ATZEKOZ AURRERA. Oihan Indart. Dantzaria

«Euskal dantzak musikaren kontzientzia bat ekartzen du»

'Soy fauna' dantza Madrilgo 'Me, Myself & I' lehiaketako finalera eraman berri du Indartek. Euskal dantzekin hasi zen, eta, gaur egun, lanbide du dantza. Ikasteko eta bidaiatzeko gosez dago.
ISABELLE MIQUELESTORENA / BERRIA

Nora Arbelbide Lete

2017ko abenduak 7
Ez du lehen saria irabazi Madrilen, baina beste gisa batez anitz irabazi du. Anitz ikasi eta kontaktu berriak eginik, horrelako esperientziak emendatu nahian dago orain Oihan Indart (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1995). Me, Myself & I izena du lehengo asteburuan jokatutako Madrilgo Certamengo bakarkako dantza lehiaketak. Senpereko Elirale konpainian (Lapurdi) lantzen ari diren Soy fauna bakarkako lana du aurkeztu han. Konpainiaren Artha sorkuntza berriaren barruan sartzen den dantza da. Oraindik sorkuntza prozesuaren hastapenetan diren lanei da interesatzen saria.

Bururatua ez den lan batean lehiatzea, berezia abiapuntua?

Prozesu bat ikusi, lagundu eta sostengatzea du helburu lehiaketak. Biziki aberasgarria izan da, bai soloarentzat, bai nihaurentzat ere. Saio bakoitzetik landa, publikoarekin eta koreografoekin biribilean jarri eta eztabaidatu baitugu solo bakoitza. Besteen inpresio eta galderak izateko parada ukan dugu. Horrek anitz laguntzen zaitu zehazten nora bidera dezakezun zure lana.

Horregatik izan da aberasgarri, nahiz eta lehen saria ez irabazi?

Bai, antolatzaileen helburua da hori. Lehen aukeraketatik nabari da truke memento horietan biziki zorrotzak direla. Nik ezagutzen ez nuen gogoeta maila bat aurkitu dut. Biziki giro onean eta funts on batekin ari direla sendi da. Kritika eraikitzaileak izan dira.

Elirale Senpereko konpainia izaki, Senperetik Madrili begira izatea ez da baitezpada ohikoa.

Pantxikaren [Telleria, Eliraleko koreografo zuzendaria] bidez ukan dugu hitzorduaren berri. Garaia ere egokia zen, jakinez Artha ikusgarria garatzen ari garela. Madrilera joatea aukera bat ere bada, bai Pantxikarentzat, baita niretzat ere; gure lana konparatzeko Espainia mailako beste koreografoekin, beste lanekin. Tenperatura hartzeko manera egokia iruditu zaigu.

Tenperatura hartu duzue?

Ni deskubritzen ari naiz dantza mundua. Pantxika aspalditik ari da. Baina biek tenperatura goxoa sentitu dugu. Ez gara kanpo sentitu. Ez genuen espero finalera iristea, piezaren koloreagatik, beti baitira modak.

Eta zuek ez zarete modan?

Dantza-antzerki edo performanceak ziren gehienak, edo bestenaz, dantza garaikidea. Pantxikaren lanean, neoklasiko kutsu bat bada, ez duguna nabaritu besteetan.

Euskal dantzatik badu zuen sorkuntzak?

Pantxikak dioenez, eta hori ere sentitzen dut nik, Artha-n eramandako denboraren tratamendua hartzen du euskal dantzetatik. Mutxikoen sistematik hartzen du. Aitzineko proiektuek —Xihiko edo 01.01— duten denbora tratamendua entseatzen da aplikatzen manera garaikide batean. Denboraren tratamendua irregularra da, atzematen dena mutxikoetan eta erabiltzen duena Artha-n.

Zu, zeu, euskal dantzak zertan laguntzen zaitu?

Indar handi bat ekarri dit fisikoki, zangoetan. Zuberotar edo gipuzkoarrek, euskal dantzek oro har, badute zorroztasun handi bat. Segitu izan ditudan dantza klasikoko tailerretan galdegin izan didate ea deia dantza klasikorik egina ote nuen. Eta, bestalde, musikaltasun aldetik, euskal dantzek badituzte anitz erritmo. Euskal dantzak ekartzen du musikaren kontzientzia bat, eta erritmoen usaia bat.

Eta, orain, zein dira zure asmoak?

Lehen aldia da ene eskuetan dudana ene geroaren erabakia. Anbizio zehatzik gabe gogoa dut ezker eta eskuin elikatzera joateko: ikastaroak eta dantza entseguak pasatuz. Inportantea da zure dantza sarea sortzea. Gogoa nuke dantza garaikidea biziki bizi den tokietara joatea: Alemaniara, Herbehereetara eta Belgikara. Israelen ere biziki indartsu da dantza garaikidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna