ATZEKOZ AURRERA

Matxinatuen Bilbo ezagutzen

Aduanen Matxinada piztu zen Bilbon 1718an, eta 300 urte beteko ditu aurten; Darabilbo egitasmoak bisita gidatu bat antolatu du egun haietan gertatutakoa ezagutzera emateko.

Matxinadako gertaeren lekuak bisitatu zituzten atzoko bisita gidatuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Azken judizioaren eguna». Horrela deskribatu zuten garai hartako kronikek Aduanen Matxinada, Bilbon abiatu zena 1718ko irailean. Hildakoak, atxilotuak, hiltzera kondenatuak, arpilatzeak eta anabasa; Bilbon hasitakoa Euskal Herriko matxinadarik esanguratsuenetako bat izan zen. Haatik, bi hilabetez Espainiako koroaren kontrola kolokan paratu zuen matxinadaren erreferentzia gutxi iritsi dira egungo bilbotarren memoriara. Aurten, 300 urte beteko direla-eta, Darabilbo egitasmoak bisita gidatua antolatu du.

Atzo arratsaldean egin zuten. Matxinadako gertakaririk gogorrenak gertatu ziren lekuan abiatu zen: Atxuriko Gizakunde komentuan. Hamabost bat lagun elkartu ziren. Euriak ez zuen inor kikiltzerik lortu, nahiz eta aterpe bila eman zuten bisita osoa. Hektor Ortega historialariak azaldu zien bertaratutakoei komentu horren inguruko etxeetan bizi zirela aduanetako zaintzaileak, eta matxinatuek haien aurka jo zutela lehenengoz. Izan ere, haserrea piztu zuen Espainiako errege Filipe V.ak, Hego Euskal Herriko lurraldeen eta Gaztelako Erresumaren arteko aduanak itsas portuetara eta Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mugara eraman baitzituen. Ortegak zehaztu zuen istiluetan hildako lau pertsonetako bi han erori zirela.

Komentuan matxinadaren testuingurua ezagutu ostean, taldeak San Anton elizarako bidea hartu zuen. Han da 1631ko Gatzaren Matxinadako oroitarria, eta historialariak altxamendu hori baliatu zuen, Euskal Herrian oro har —eta zehazki Bilbon— izandako matxinaden inguruan aritzeko.

Matxinada, ez iraultza

XVIII. mendea altxamenduz josita egon zen. Ortegak, ordea, argi utzi nahi izan zuen gertatutakoak matxinadak izan zirela, ez iraultzak. «Ez zuten gizartea aldatzeko asmorik». 1718koa ez zen salbuespena izan. «Diziplina handia eta helburu zehatzak zituzten matxinoek». Aduanak lekuz aldatzearen aurkako dekretu bat adostu zuten, eta korrejidorearengana eta Bizkaiko ahaldun nagusiarengana joan ziren dokumentua sinatzeko asmoz.

Matxinoak bezala, bisitariak Belostikalen dagoen Arana familiaren jauregira joan ziren. Han bizi zen garaiko ahalduna, Enrique Arana. Historialariak kontatu zuenez, ahaldunak teilatutik ihes egin zuen matxinoak ikustean, eta egun Euskal Museoa den jesuiten komentuan babestu zen. Ahalduna ez zegoela ikusita, matxinoek etxea arpilatu zuten. «Historiako altxamendu guztietan bezala, arpilaketa izan zen, baina mugatua izan zen». Aranarekin egin zuten bezala, hurrengo egunetan erregearen erabakia babestu zutenen ondasunen aurka egin zuten. «Sua zabaldu zen Bilbon barrena».

Ortegak gogoratu zuen istiluak bi egunez luzatu zirela jesuiten komentuaren atarian, Aranak aduanen aurkako dekretua sinatzea lortu zuten arte. «Ez ziren fio, eta dokumentua sinatzeko Areatzara joateko eskatu zioten». Hori egin zuen Aranak, eta heriotzarako bidea hartu zuen: sinatutakoan, exekutatu egin zuten. Arana akabatu zuten toki berean bukatu zen bisita gidatua ere, Areatzako pasealekuan.

Sinaduraren ondoren, altxamendua baretu egin zen, eta matxinatuek ezarritako aginduak indarrean jarraitu zuten azaroaren 11 arte; Espainiako erregeak bidalitako tropak sartu, eta matxinadari lotutako aztarna oro ezabatu zuten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.