ATZEKOZ AURRERA

Zientzia edonoren esku

Ekitaldi anitz antolatu ditu EHUk Zientziaren Astearako, ikerkuntza mundua unibertsitatetik harago ateratzeko. Ikasleak zientzialari bihurtu dira egun batez Gasteizko Bibat museoan.

Eskolan baino arreta handiagoa jarri dutela aitortu dute ikasleek. JUANAN RUIZ / ARP.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ostiralak arinagoak izaten dira. Errazago joaten dira ikasleak eskolara. Gainera, txango bat egiteko aukera badute, oraindik eta alaiago joaten dira. «Haurrak oso pozik etortzen dira. Jada laugarren urtea da hona gatozena, ongi pasatuz asko ikasten dute eta», azaldu du Nerea Martinez de Arrieta Gasteizko Sagrado Corazon eskolako irakasleak.

EHUk Zientzia Astearen barruan Gasteizko Bibat museoan antolatu duen bisita gidatura joan dira. «Denera 28.000 ikasle baino gehiago izango ditugu», argitu du Arantza Beitia EHUko Arabako Campuseko Garapenerako eta Kanpo Harremanetarako Zuzendariak. «Gasteizen bi ikuskizun antolatu ditugu, beste horrenbeste erakusketa, hamar irtenaldi, hamabi postu eta 25 tailer», gaineratu du.

Beitiaren esanetan, helburua da EHUko ikertzaile eta ikasleen lana jendeari gerturatzea, haurrei zein helduei. «Aste barruan gazteagoentzako agenda dugu, baina asteburuan heldu asko etortzen da».

«Zientzialari egun batez tailerrean, gure eguneroko jarduna erakusten dugu, jendeak uler dezan zertan egiten dugun lan», nabarmendu dute Leire Etxeazarra, Julio Saias, Victor Fernandez eta Janire Urrutia biologo eta farmazialariek. Proteinen inguruko tailer praktiko bat prestatu dute, eta beratutakoei ikerketak zer aplikazio izan ditzakeen irakatsi diete.

Doktore eta doktoregaiak dabiltza irakasle lanetan. «Laborategian haurrekin baino hobeto moldatzen gara, baina gustura etortzen gara», azaldu dute. Batzuek besteek baino trebetasun handiagoa dute, eta bete-betean sartzen dira rolean. Josu Santamarinaren kasua da, gudariz mozorrotuta baitago haurrei 36ko gerra azaltzeko; Sara Morenorekin batera ari da azalpenak ematen. «Oso gazteak dira ikasleak, eta askorentzat ezezaguna da historia», dio Morenok. Mahai gainean, gerrako granadak, balak, kaskoak eta abar dituzte, eta haurrak txundituta jolasten ari dira. «Gehien gustatu zaigun postua izan da. Gerrako objektuak ukitu ahal izatea ikaragarria da, eta interesgarria da kontatzen dutena», esan dute ikasleek. Katalina izeneko gudari baten bitartez, 36ko gerra eta frankismo garaiko lehen urteak esplikatzen dituzte Santamarinak eta Morenok. Baina denetariko gaiak jorratzen ari dira Bibaten: alergiak, espazioa, hizkuntzak... «Gogo Elebiduna postuan, hitz egiteko eta pentsatzeko gaitasuna lantzen dugu», azaldu dute Luis Pastor eta Gillen Martinez de la Hidalgo pedagogia doktoreek. Lau esperimentu dituzte, hizkuntzaren eta garunaren arteko lotura ikusteko. «Gure postuan, haurrek jolasteko aukera dute, eta oso ongi pasatzen dute. Entzun egin behar da, ikusi, hitz egin... Gure abileziekin jolastea polita da», baieztatu dute adituek.

Zientzialariek aitortu dute beraiena bokazioko ogibidea dela. «Ordu asko sartu behar dira, pazientzia asko behar da gure lanean, eta zoritxarrez prekaritate handia dago», salatu dute. «Maite dugulako egiten dugu hau, ez dago besterik», gaineratu dute. Alde ilunagoa ere saiatzen dira azaltzen gaztetxoei, uler dezaten dena ez dela jolasak eta esperimentuak.

Halere, bati baino gehiagori sartzen diote zientzialari izateko harra. «Nerabeak erakartzea zaila da, burua beste kontu batzuetan dutelako. Baina etortzen direnean, ez dute joan nahi izaten», esan du Beitia koordinatzaileak. Urte askoan arduratu da Zientzia Astea aurrera eramateaz, eta kontatu du badagoela behin baino gehiagotan etortzen den jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.