ATZEKOZ AURRERA. Jose Carlos Torre. Komikigilea eta ikerlaria

«Marrazkilariek gaur egun ez daukate non argitaratu»

Komikigintzari «benetako laguntza» emateko eskaera egin die Torrek erakunde publikoei, euskarrien beharra dagoelako. Sektorea bultzatzeko, ordea, sinistu egin behar dela dio.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko irailak 28
Komikigintzari estuki lotuta dago Jose Carlos Torre (Barakaldo, Bizkaia, 1977). 2009an, Rumble komiki aldizkaria sortu zuen EHUko ikasle kontseiluarekin batera, eta, orduz geroztik, bertako koordinatzaile eta egileetako bat ere bada. Marrazteaz gain, ordea, komikiaren arloa ikertu du, eta, zehazki, Juan Carlos Egillor (Donostia, 1947-Madril, 2011), komikigile, marrazkilari, zuzendari eta artista. Haren lanaren inguruko tesia egin du, eta aste bat da aurkeztu zuela.

Zergatik erabaki duzu Egillorri buruzko tesia egitea?

Kasualitate ugariren emaitza izan zen. Fanzineei buruzko ikerketa bat egin nuen, eta, han, Euskadi Sioux-en lan guztia aurkitu nuen. Oso polita iruditu zitzaidan. Egillorren jarrera oso aurrerakoia da, ezarrita zeuden umorearen mugen aurka egiten zuen, eta beti irribarrea bultzatzen zuen.

Zein modutan zen apurtzailea?

Pentsa zein garai zen [1960ko hamarkadan hasi zen argitaratzen]. Bazuen modu berezi bat zentsurari aurre egiteko. El Correo egunkarian zintak argitaratzen zituen, eta horien artean Mari Agirre pertsonaia zegoen, oso aurrerakoia zena. Emakume feminista, gogor eta boteretsua zen, eta diskurtso hori oso aurrerakoia zen.

Fanzineetan egin zenuen topo Egillorrekin, baina hori baino gehiago ere izan zen.

Hala da, ez zen Euskadi Sioux-en bakarrik agertzen, Pott bandan ere ibili zen. Ikusi nuen ez zela edozein, eta konturatu nintzen zuzendaria ere bazela, bideo artea egiten zuela, ilustratzailea, Net artean ibili zela... Transmedia artista bat zen, transmedia hitza asmatu aurretik. Egillor ez da artista bat bakarrik: iraultzaile bat da, aurrerakoia.

Irudipena duzu ez dela bere lana ezagutzen?

Egillor artista bat izan zen arlo askotan, eta marrazkilari izateagatik bakarrik hartzen da aintzat. Margolari txar bat izan balitz, entzutetsuagoa izango zen. Sekulako marrazkilaria zen, sekulako zuzendaria, baina bakarrik marrazkilari arloan dagoenez, ez da hain garrantzitsua. Eta horrek pena ematen dit.

Umorearen arloan, zer ekarpen egin dezake gaur egun haren lanak?

Hark esaten dituen gauzak oso sakonak dira, eta hori litzateke haren ekarpenik garrantzitsuena. Umorea gauzak kritikatzeko benetako tresna bat da, hausnarketara jotzeko modu bat. Umoreak lortzen du jendearengana iristea, eta proposamenak egitea.

Rumble aldizkariarekin hori lortu nahi izan zenuen?

Aldizkariarekin, kalean eta batez ere Bilbo inguruan zeuden artistak bildu nahi izan genuen. Xabiroi edo H28-k sekulako lana egiten dute, baina Bizkaian aukera emateko euskarri bat behar zela ikusi genuen. Lehen euskarri gehiago zeuden marrazkilarien lanak argitaratu ahal izateko, baina, gaur egun, ez daukate non argitaratu, eta hasi berrientzat oso zaila da horrela aurrera egitea. Hutsune horri erantzuteko modu bat izateko saiakera izan zen Rumble.

Komikigintzak, irakurle gehiagorengana iristeko, bultzada bat behar duela esan nahi duzu?

Ez nuke Egillorri pasatu zitzaiona gertatzea nahi. Hau da, hogei urte geroago egin zuen lana berrikusten aritzea. Lan oso mamitsua egin zuen, baina zer gertatu zen? Desagertu zen, eta ez zen inora heldu. Hori aldatu behar dugu. Orain badugu aukera bat konturatzeko nola dagoen marrazkilarien lana, eta, hori berriz ez gertatzeko, jar ditzagun baliabideak. Baina ez bakarrik dirua, euskarriak ere behar ditugu. Erakundeei eskatuko nieke benetan sinistu dezatela, baina ez marrazkilariengatik, haiek bultzatu ahal dutenarekin baizik. Gure lanak kultura bultzatzeko balio duela uste dut. Marrazten dugunean, ez baitugu gure buruarentzat bakarrik egiten, gizarte guztiarentzat egiten dugu. Begira zer gertatzen den Belgikan eta Frantzian: industria handi bat dago han, eta estatuak hori babestu egiten du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna