ATZEKOZ AURRERA. Mariasun Ortiz de Urbina. Arabako Medicus Mundiko presidentea

«Gizartearekin dugun ardura bideratzeko era bat da Medicus Mundi»

Arabako Medicus Mundik 50 urte bete ditu. Azken urteurrena izatea nahiko lukete elkarteko kideek, horrek esan nahi bailuke herrialdeek ziurtatuak dituztela garatzeko bideak.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Deskolonizazioaren garaian eratu zen Medicus Mundi, herrialde sortu berrietan osasun sistema unibertsala bermatzeko. Araban bidelagun ugari topatu ditu proiektuak, eta dagoeneko 50 urte daramatzate lanean. Gobernuz kanpoko erakunde horren Arabako federaziokopresidentea da Mariasun Ortiz de Urbina (Gasteiz, 1961).

Medicus Mundi nola dago osasunez?

Lanean gabiltza, oso aktibo eta gogotsu. Beraz, osasuntsu gaude. Guk ez dugu zuzenean gaixoekin lan egiten, baizik eta tokian tokiko erakundeekin elkarlanean aritzen gara: prebentzio lanak egiten ditugu, azpiegiturak eta lan sistemak hobetu, irakatsi... Gehienbat, Ruandako, Ekuadorko, Peruko, Indiako eta abarretako elkarteekin egiten dugu lan, baina hemen ere saiatzen gara gizartea eraldatzen.

Nola egiten duzue lan?

Afrikako eta Hego Amerikako elkarteekin kooperatzen dugu nagusiki. Gu ez gara hara joaten; haiek dira hango errealitatea ezagutzen dutenak. Horregatik, haiek antolatzen dituzte estrategiak eta proiektuak, eta guk hemendik ekonomikoki, logistika arloan edo zubi lanetan laguntzen diegu.

Eta zuei nork laguntzen dizue?

Gizarte oinarri handia dugu; 450 bat bazkide gara, eta bakoitzak ahal duena ematen du. Donazioak ere izaten ditugu. Eta, horrez gain, erakundeen laguntza ere badugu: aurrekontuetan, elkarlanerako diru sailak izaten dira, eta horiek jasotzeko lehiaketetara gure proiektuak aurkezten ditugu.

Bazkideen artean denak zarete medikuak?

Ezta gutxiago ere. Ni erizaina naiz, eta zuzendaritzan arkitekto bat dago, edo kultur teknikari bat. Osasun alorreko kide asko gara erakundean: medikuak, erizainak, botikariak... baina bestelako sektoreetan lan egiten duten kide gehiago daude. Adinari dagokionez ere, denetarik dugu.

Beraz, edonor izan daiteke Medicus Mundiko kide.

Guztion laguntza da eskertzekoa, eta zeregina egongo da. Adibidez, boluntario gehienek bidezko merkataritzarekin laguntzen digute. Arabako federazioaren proiektu nagusietako bat da. Beste merkatu mota bat aldarrikatzen dugu, ekoizlea izan dadin onuraduna. Proiektu horren bidez, kontsumo ohiturak aldatu nahi ditugu.

Aberasgarria da Medicus Mundiko kide izatea?

Niretzat, behintzat, gizartearekin dugun ardura bideratzeko era da. Gertukoekin eta urrunekoekin. Inork ez du aukeratzen non eta zer egoeratan jaio, eta denon ardura da guztiok ahalik eta ongien bizitzea. Eta esan beharra dut presidente izateak baino gehiago betetzen nauela eguneroko lanak, beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen didalako.

Barnetik nola aldatzen zaitu?

Jendeak urte luzez eusten dio konpromisoari, bete egiten zaituelako eta ikusten duzulako ekarpena egin dezakezula. Beste era bateko bizitza bat bagenu zalantzan jarriko ez genituen jarrerak ezbaian jartzera eramaten gaitu, ikuspegi orokorrago bat eskainiz. Hori da mundu hobe eta justuago bat lortzeko bidea.

GKE guztien helburua desagertzea da, laguntza gehiagorik behar ez den seinale delako. Posible da hori, ala utopia bat da? Medicus Mundi desagertuko da?

Ea 75. urteurrena ospatu beharrik ez dugun. Ea posible den Medicus Mundi desagertzea, zeren edozein herrialdek garatzeko bideak ziurtatuak dituelako izango baita hori. Baina hori utopia bat da, beti egongo baita borrokatzea merezi duen injustizia bat. Hori da gure motorra, gure bokazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.