ATZEKOZ AURRERA. Evelyn Flores. Kazetaria eta abokatua

«Emakumeok izan gara azkenaldian kalera atera garen bakarrak»

Errepresioari aurre eginez, lurraren eta emakumeen eskubideen aldeko defentsan oinarritu du bere bizia Floresek. Injustiziak eta matxismoa deuseztatzea du amets, eta lortuko dutela ziurtatu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Lanbidez kazetaria eta abokatua da, saskibaloi jokalari profesionala izan zen, eta giza eskubideen alde borrokan aritu da gaztetatik. Evelyn Floresek (Managua, 1966) egitasmoanitzetan parte hartu du: Abortuaren Despenalizazioaren Aldeko Taldean, Petateras emakume taldean, iraultza sandinistaren aldeko proiektuetan... Egun, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren alde lan egiten du. Hainbat herrialdetako emakumeekin batera Giza Eskubideen Defendatzaileen Erdialdeko Amerikako Ekinbidea sortu du, «defendatzaileak defendatzeko». Nafarroako Mugarik Gabe GKEak, IPESek eta OCSIk gonbidatuta, Iruñera etorri da.

Zergatik ikusi zenuten halako egitasmo baten beharra zegoela?

Erdialdeko Amerikan giza eskubideen alde lan egiten dugun emakumeoi babesa emateko sare bat da ekinbidea. 2010ean ikusi genuen ez zutela gure lana aintzat hartzen, eta geroz eta eraso gehiago pairatzen ari ginela. Horren ondorioz, hainbat taldetako emakumeak elkartu eta antolatu ginen. Gure helburua da tresnak bilatzea erasoak identifikatu eta babes mekanismoak aktibatu ahal izateko.

Zein da zuen funtzionamendua?

Guk geuk definitutako plan bat betetzen dugu: norbere zaintzaren eta segurtasunaren inguruko prestakuntza hartzen dugu, alertak zabaltzen ditugu defendatzaile baten bizitza babestu behar dugunean, txostenak sortzen ditugu... Gainera, harrera etxe bat dugu, Mexikon. Defendatzaile batek energiak berreskuratzeko beharra duenean, hara joan daiteke. Orain beste bat sortzen ari gara, Costa Rican, gutako batek bere jarduerarengatik bere herrialdetik ihes egin behar duenean, hara joan dadin.

Nola komunikatzen zarete?

Gure oinarria da artikulaturik mantentzea. Horretarako, komunikazio tresnak ditugu: Telegram edo Signal erabiltzen ditugu, eta aurrez aurreko bilerak ere egiten ditugu.

Zuen lan ildo nagusia indarkeria matxistaren aurkako borroka da.

Bai. Nikaraguan, oso handiak dira feminizidio tasa eta LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazio tasa, eta izugarria da inpunitatea; guk horren aurka borrokatzen dugu. Erasoei erantzuteko prest gaude noiznahi, eta, horrekin batera, txostenak aurkeztu ditugu nazioarteko erakundeetan, Nikaraguako Auzitegi Gorenera jo dugu... Esan beharra dago urte hauetan emakumeok izan garela kalera atera garen bakarrak, erasoei, istiluen kontrako Poliziari eta piketeei aurre eginez.

Abokatua zara. Lan hori erabiltzen duzu indarkeriaren aurka?

Bai, ikuskatzeak egiten ditugu, legeak aplikatzen diren edo ez ikusteko. Gure helburua da estatuak legedia betetzea eta emakumeon kontrako indarkeriaren aurkako neurriak hartzea. Bestalde, aholkularitza juridikoa ere egiten dugu.

Zein garrantzi du lurraren defentsak zuen jardunean?

Emakume defendatzaileok gure lurra defendatzen dugu desjabetzeetatik eta transnazionalen erasoetatik. Nikaraguan, zehazki, ozeanoarteko kanalaren eraikuntzaren aurka borrokatzen ari diren nekazariak babesten ditugu. Azpiegitura horrek kalte handiak eragingo dizkio, bai naturari, bai nekazariei. Haiek 92 martxa egin dituzte, eta guztietan errepresioa jasan dute, lurraren defentsan botere asko dagoelako kolokan. Berta Caceresen kasua da aipagarriena, eta Nikaraguan ere bi emakume erail zituzten, iaz.

Azken urteetan errepresioak gora egin duela salatu duzue.

Herrialde guztietan errepresio handia dago: Hondurasen, Guatemalan, Nikaraguan, Mexikon... Giza eskubideen defendatzaileon lanaren errepresiogile nagusia Polizia da, eta, harekin batera, estatuari lotutako zenbait pertsona. Kezkatzeko modukoa da, estatuak gure lana babestu beharko lukeelako, eta aurrean ditugun oztopoak kendu; baina hori ez da gertatzen. Estatuak gure lana kriminalizatzen du. Izan ere, gobernu sandinistak alde batera utzi ditu iraultzaren oinarriak; alderdiak izenari eusten dio, baina ez du zerikusirik. Pobreen eta aberatsen arteko aldea geroz eta handiagoa da, baita diskriminazioa ere.

Zuk iraultza sandinistan parte hartu zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Harrotasun handiz parte hartu genuen. Argi genuen zer lortu nahi genuen: landa eremua hirira gerturatu, pertsona guztiei eskubideak aitortu eta ikasteko aukera eman, gure lurraren jabeak gu izan...

Zein izan zen emakumeen lana?

Produkzioa altxatzera joan ginen, besteei letrak irakastera... Gutako askori lan politikoa egitea egokitu zitzaigun, kontrairaultza bati aurre egin behar geniolako. Askok euren semeak frontera bidali behar izan zituzten. Beste askok armak hartu behar izan genituen, gure lurra defendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.