Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Ahaltsuek ez dute nahi esperantoa txertatzea»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Aitor Arana. Esperantoan aditua

«Ahaltsuek ez dute nahi esperantoa txertatzea»

Lagun baten bitartez ezagutu zuen Aranak Esperantoa 22 urte zituela. Euskal Herrian informaziorik ez dagoela dio, baina ziur da aliatu ona litzatekeela euskararentzat.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Gasteizko Hitz Adina Mintzo zikloan esperantoari buruz hitz egingo du gaur Aitor Aranak (Legazpi, Gipuzkoa, 1963). Zaila da zehazki zenbat hiztun dituen jakitea, baina bi milioi inguru direla dio. Zamenhofek, bakea helburu, nazioarteko hizkuntza neutrala izateko sortu zuen XIX. mendearen amaieran.

Posible da artifizialki sortutako hizkuntza bat hizkuntza unibertsal bilakatzea?

Neurri batean bada hizkuntza artifiziala, baina ez dugu ahaztu behar hizkuntza naturaletan oinarrituta dagoela. Dagoeneko hizkuntza unibertsala da, baina espero noizbait guztion bigarren hizkuntza izatea.

Esperantoa erraz ikasten den hizkuntza da. Zer dela eta?

Horretarako prestatuta dagoelako. Hizkuntza guztiek salbuespenak eta irregulartasunak dituzte, baina esperantoak ez. Zamenhofek Europako hizkuntza nagusiak ongi aztertu zituen, eta bakoitzaren zailtasunak eta gauza ilogikoak kenduta sortu zuen esperantoa; behin ikasle frantsesekin proba bat egin zuten, eta 150 ordu behar izan zituzten esperantoa ikasteko.

Non hitz egin daiteke esperantoz?

Txinan eta Hungarian indar handia du, gobernuek gomendatuta eskoletan ikastaroak ematen dituztelako. Mexikok ere hiztun asko ditu, nahiz eta dagoeneko bertan hizkuntza internazional batean hitz egiten duten. Inguru ezkertiarretan indar handiagoa du, halako kausekin konprometituagoak direlako. Txanponaren ifrentzua Afrika da.

Hizkuntza unibertsala izateko bidean, erabilera datuak arrakastatzat har daitezke?

Nire ustez, bai, baina egia da adin jakin bateko jendeak uste duela proiektuak porrot egin zuela, aspaldian ez duelako bere berri izan. Esperantoak porrot egin duenetz ikusiko dugu gobernu ahaltsuek jator jokatu eta beraien hizkuntzak inposatzeari uzten diotenean. Hizkuntza kontuetan oraindik ez gara heldutasun maila nahikora heldu, eta bakoitzak bereari eusten dio, esperantoari bidea egiten utzi gabe.

Horregatik ez du lortu esperantoak erabat txertatzea?

Ez duelako gobernuen laguntzarik. Borondate oneko jendearen eskuetan geratzen da kontua. Zorionez, talde handia osatzen dugu, eta Internetek ere lagundu digu hedatzen. Baina denon bigarren hizkuntza izateko gobernu handien laguntza beharrezkoa da. Ahaltsuek ez dute nahi esperantoa txertatzea, beraien estatusa kolokan ez jartzeko.

Euskal Herrian nolako egoera du esperantoak?

Euskarak mendeak daramatza bi hizkuntza hegemonikoren azpian, eta, orain, hirugarren bat sartu dugu etxean. Bitartean, informazio ezagatik, ez diogu arretarik jarri esperantoari. Euskara indartsuago legoke esperantoarekin, ez duelako berea inposatzen eta beste hizkuntzak babesten dituelako. Esperantoa ez da inorena eta denona da.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak