ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Goikoetxea. Kazetaria

«Herriak bisitatzeko gogoa piztu nahi dugu»

'LapurdiAround' proiektua aurkeztu dutenetako bat da Goikoetxea; Lapurdiko 41 herriak jauzien bidez lotu dituzte, hiru minutuko bideo batean (elkarrizketaren amaieran, ikusgai). Zortzi hilabeteko lanaren emaitza da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko urtarrilak 16

Lapurdiko mapa hartu, eta zein txokotan grabatuko zuten pentsatzen hasi ziren lau lagun, tartean Iñaki Goikoetxea irundarra (Gipuzkoa, 1986). Dancing in the Basque Country eta GipuzkoaAround lanen ondotik, LapurdiAround etorri da. Dagoeneko zortzi mila ikustalditik gora ditu bideoak.

Hirugarren proiektua duzue hau. Gustura emaitzarekin?

Nik uste dut emaitza polita atera dela. Hiru minutuko bideo bat da, eta uste dut helburua lortzen dugula: Lapurdiko herri guztiak erakusten ditugu, eta uste dut ondo geratu dela. Batez ere, Bitamine faktoriak lagundu zigulako animatu ginen hirugarren proiektu honekin. Gure proiektua bertan aurkeztu, eta aukeratu egin gintuzten.

Lapurdi izatea, beraz, kasualitatea izan da?

Mugaz gaindiko proiektu hau sortu zen, eta pentsatu genuen Lapurdi aukera ona zela, etxetik hurbil dugulako eta laguntza genuelako.

Esan izan duzu zuen proiektuek Euskal Herria saretzen lagun dezaketela.

Munduko beste puntara joaten gara, eta ez dugu hemengoa ezagutzen. Esaterako, Irungoak garenok Zokoa hemen bertan dugu, eta ez dugu ezagutu ere egiten. Kostaldeko herriak agian ezagutzen ditugu, baina barnealdekoak ez ditugu entzun ere egin bizitza osoan. Guretzat ere erronka polita izan da herri horiek aurkitzea eta ezagutzea. Bideoaren bidez, herriak bisitatzeko gogoa piztu nahi dugu.

Zer alde ditu beste lanekin?

Beste bi proiektuetan, guk sortu dugu bideoetan agertzen dena; adibidez, lehenengoa dantza sinple bat zen, eta bigarrengoa istorio moduko bat zen. Baina, oraingoan, Lapurdiko Patxi eta konpainia taldearen Bidartarrak jauzien kantua aprobetxatu dugu, eta musika horrek markatu du gure gidoia.

Dantzari finak bilakatuko zineten dagoeneko, ezta?

Badakit ez naizela oso dantzari ona… baina moldatzen naiz! Hasierako helburua zen bideoan jende gehiagok parte hartzea, eta pausoak irakastea, ez bazekizkiten; baina zaila da dantzaria ez den bati irakastea, eta hor konturatu ginen zaila izango zela jende askok parte hartzea. Hala ere, batzuei erakutsi diegu, eta dantza mundura hurbildu ditugu. Herri guztietan jendeak parte hartzea nahi genuen, baina zaila izan zen, guk ere ez genuelako horri eskaintzeko denbora nahikorik.

Herrietan kuriositatea piztuko zenuten.

Herri txiki batera iristen ginenean, kamerarekin, tripodearekin eta traste guztiekin, jendea galdetzera etortzen zen. Kostaldean dronearekin grabatu genuenean uda zen, eta jende asko zegoen; han ere etorri zitzaigun jendea. Polita izan da jendearekin interakzio hori izatea. Txokoak bilatzeko ere izan genuen interakzio hori; zubi baten edo dena delakoaren argazki batekin joaten ginen, eta jendeak toki horietara eramaten gintuen.

Horrelako lan batean inprobisazioak badu tokirik, edo dena oso neurtua izaten da?

Batzuetan, nahiz eta dena oso prestatuta eraman, gauza batzuk espontaneoki sortzen dira gero, eta polita da hori. Plana egina dugu, baina beti irekita gaude. Gauza batzuk hasieratik genituen argi: adibidez, trinket batean grabatu behar genuela. Basusarrira iritsi ginen, eta bertako trinketa grabatzeko asmorik ez bagenuen ere, baimena eskatu, eta hor grabatu genuen.

Euskal Herriko beste lurraldeetan ere dantza egiteko asmorik ba al duzue?

Proiektu hori denborarekin hartu behar da, baina zergatik ez. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Araba egingarriak dira, herrien kopuruari dagokionez; Bizkaiak 100 udalerritik gora ditu, eta Nafarroak, zer esanik ez; izugarria da! Azken bi horiek ez dakit nola egingo genituzkeen.

Horrelako proiektu eroak egiteko tarteka elkartzen gara, gure denbora librean. Bizitzan egiten diren erokeria politak dira, eta errutinatik ateratzen laguntzen gaituzte. Polita da noizbehinka horrelako abenturetan sartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna