ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Iriondo, 'Gatom'. Rap abeslaria

«Gazteleraz ari diren rap kantariak baztertuta sentitzen dira orain»

Euskarazko rapak ez du goia jo oraindik, baina 'Gatom'-ek goranzko bidean sumatzen du egungo egoera. Eszena bat sortzen ari dela dio, eta elkarren arteko harremanak estutzen ari direla apurka.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Loraldia jaialdiaren barruan, Bilbronx ekitaldia egingo da larunbatean, Bilborock aretoan. Kaleko kulturaren hainbat diziplinari leku emango dio ikuskizunak, eta, tartean, break dantzariak, Euskal Herriko III. Beatbox txapelketa eta kontzertuak egongo dira. Iñigo Iriondo Gatom rap abeslariak emanaldia egingo du, eta argitaratu berri duen diskoa aurkeztuko du taula gainean: Binomio.

Bilbronxen barruan ariko zara larunbatean. Bilbo Bronx da? Badago gaia?

Bai, Euskal Herrian gero eta mugimendu handiagoa dago hip hoparen inguruan, eta nik uste dut badagoela eszena bat eremu horretan.

Beti esan izan da eszena sortzen ari zela. Badago?

Uste dut sortzen ari dela oraindik, ez da gorenera iritsi, baina eszena polita dago. Euskal Herrian egongo dira 30 bat rap abeslari euskaraz ari direnak.

Zer falta da eztanda horretarako?

Egia da berandu iritsi dela kontu hau, nahiz eta Selektah Kolektiboa eta beste talde batzuk ibili ziren 2000. urte inguruan lehen pausoak ematen. Baina orain beste era batera hasi gara; sare gehiago sortzen ari direla esango nuke. Lehen, oso zaila zen elkarrekin harremanetan jartzea, eta, orain, sare sozialek hori erraztu dute.

Sare sozialek lagundu dute orduan?

Nire ustez, bai. Baina gazteek ere interes hori badute hip hoparekin. Hemen beti rock erradikala egon da sartuta. Belaunaldi kontua izango da, baina aldaketa hori ikusten da.

Herriko jaietako txosnetan musika ere aldatzen ari da, adibidez.

Bai, betiko eztabaida da, reggaetona txosnetan jarri edo ez. Baina bai, pertzepzioa aldatuz doa apurka.

Pertzepzio aldaketa horretan, Miñen puntiegaz abestia egin zenuten Bermeoko gazteek euskaraz egin zezaten. Herrian bertan eragina izan zuen?

Gazteek erantzun zuten, bai, eta nahi zena lortu zen: euskararen aldeko abesti baten parte bihurtzea herriko jendea.

Lortu al da jendea animatu eta musturrek bermeotarrez jatea?

Askok hartu dute mezu hori, eta gazteengana heldu da. Hala ere, nire kasuan, rap kontzertuetan jende nagusiak gehiago ulertzen nau gazteek baino. Nik uste dut euskararen kontua asko aldatzen ari dela. Hip hopa gazteleraz egiten badugu, jendeak normal ikusten du, baina, euskaraz eginez gero, batzuentzat ez da hain erakargarria.

Egin zenuten abesti horren beharra bazegoen?

Bai, Bermeon gazteek gero eta gutxiago egiten baitute euskaraz. Hori aldatzeko egin genuen.

Azken boladan badago kontzientzia bat Bermeon euskararen inguruan. Duela gutxi, Ondarroara joan ziren gazteak festa euskaraz egin daitekeela ikustera. Kontzientzia zabaltze hori hedatzen ari da herrian?

Euskararen erabilera zelan aldatu ikusteko batu dira jaietako eta gazte asanbladak, eta, joera hori aldatzeko, batzar bat egin genuen Ondarroako gazteekin. Ondo atera zen kontu hori, eta lortu da gazteek ikustea zein behar dagoen.

Zuk ere aldaketa hori egin duzu zure ibilbidean, ala? Hasieran ez zenuen euskaraz kantatzen...

Niri ere gauza bera pasatu zait, bai. Hasi nintzenean, rapa erdaraz entzuten nuen, eta euskarazko talde bat edo bi zeuden. Zelan egin euskaraz hasten zinen pentsatzen, baina, beti erdaraz entzun duzunez, horrela hasten zara. Baina gero konturatu nintzen askoz hobeto adierazten nuela euskaraz.

Naturaltasunaren bila?

Bai. Gainera, erdaraz hasten naizenean, baldar aritzen naiz. Pentsa orduan rapean. Ez daukazu erraztasun bera bermeotarrez eta gazteleraz.

Eta inprobisatzeko garaian ere okerrago, ala?

Bai, pentsa! 2015. urtetik aurrera aldaketa bat sumatu dut, eta jendearengana errazago iristen gara euskaraz kantatzen dugunean.

Zer esan nahi duzu, euskaraz rap gehiago egin denean iritsi dela jende gehiagorengana?

Nire ustez, hala da, bai. Gazteleraz ari den rap abeslaria baztertuta sentitzen da orain, euskal rap eszena bat sortzen ari delako. Orain arte, beti egon gara gu besteen atzetik.

Larunbatean disko berria aurkeztuko duzu Bilborocken. Binomio izena zergatik?

Gizartean azaltzen den gizon/emakume, jaungoiko/deabru binomio hori adierazteko. Kostako vibes aurreko lana oso alaia zen, eta hau ilunagoa atera da. Hor ere binomio bat atera dela esan daiteke.

Estiloa aldatu duzu lan berrian?

Reggae munduan sartu gara orain. Orain, nahasten hasi gara apur bat. Rap erritmoak lehen ez ziren geldoak, eta orain hor sartu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.