ATZEKOZ AURRERA. Rafael Yuste. Neurobiologoa

«Euskara europar denok ikasi beharko genuke»

Columbia Unibertsitateko ikertzailea da, eta Obama presidente ohiaren zientzia egitasmo nagusiaren bultzatzailea: burmuinaren mapa egiten ari dira, geroan alzheimerra eta beste sendatzeko.
JON URBE / FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko martxoak 30
Rafael Yuste (Madril, 1963) Donostia International Physics Centerren egon da, neurobiologia eta fisikaren arteko harremanak azaltzen.

Zergatik ezagutzen dira hobeto partikula subatomikoak, burmuina baino, azkena askoz errazagoa bada ikusteko?

Fisika ehun urte aurrerago dagoelako. Neurozientzia, edo biologia oro har, oraindik hastapenetan dago. Gizakiak milaka urte daramatza bere gogoak, garunak, nola funtzionatzen duen ulertzen saiatzen. Baina arazo konplexua izan da. Fisikariek oso sistema sinpleak aztertzen dituzte normalean, eta zorroztasun handiz neur ditzakete. Biologian kontrakoa da: itxuraz sistema sinpleak dira, zelulez egina daudelako, baina, burmuinaren kasuan, zelula horiek oso modu konplexuan daude lotuta, antza. Santiago Ramon y Cajalek esan zuen garuneko konexioak sartu ezinezko oihanak direla, non ikertzaile asko galdu diren.

Horregatik ari zarete mapa bat egiten, ez galtzeko?

Gure ustez, Cajalen oihanean ez dugu begiratu behar neurona bakoitzak nola funtzionatzen duen, baizik eta denek nola funtzionatzen duten, multzo gisa.

300 laborategi ari dira munduan zure Brain egitasmoan. Ehunka milioi euro gastatzen ari da Washington urtero horretan. Nolatan inbertitzen ari dira halako dirutza? Normalean, erabilera militarra duten egitasmoek erakartzen dituzte halako inbertsioak.

AEBetako demokratek zein errepublikanoek maite dute egitasmoa, lagunduko duelakoan gaitz neurologikoak sendatzen. Kalkulatu dute populazioa zahartu ahala, dementzia duten gaixoak artatzeak herrialdea porrot egitera eraman dezakeela 20-30 urte barru, ez badugu sendatzeko bidea aurkitzen. Giza genomaren egitasmoaren arrakastak asko lagundu digu: 3.000 milioi dolar [ia 2.700 milioi euro] gastatu zituzten horretan —hau da, Brain egitasmoari emango dioten erdia—, eta ikusi dute industria oso bat sortu duela, eta dolar bakoitzeko, 124 eman dituela hamabost urtera.

Garunaren funtzioaren mapa lortuta, nola pasatuko zarete depresioa, autismoa edo eskizofrenia sendatzera?

Ez dago bermatuta mapa funtzionala izan eta hurrengo egunera gaitz horiek guztiak sendatu ahalko direnik. Halere, nire ustez, mapa beharrezkoa da horretarako. Arazo kliniko bat konpontzeko, normalean, sistemak nola funtzionatzen duen jakin behar da. Kardiologo batek bihotzekoa tratatu nahi du, eta oso ondo daki zer gertatzen zaion organoari. Buruko gaitzetan, ordea, ez dugu fisiopatologia ezagutzen, kasu batean ere ez. Autoa matxuratua dugu, alegia, baina ez dakigu motorrak nola funtzionatzen duen. Konpontzeko, lehenbizi, ulertu beharko dugu. Garunaren funtzioaren mapa eta manipulatzeko teknikak ditugunean, orduan ekin ahalko diogu sendatzeari.

Euskara ikasten jarraitzen duzu New Yorken?

Bai. Astean behin hiru orduz, Unai Telleria irakaslearekin. Oñatiko [Gipuzkoa] euskalkiz egiten du. Lauzpabost laguneko talde bat gara, eta hor ari gara nor-nori-nork eta halakoekin jo eta ke.

Lotuta dago euskararekin duzun zaletasuna burmuinaren kodea deszifratzeko egiten duzun lanarekin?

Euskara maite dudalako ikasten dut. Liluragarria iruditzen zait. Kontzeptuak erroaren bidez ulertzeko ahalmenak gardentasun mota bat ematen dizu mundua deskribatzerakoan, ukituko bazenu bezala. Kontzeptuak zehaztasun erabatekoz adierazteko euskarak duen zorroztasuna maite dut.

Euskarak mundua oso era zuzenean deskribatzen duela esan zenuen behin. Adibidez?

Ilargia argi hila izatea; emakumea, umea daukan emea; itsusi hitzak itsuarekin duen lotura, zerbait ikusi nahi ez duzunean... Euskaldunen izaera jatorrarekin lotuta dagoela uste dut: hizkuntzak errealitatean mantentzen zaitu. Hizkuntza latinoetan hitzen sustraiak galdu dira, hizkuntzok errealitatetik urrutiago zaituzte. Euskara Europa osoaren giza kultur katedral bat da. Europar guztiok ikasi beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edu Lartzanguren

Informazio osagarria