ATZEKOZ AURRERA. Audrey Chenu. Irakaslea eta idazlea

«Presondegian ikasi dut elkartasun kolektiboa»

Droga trafikatzeagatik bi urteko presondegi zigorrera kondenatu zuten. Orain, irakaslea da. Presondegian piztu kontzientzia lagun, egun espiritu kritikoa transmititzen dihardu.

AUDREY CHENU.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun

Emazte preso ohien lekukotasunik aurkitu ez izana izan zuen Girl Fight (Broché) liburuaren idazteko arrazoietako bat; beste arrazoia, idazkera «arma» bat dela ohartu izana. Presondegian bertan ikasketak hasirik, azken zazpi urteotan Paris ondoko Bobignyko eskola bateko irakasle da Audrey Chenu (Caen, Frantzia, 1981). Liburua oinarri, Baionan mintzatuko da larunbatean, 17:00etan, La Rue en Pente liburu dendan. Presondegien udaberria antolatu duen Genepi elkarteak du gonbidatu.

Zure istorioa hotzean begiratzen bada, iduri luke presondegiak funtzionatu duela zuretzat?

Ez. Urrundik ere ez. Preso nintzela, hain haserre nintzen, non usu zigor ziegan sartzen baininduten. Nire bizia arriskatzen nuen. Nik bizirik irauteko xantza ukan dut. Presondegian ezagutu ditudanei esker, literaturari esker, politikari esker. Baina presondegiaren helburua jendea suntsitzea da. Eta batzuk zangoak aitzinean dira ateratzen. Makinak lehertutik. Hemen ez da erredentziorik. Ez naiz adibide bat. Nik soilik erran nahi dudana da ez naizela damutzen. Legea urratu nuen, eta presondegira sartu ninduten. Bertan, jende batzuk ezagutu ditut, eta gauza zenbait ulertu ditut; besteak beste, euskal preso politiko batzuk ezagutu ditut. Kontua da esperientzia hau partekatu egin nahi dudala; hasteko, Frantzian, emazte gutxik ematen baitu bere lekukotasuna presondegien munduaz.

Zergatik dira hain guti, zure ustez?

Presondegitik ateratzen diren gizonek ohorea irabazten dute; emazteek, berriz, ahalkea eta erruduntasuna. Usu, gainera, ama dira, haurrak kanpoan utzirik. Iragana ahantzi nahi dute.

Zer ekarri dizute presondegian ezagutu euskal presoek?

Presondegia molde honetan ikusten zuten pixka bat: «Borroka bera da kanpoan ala barnean. Sistemaren aurkako borroka». Kontzientzia harrarazi didate. Presondegian ikasi dut borroka eta elkartasun kolektiboa. Kirola ere egiten zuten, eta korrika egiten irakatsi didate. Nire burua zaintzen irakatsi didate; partekatzen.

Esperientzia hori orain indar egin duzu?

Horretan saiatzen naiz. Anitz gogoetatu dut giltzapetzearen zentzuaz, eta ohartu naiz kanpoan ere anitz gauzek giltzapeturik atxikitzen gaituztela: ezjakintasunak eta ideologiak, esaterako. Horiek eragiten dute emazteak iraintzea, edo gazte batzuk jihada egitera joatea. Horiek hezkuntzaren bidez dira aldatuko.

Erran daiteke presondegian zarela feminista bilakatu?

Ateratzerakoan gehiago, orduan baitut ezagutu mugimendu feminista. Baina egia da: presondegian irakurri ditut gauza batzuk bide horretan jarri nautenak.

Zer ikusi duzu presondegian?

Emazte anitz ezagutu ditut gizon batengatik zirenak hor, konplize izan zirelakoan. Gizona droga trafikatzaile zenez, emaztea konplize da justiziarentzat. Eta baziren ere beren senarra hil zutenak, edo beren alabaren bortxatzailea hil zutenak. Horrelako kontuengatik ez lirateke preso sartu behar. Horrez gain, ohartu naiz emaztearen hitza anitzez gehiago askatzen dela mistoa ez den unibertso horretan.

Sistemaren aurka eta, aldi berean, sistemaren ordezkari ere bazara Frantziako Hezkuntzako irakasle gisa, ez? Nola moldatzen zara?

Auzo herrikoi bateko eskola publiko batean irakastea hautatu dut, hor baita behar gehien; hor naiz sentitzen beharrezkoen. Nik ditudan ikasleak gizartearen pariak dira. Eta irakaspen elitista borrokatzen dut. Usu entzuten da: «Bikaina litzateke haur bat edo bi salbatzea!». Nik ez dut hori nahi. Nik nahi dut haur bakoitzak bere lekua aurkitzea gizartean, baita artearen edo kirolaren bidez ere. Jakin dezaten bere burua adierazten, beren iritzia ematen; sistema kritikatzen. Paulo Freireren zapalduen pedagogian inspiratzen naiz. Haurrak duinak izan daitezen, ez umiliatuz.

Zure ibilbidea ikusirik, ezin zitekeen bestela.

Presondegira iritsi nintzenean «hemen heziko zaitugu» erran zidaten. Ikusi dudana da otzantze zozo eta gaizto bat. Moralizantea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.