ATZEKOZ AURRERA. Garikoitz Mendizabal. Txistularia

«Euskaldunok kanturako berezko joera daukagu»

Euskal abesti klasiko eta modernoak uztartzen dituzte Mendizabalek eta beste bost sortzailek, 'Artxipielagoa' lanean. Publikoaren laguntzaz, «atmosfera natural bat» osatzea lortu dute.

Maite Alustiza.
2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Artxipielagoa Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan lurreratuko da, gaur, 20:30ean. Sei irlak osatzen dute askotariko diziplinen unibertsoa: Garikoitz Mendizabal (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) txistua jotzen ariko da, eta harekin batera izango dira Pello Ramirez eta German Ormazabal musikariak, Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria eta Belen Ibarrola artista.

Zer moduz egokitu da irla taldea jende aurrera?

Harrituta gaude, alde positibotik. Germanek [Ormazabalek] elkartu gintuen; aurretik ezagutzen genuen elkar, baina elkarrekin lan egin gabeak ginen. Zerbaiti itxura eman genion, baina zuzenekoetan konturatzen zara zer daukazun eskaintzeko. Oso indartsua izan da jendearen erantzuna, eta ikustea zenbat zuzeneko dauden jada itxita... Mirari txiki bat ere bada.

Aretoak herri abesbatza bihurtu nahi dituzue, publikoak abes dezan. Jendeak lotsa galtzen du?

Bai, inongo problemarik gabe. Nik ez neukan zalantzarik: badakit euskaldunok kanturako berezko joera daukagula, eta pixka bat zirikatuz gero, erraz egiten dugu. Lortzen da atmosfera natural polit bat, eta horretarako laguntzen du Andoni Egañaren ekarpenak, umore ukituak. Berak lokalizatzen du emanaldi bakoitzean zer eskaini behar duen, eta oso aberasgarria da, Ainhoarekin batera, denak home cinema bat egingo bagenu bezala aretoan kantatzea.

Zerk egiten du berritzaile diziplina ezberdinen elkarketa hori?

Gaur egun fusioak egiten dira noiznahi. Baina justu osagai hauek dituen produkturik ez zegoen, eta hain da euskalduna, hain euskararen inguruan... Gure iraganari, gaurkotasunari eta etorkizunari egiten dizkiogu keinu batzuk; modernitatea eta tradizioa batera doaz.

Gazteak animatzen dira?

Familia batzuk etorri dira, baina orokorrean adin ertaineko jendea da. Hor badago hausnarketa bat egin beharra, baina sozialagoa, ez proiektuarekin bakarrik. Harrigarria da, adibidez, 14-15 urteko jendeak Mikel Laboa nor den ez jakitea.

Txistulari modura, aurretik ere elkarlan ugaritan zabiltza. Zer ematen dizu bide horrek?

Nik oso barneratuta daukat txistua eguneroko instrumentu bat dela. Saiatzen naiz nire lana egiten, Bilboko udal txistulari bandarekin,baita ahal dudan kolaborazioetan parte hartzen ere. Uste dut txistuak badaukala potentzial interpretatibo handia, eta alde horietako batzuk, zoritxarrez, ezezagunak dira. Txistua jotzeko modu asko daude, eta batekin eta bestearekin aritzea horri laguntzeko modu bat da.

Denboraldia hasi berri duzue Bilboko udal txistulari bandarekin. Txistua esparru ezberdinetan ikusi ahalko da?

11 kontzertu aurkeztu ditugu, eta saiatzen gara denak ezberdinak izaten. Banda tradizionalari ematen diogu garrantzia, baina beti egoten dira berrikuntzak. Menu zabala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.