ATZEKOZ AURRERA. Lucrecia Masson. Ekintzaile feminista

«Gorputz disidenteek proposamen politikoak sor ditzakete elkartuta»

Aktibismo lodiaren bultzatzaile da Masson. Beharrezkotzat du gorputzaren bizipenak kolektibizatzea eta zalantzan jartzea «sistema kapitalistara egokitutako gorputzak» nahi dituen araua.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Lucrecia Masson (Ombucta, Argentina, 1981) ekintzaile feminista Donostian egon berri da, AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak antolatutako Nuevas epistemologías feministas de lo corporal jardunaldian (Gorputzaren epistemologia feminista berriak).

«Haragia politizatzea» proposatzen du aktibismo lodiak. Gorputzak zer garrantzi dauka?

Proposamena da haragia, gorputza, erdigunean jartzea; feminismotik abiatzen den proposamen bat da. Gorputz lodiaren espezifikotasunak ikustea, baina ez hori bakarrik. Gorputz lodi bat ate bat bezala ikustea, eta hortik pentsatzen hasi ahal izatea gorputzaren normaltasuna zapalkuntzaren ardatz modura.

1960ko hamarkadan sortu zen aktibismo lodia, AEBetan. Nola egokitu da gaur egunera?

Mugimendu hori agertu zen beste askapen mugimendu batzuk sortzen hasi ziren garai berean: sexu askapena, feminismoa, aniztasun funtzionalaren mugimenduak... Horrek forma ezberdinak hartu zituen. Orain dela ez urte asko, Espainiako Estatuan bizi ginen latinoamerikar batzuek hasi genuen elkarrizketa bat, eta gure aktibismo feministetatik pentsatzen hasi ginen gorputzaz hitz egin behar zela: zer gertatzen zaigun gorputz honekin eta zein erantzun politiko aurkitzen dizkiogun. Hasi ginen behar sendo bat izaten gure gorputz lodiak feminismoaren barruan ere errekonozituak izan zitezen.

Loditasunari lotutako gaiak intimitatean bizi dira askotan, eta, hain justu, kolektibizatzearen garrantzia aipatzen duzu. Baina nola lor daiteke espazio eroso bat?

Guk proposamena martxan jarri genuenean, feminismoan bertan honen moduko erantzun bat sortu zen: «Horiek zure gauzak dira; emakume ahaldunduak gara, eta ez diegu tokia eman behar halako gauzei». Baina topatu genituen bizipen oso gogorrak, eta toki politiko bat eman behar zitzaiola ikusi genuen. Batzar feminista batean, gaia atera zen lehen aldietako batean, baten erantzuna izan zen: «Hori bakoitzak landu behar du; niri hainbeste kostatu zait neure burua maitatzea...». Eta, jarraian, beste batek gauza bera esan zuen, eta hirugarrenak, berdin. Bueno, ari bagara denok gutxi gorabehera gorputzaren antzerako bizipenez hitz egiten, orduan hau ez da zerbait indibiduala.

Gehiago hitz egiten da orain?

Urteotan irekiago hitz egiten ari gara. Bere gorputza akats modura ulertzen zuen edonorentzat ideia hau hasi da transformatzen, eta has daiteke pentsatzen posible dela bere gorputzean zoriontsu bizitzea. Niretzat ezinbestekoa da aliantzen ideia. Gorputz disidenteek, normaltasunaren bazterretan kokatzen dituztenek, proposamen politikoak sor ditzakete elkartuta.

Ez da berdin ikusten emakume lodi bat edo gizon lodi bat.

Niretzat, behintzat, ez da berdin bizipen bat maskulinitatetik bizi edo feminitatetik bizi. Adibide sinple bat: gizon batek tripa apur bat badu, garagardozalearen tripa da, inplikatzen duena bizitza sozial gustagarri bat. Emakume batean, berriz, sortuko du utzikeriaren ideia, bere burua zaintzen ez duen norbaitena...

Eta, arropa dendan, neurri egokia ezin topatu. Nola aurre egin sentipen horri?

Neurrien sistema oso krudela da, gorputza estandarizatzea du helburu. Hori baztertu behar da, eta beste sistema batzuetan pentsatu. Pisua eta neurriak arau eztabaidaezin bihurtzen dira, eta, beraz, egia; horrek, aldi berean, bide ematen dio gorputz jakin bati. Gorputz bat lodia izaten hasten da horrelako neurtze sistemak dauden momentuan.

Naomi Wolf idazleak esana du dieta dela emakumeen historiako lasaigarri indartsuena. Ados?

Zentzu handia dauka ideia horrek. Hau pentsatu behar da esparru batean non paradigma den zuria, Mendebaldekoa... Gorputzaren bizipena indibiduala izanda, oso bakardadean bizi da gaia, eta argaltzeko pildora hori da etorkizun zoriontsu baten promesa. Pentsatzen gabiltza ea gramo batzuk gehiago edo gutxiago ditugun, eta lekua kentzen diegu beste gauza batzuei; adibidez, antolatzeari eta bilatzeari zoriontsuago izaten galaraziko ez gaituen beste zerbait, neurrien kontrol sistema handi bat ez dena.

Loditasunetik harago, gorputzaren dibertsitatea aldarrikatzen duzu. Zer egin normaltasun deiturikoa apurtzeko?

Zalantzan jarri nahi dugu sistema kapitalistara egokitzen diren gorputzak nahi dituen arau bat. Disidente izan behar da arau inposatzaile horretatik; horri erantzun, eta hala aldarrikatu: «Gure gorputzak posible dira, eta izan behar dira, bere singulartasunean eta edertasunean».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.