ATZEKOZ AURRERA. Teo Valls. 'De Berta a Teo' dokumentaleko protagonista

«Orain lasai joaten naiz aldageletara»

Duela lau urte, bere trantsizio prozesua grabatu zuen; orain, uste du dokumental horrek ikusgaitasuna eman diola transexualitateari. Ikusezinen eremuan dago, baina dena erakutsi du.
IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Tubia -

2018ko martxoak 23
Duela lau urte, gestalt terapeuta ikasketak bukatzeko, Teo Vallsek (Bartzelona, 1985) bere trantsizioa grabatzea erabaki zuen. Baina ez zen horretan gelditu, Irene Navascuesek lana dokumental bihurtu baitzuen: De Berta a Teo (Bertatik Teora). Hortik lortutako diruarekin egin zuen Vallsek bularrak kentzeko operazioa. Miran foroak Iruñera gonbidatu du filma aurkeztera.

Gidoirik gabe grabatu zenuten?

Dena lehenbizikoan grabatu zen, eta agertzen garen guztion zatia oso benetakoa eta jatorra da; beraz, ez da politikoki zuzena, emozionalki gizatiarra baizik. Nire ustez, horregatik ukitzen du jendea hainbeste.

Zer esan nahi du ingurukoak zure trantsizio prozesuari buruz solasean jartzeak?

Oso polita izan zen. Maitasun keinua da jendeak hainbeste sakontasun eta intimitate oparitzea, eta ikusi nuen lotura oso handia genuela, gertatutakoaz mintza gintezkeelako, beldurrez, ziurgabetasunez... Oso ezberdin bizi izan genuen.

Ezkutuan dagoen errealitate bat agertzeko balio dezake?

Dudarik gabe, laguntzen du, zenbat eta gehiago ikusi orduan eta gehiago onartzen baita, eta, horrela, errazago egiten dira trantsizio prozesuak, transentzat eta ingurukoentzat. Arrisku handia hartzen duzu biluzten zarenean, baina jarrera adoretsua da, era berean.

Nola bizi izan zenuen trantsizioa kameretatik kanpo?

Teo oso deliberatuta eta ahaldunduta ateratzen da dokumentalean, ilusioz gainezka. Uste dut hortik bizi izan dudala trantsizioa, barne bulkadatik. Neure burua zalantzan jarri dut; nire maskulinitatea hautatu dut, eta nire trantsizioaren protagonista izan naiz. Hori egia da, baina kontraesan eta frustrazio handiak izan ditut. Bidea beti ez da erraza izan, ingurukoek bete-betean babestu nauten arren.

Zein ziren zailtasunak?

Aldagelak, dokumentazioa, hormonak hartzeko zain egotea... Bestalde, identitate politiko bat utzi dut, lesbianarena, eta hori jende eta militantzia galera bat izan da. Maskulinitatea hautatzea ere bidaia bat da: jendeak gizon gisa tratatzea, eta horrek dakarrena. Kontent nago, baina kontraesanak ere izan ditut.

Zaila da ebakuntza gela batean sartzeko erabakia?

Bai, baina nire beldurra ez zen zer gertatuko ote zen; gehiago zen ez zegoela atzera egiterik.

Lau urteren ondoren, prozesu hura ezberdin ikusten duzu?

Orain dela lau urte, behar handia nuen trans gisa agertu eta hori aldarrikatzeko; orain, ez dit hainbesteko minik ematen noizbait femeninoan mintzo bazaizkit. Noski, nire identitatea indartsua da, ez da erraz kolokan jartzen. Ez dut beharrik trans naizela esateko; ezkutatu ere ez dut egiten, eta oso indartsua da ateratzen denean. Ebakuntzaren aurretik, aldagelak tentsiogune ziren; orain, kamiseta ez ezik galtzak ere kentzen ditut, eta dutxa hartu. Hori sekulako konkista izan da. Orain lasai joaten naiz aldageletara.

Transfobia bizi-bizirik dago; berriki Ekaik bere buruaz beste egin du. Zertan egin behar da lan?

Han edo hemen aurkitzen dudan transfobia ezjakintasun hutsa da. Egin daitekeena da ikusgai egin, ikusgai egin eta ikusgai egin. Bide hau hartzen duenak jakin behar du ez diola inori kalterik egiten, eta jendeak ez badu ulertzen, ez badu onartzen edo ez badio laguntzen, ez da zerbait pertsonala. Kontua da haiei gertatzen zaien zerbaiten ispilua zarela. Trans aferak gauza asko mugitzen ditu: generoa, sexualitatea... Horregatik sortzen ditu erantzun horiek: zure baitako zerbait zalantzan jartzen duelako.

Nola zabaldu genero binomioa?

Ez dakit. Generoarena da existitzen den harraparirik handiena. Askotan passing egin behar duzu lasai egoteko, baina kostu handia du, ezkutuan geratzen zarelako. Etsairik handiena da zure tokirik seguruena. Sinetsita nago jende trans gutxiago legokeela generoak ez balira hain zurrunak eta atzerakoiak, eta ez balego maskulinoaren eta femeninoaren arteko botere desoreka handirik. Neure buruari galdetzen diot transexualitatea gizon izateko barne desiratik datorren, edo horretara sarbidea izatetik. Zis gizonek ez dakizue, baina sekulakoa da maskulinitatera igarotzea, bat-batean pribilegioak dituzulako.

Sexu laguntzaile gisa ere aritu zara. Nola hasi zinen?

Egunerokoan, laguntzailea da elbarri den pertsona horren eskuak eta oinak. Zer pasatzen da sexualitatearekin? Galdera horrekin sexu laguntzaile izateko erosotasuna lortu nuen. Oso argi geratzen zen ez nintzela ez maitale eta ez prostituta.

Zergatik da garrantzitsua hori guzia zehaztea?

Horrek mugak jartzea errazten zidan, eta, bestalde, hori da modurik estrategikoena hau eskubide bat izatea nahi badugu. Ni ez nago prostituzioaren kontra, baina hortik banatuta errazagoa da laguntza mota hau diruz laguntzeko eskatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna