten 100.000 biztanleko hiriak. Hiru arrazoi horietatik lehenengoa soilik da zentzuzkoa, egun.

Nolako hiri eredua babesten duzue zuek?

C.C.: Megalopoli handiak ari dira nagusitzen. Hirigune handietan ari da pilatzen jendea, landa giroan ase ezin dituzten beharrei erantzuteko. Niretzat, eredua erdi mailako hiria da, zeinetan oinez, bizikletaz edo garraiobide kolektiboko sistema txikietan mugitzea posible den.

J.L.C.: Tamaina txikiko hiri bat litzateke galderaren erantzuna, baina, joera bestelakoa da, eta, gainera, egun ditugun hiriek ez dute zer ikusirik izango hemendik 20 urtera izango ditugunekin. Hilabete gutxi batzuetan eraikitzen eta deseraikitzen diren hiriak ikusten hasiak gara. Beraz, aurreikuspenak egin, eta horien araberako neurriak aplikatu beharko dira.

Eta nolako neurriak aplika daitezke hain hiri handietan?

J.L.C.: Estatua da nola bizi behar dugun erregulatzen duen instituzioa. Alde horretatik, gure habitata diren hiriak ere definitu behar dituzte. Gizartearekin batera joan beharko luke. Bi pauta nagusi hartu behar dira kontuan: hirien dimentsioa eta mugikortasuna. Hortik abiatuta, estatuek hiriak definitu behar dituzte. Desazkundeaz hitz egiten hasi beharko da, lehenbailehen.

Klima aldaketarekin lotura du mugikortasunak. Arazo horren muina hirietan al dago?

C.C.: Munduko biztanleen %80 hirietan bizi edo mugitzen direla kontuan izanik, kutsadura gehien ere hor sortuko da. Oraindik ez da hala, baina horretara goaz. Garraioa da energia kontsumorik handiena eragiten duen jardueretako bat, eta hirien inguruan asko pilatzen da.

Gas isurien kopurua gutxitzeko garraio publikoa erabiltzeko kanpainak egitea aski al da?

J.L.C.: Garraio publikoaren erabilera bultzatzea beharrezkoa da, baina hori ez da nahikoa. Guk geuk sortutako arazo bati erantzuteko modua da, eta ari da funtzionatzen. Arazoa da, ordea, egoera honetara eraman gaituena erreproduzitzen jarraitzen dugula, desazkunde prozesu batean sartu beharrean. Garraio publikoa bai, noski, baina makineria martxan jarri beharko da, eta erabaki datozen urteetan zer nolako hiri eta territorioekin egingo dugun lan, eta nolako bizimodua izango dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.