ATZEKOZ AURRERA. Roman Berriozabal. Politikaria, ikertzailea eta idazlea

«Jendeak barrua hustu beharra dauka»

EAJko alderdikideek 1936ko gerran pairatua jaso du Berriozabalek liburu batean. Historia liburuez harago zer ezagutu badagoela dio, ordea, eta testigantzak jaso behar direla «berandu baino lehen».

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Roman Berriozabalek (Elorrio, Bizkaia, 1957) argitaratu berri duen liburuan —Historia de EAJ-PNV en Alava durante la Guerra Civil (EAJren historia Araban 1936ko gerran)— jasotako «dena edo ia dena» ez da berria, aurrez ere aztertu eta idatzi izan baita horren inguruan. Badu, ordea, berezitasunik: Jose Luis Abaituaren azken egunek osatzen dute kontakizunaren haria. Alderdiak zein alderdikideek pairatutakoaren berri ematen badu ere, egileak azpimarratu du beste askok jasan zutena erakusteko ere balio duela: «Errepresioa guztientzat zen berdina».

Nor zen Jose Luis Abaitua?

Posta kaleko erloju saltzaile bat zen, hiru seme-alabaren aita eta alarguna. Ez zuen militantzia nabarmenik, baina 1933an afiliatu zen EAJn, eta berehala hartu zituen ardura batzuk alderdian. 1936an, ordurako entzuna zeukaten Afrikan militarrak matxinatuta zeudela, edota asmo horrekin zebiltzala; hor hasten da istorioa. EBBko kide zela,Donostiatik Gasteizera itzuli baitzen uztailaren 18an, eta nola aurre egin pentsatzeko estrategiak lantzen hasi zen, beste askok egin moduan.

Ez da biografia bat, ordea.

Jose Luisen bizi taupadak dira historiaren haria; hark ikusi eta jasan zuenaren arrastoan egindako kontakizuna da, baina ez da biografia bat. Hori zen hasierako asmoa, baina ingurumariak aberasten hasi nintzen, eta gainditu egin nuen asmo hori; alderdiaren ikuspegi orokorra azaldu dut.

Arabako EAJren historia aztertu duzu zeharka, hain zuzen. Ezberdina izan zen, beste lurraldeekin alderatuta?

Alderdi guztietan gertatu zen antzera. Araba osorik hartzea ere asko da, beharbada; izan ere, Arabako zatirik handiena matxinatuen esku geratu zen. Jarrera lekuan lekukoa izan zen, beraz. Nolanahi ere, Araba batailoia eratu zuten Araban, alderdiak berak sustatuta; lehendakariaren esanetan jardun zuen, eta frontez-fronte aritu zen. Nolanahi ere, kontua ez da alderdiak zer, baizik eta alderdikideek zer.

Zergatik?

Alderdikideen artean jarrera ezberdinak izan zirelako: askok eutsi egin zioten haien izateko moduari, eta horren ondorioz etorri zitzaien etorri zitzaiena; beste batzuek, ostera, ez arrain, ez okela. Izan zen lerroz aldatu zenik ere.

Horien berri jaso duzu liburuan?

Eskutitz asko argitaratzen ziren egunkarietan, eta horiek ere jaso ditut, bai; ez ditut ezkutatu. Alderdi guztietan gertatu ziren halakoak.

Eraginik izan zuen alderdian?

Ez. Kontuan izan behar da gerra betean sartuta zeudela: Bizkaian apenas zekiten Araban zer ari zen gertatzen, eta alderantziz. Errepresioak ez zuen horretarako bide eman.

Araban hildako gutxiago izan ziren gainerako lurraldeetan baino; errepresio bortitza izan zen, ordea. Horren adibide dira jarritako zigor ekonomikoak?

Gerrari eusteko dirua behar zen, eta zigorrak ohikoak ziren; Araban hala izan zen. Zuenari kentzea zen errazena. Garai hartan, gutxienez lau bat milioi pezeta [24.040 euro] bildu zituzten Gasteizen. Dena den, 200 eraildako izan ziren Araban, zenbakiak gorabehera.

Abaitua 1937ko apirilaren 1ean erail zuten, Azazetako mendatean. Harekin batera hil zituzten pentsamolde ezberdineko beste 15 lagun ere. Mugarri izan ziren hilketa haiek?

Hilketen ostean, Gasteizko eskuin zibilizatua —garai hartan hura ere bazegoen eta— bere buruari galdezka hasi zen. Azazetan hamasei lagun erail zituzten, baina horietatik gutxienez bik izen ona zuten herrian: Teodoro Gonzalez de Zarate orduko Gasteizko alkatea eta Jose Luis Abaitua. Gertakari hura inflexio puntu bilakatu zen, bai.

Uste duzu istorio pertsonal horrek kontakizun kolektibo bat sortzeko balio duela?

Bai eta ez. Mugitzen ez bagara, laster berandu izango da, baldin eta jaso gabe dauden testigantzak batzen ez baditugu; oraindik baduguzer ezagutu. Oinazea astindu ezinik dabiltzan hamaika familia daude, abertzaleak eta ez-abertzaleak. Entzun egin behar da esan gabe dagoen hori, eta jaso: jendeak barrua hustu beharra dauka.

Memoria egiteko dagoela, alegia.

Antzekoak izan arren, istorio bakoitzak bere ñabardurak izango ditu, baina oihanak ezin du zuhaitza estali. Badakigu zer gertatu zen, hein handi batean, baina gertakari horien atzean pertsonak daude: kontuan hartu behar dira.

Hain zuzen, «familia artxibo» ugari zabaldu gabe daudela ohartarazi izan duzu.

Familia artxiboak deitzea asko esatea da beharbada, baina etxe askotan geratzen dira oraindik argitaratu ez diren dokumentuak: kartzelatik bidalitako gutunak, argazkiak... Halako asko aurkitu ditut nire lanerako, beste askok ere helarazi dizkidate, eta estimatzen diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.