ATZEKOZ AURRERA. Xila Pihlstrom eta Mika Marenk. Suomitar elkarteko kideak

«Hemen, hizkuntza ez-indoeuroparrarekiko interes handia dago»

Sorreratik, Suomitar elkartearen lehentasuna euskara-suomiera hiztegia egitea izan da, 2012an lortu zuten arte. Aise moldatzen dira bietan Pihlstrom eta Marenk finlandiarrak. Ospakizunetan dabiltza.
Mika Marenk eta Xila Pihlstrom Suomitar elkarteko kideak, Donostiako Tabakaleran.
Mika Marenk eta Xila Pihlstrom Suomitar elkarteko kideak, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maite Alustiza -

2017ko abenduak 12
Xila Pihlstromek (Helsinki, 1962) 24 urte daramatza Euskal Herrian; Mika Marenkek (Tampere, Finlandia, 1972), berriz, hamazazpi. Euskal Herria eta Finlandia batzen dituen Suomitar elkarteko lehendakaria eta idazkaria dira, hurrenez hurren. Buru-belarri dabiltza Finlandiaren independentziaren ehungarren urteurreneko ekitaldiekin.

Abenduaren 6an bete ziren ehun urte Finlandiaren independentziatik. Garrantzitsua da zuentzat?

MIKA MARENK: Pentsatzen duzu nazio batentzat ehun urte ez dela hainbeste, baina begiratzen baduzu Europa, ehun urte demokrazian eta errepublikan asko da. Elkarrekin leloarekin, Finlandian enfasia jarri dute immigrazioan eta beste nazionalitateetan. Ez da nazionalismo itxi bat, baizik eta mezu ireki bat.

Ospatzen duzue?

XILA PIHLSTROM: Abenduaren 6an, konkretuki, bazkari bat egin genuen, Tabakaleran. 60 pertsona bildu ginen, finlandiarrak, lagunak eta Finlandiarekin lotura dutenak.

M.M.: Normalean, hemen ez dugu independentzia eguna ospatu, baina ehun urtekoa berezia da.

2000tik daukazue martxan Suomitar elkartea. Nola sortu zen Euskal Herria-Finlandia harremana?

X.P.: Elkar ezagutzen genuen hemen finlandiar batzuek. Arroabean, Zumaiatik [Gipuzkoa] sei kilometrora, bikote bat bizi da: Mia finlandiarra eta Joseba hemengoa. Euren etxean hasi ginen pikkujoulu ospatzen, Gabon txikia. Finlandian egiten da eskoletan, enpresetan eta lagun artean, Gabonak baino lehen. Hortik sortu zen hiztegi bat egiteko grina, eta, horretarako, beharrezko ikusten genuen elkarte bat sortzea.

M.M.: Urte askotako prozesua izan da. 2012an atera genuen hiztegia, eta duela bi urte, bigarren bertsioa.

Ez zenuten zubi hizkuntzarik nahi, eta 9.000 sarrerarekin osatu duzue euskara-suomiera hiztegia.

M.M.: Hasieran, oso harrituta geratu ginen, arrakasta handia izan zen. Hemen, Finlandiako hizkuntzarekiko eta beste hizkuntza ez-indoeuroparrekiko interes handia dago.

X.P.: Orain, moteldu egin da salmenta, baina ideia ez da etengabe saltzea, baizik eta existitzea. Existitzen da, eta hori da inportantea.

Antzekotasunik badago suomieraren eta euskararen artean?

X.P.: Gramatikoki, antzekotasun pixka bat badute. Finlandierak, euskarak bezala, ez du preposiziorik, eta hitzak asko luzatzen dira.

M.M.: Ez daukate generorik, hori da beste antzekotasun bat.

X.P.: Hitz batzuk badaude berdin idazten direnak, baina esanahi ezberdinekoak: adibidez, katu; finlandieraz, kale da.

M.M.: Edo talo. Finlandian etxea da.

Izaeran ere antzekotasunak daudela aipatu izan da. Hala da?

X.P.: Hemen egon eta pare bat hilabetera, lagun batek galdetu zidan ea zer irudi nuen euskaldunez. Esan nion: «Ni finlandiarra naizenez eta nahiko itxiak garenez, iruditzen zaizkit euskaldunak oso beroak, hartu nauzue besoak zabalduta...». Barrez geratu zen, harrituta, esanez: «Guk geure buruaz pentsatzen dugu oso itxiak garela».

Finlandiar asko bizi da inguruan?

M.M.: Gero eta gehiago. Adibidez, Mondragon Unibertsitateko Leinn proiektuan, finlandiar asko dago.

X.P.: Batez ere, lanera datoz, eta Erasmusera. Noski, ez dugu kontaktu hona etortzen diren finlandiar guztiekin. Elkartea Gipuzkoan sortu zenez, aktiboagoa da hemen. Bilbon badaude finlandiarrak; Araban eta Iparraldean ere badaude, baina gu, gehiengo bat, hemen gaude.

Maiz elkartzen zarete?

X.P.: Elkartean, hilabetean behin antolatzen dugu suomi ilta, finlandiar arratsaldea, Kaxilda liburu dendan. Hor elkartzen gara finlandieraz hitz egiteko, mahai jokoak egiteko...

M.M.: Hemen ere badago jendea finlandiera ikasten; haiei aukera ematen diegu mintzamena egiteko.

Erraza egin zitzaizuen euskara?

X.P.: Nik euskaltegietan eta barnetegietan ikasi dut. Egon nintzen barnetegian, Lesakan [Nafarroa], eta gero Ondarroan [Bizkaia], lau hilabetez. Hura bai izan zen traila. Oso oroitzapen onak ditut Ondarroatik.

M.M.: Nik gaztelera eta biak ia batera ikasi nituen. Barnetegi batera ere joan nintzen.

X.P.: Batzuetan, zaila izan da. Barnetegi batera joan eta itzultzean, lagunek ohitura dutenez erdaraz egiteko, nik euskaraz egin, eta eurek erdaraz erantzun. Baina, egun, lagun guztiekin euskaraz egiten dut.

Ehungarren urteurreneko ekintzak prestatzen zabiltzate. Zer eta nola ezagutu ahalko da Finlandia?

X.P.: Erakusketa bat antolatu dugu Donostiako Loiolako kultur etxean, urtarrilaren 29ra arte. Ostiralean inauguratuko dugu. Atarian, Finlandiari buruzko panelak jarri ditugu, pantaila bat ere badago, irudiekin; eta aretoan, Finlandiako argazkiekin erakusketa bat, Xabier Belokik eta Pilar Palaciosek eginak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maite Alustiza

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna