ATZEKOZ AURRERA. Carlos Ferrater. Arkitektoa

«Arkitekturak hiria eraikitzen lagundu beharra dauka»

Ferraterrek uste du eraikin bakoitzak bere egin behar duela dagoen lekuaren izaera soziala. Guggenheim museoa aipatu du, hiria eraikitzen lagundu duelako, ikono izateaz gain.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bilbora etortzea «etxera itzultzea» dela dio Carlos Ferraterrek (Bartzelona, 1944). Nazioartean hainbat lan egin ditu, eta bi lan eraikiak ditu Bizkaiko hirian: IMQren ospitalea eta Euskadi plazako etxebizitza batzuk. Horregatik dio etxera itzultzea bezalakoa dela Bilbora etortzea; baita ama Enkarterrikoa duelako ere. «Alde bietatik naiz independentista». Pasa den astean izan zen Bilbon, Diabolo lanpara aurkezten.

Noiztik ari zara altzariak ere egiten?

Duela hainbat urte egin nuen lanpara txiki bat, baina niretzako egin nuen. Geroago, jatetxeetara joan, eta banuen halako ezinegon bat, ez zeudelako ondo argiztatuta. Horregatik pentsatu nuen egoera guztietarako lanpara bat behar genuela, iraunkorra izango zena gainera, eta ez zuena energiarik kontsumituko. Orduan, eguzki plaka daukan lanpara hau egin nuen.

Energia konpainiak ez dira oso gustura egongo zurekin...

Izorra daitezela! Niretzako argitasuna garrantzitsua da, arkitekturaren lehengaia delako. Argi naturala, gainera, doakoa da. Horren atzean arkitektura asko dago.

Bilbon aurkeztu duzu lanpara berria. Bi eraikin dituzu bertan, eta hiriaren eraberritzearen parte zarela esan daiteke. Zer ondorio dauka horrek zuretzat?

Itsasadarra zikin eta gordin zegoenean ezagutu nuen Bilbo. Gainera, esan daiteke Bartzelonak izan duen eraldaketaren parekoa eduki duela. Bilbo berriz jaiotzen ikusi nuen, hiru bider etorri bainintzen Guggenheim museoa nola eraikitzen ari ziren ikustera. Ordurako ikusten nuen jokaldi bikain bat izango zela. Ikono izateaz gain, hiri aldetik ere ekarpen aparta egin du. Bilbon eraikitzea tokatu zaidanean, niretzako garrantzitsua izan da bertako ingurune soziala eta paisaia ezagutzea. Hala ere, esango nuke Bilbok eta Bartzelonak egitura sozial antzekoa daukatela, eta uste dut horrek asko erraztu didala lana.

Zertan dira antzekoak?

Biek ala biek sustrai sakonak dituzte parte diren herrian. Orain, Kataluniako gaiak gehiago elkartu gaitu, gainera. Botere autoritarioa asko sufritzen ari gara, baina zuek hemen ere ezagutu izan duzue halakorik. Bada, bizipen horiek hirira iristen dira, baita jendearengana ere. Eta, sustrai horiekin, etxean bezala sentitzen naiz.

Hala ere, askotan kritikatu izan dituzu arkitekto izarren figurak edo frankizietan oinarritutako arkitektura. Bilbon ere asko dago horretatik.

Bai, hemen badago, baina baita Bartzelonan ere. Inor ez dago horretaz salbu. Hala ere, Guggenheimen kasua bakarra da, ikono bat delako, baina benetakoa da. Hiria da, Sydneyko opera bezala: hiria eraikitzen lagundu duen eraikin bat da.

Baina itsasadarraren eraberritzean arkitekto izar ugari daude...

Bai. Ikuskizuna tartean sartzen denean, orduan hasten da arazoa. Ikuskizuna, definizioz, gutxi iraun behar duen zerbait da, ezin du beti iraun. Eta arkitekturak asko iraun behar du. Beraz, ikuskizunean oinarritutako arkitekturak kontraesan bat sor dezake.

Zenbat iraun dezake horrek?

Berdin du era horretan egindako eraikinak non eraikitzen dituzun, ez baitaukate oinarri sozialik. Iraungo dute, baina...

Nola bilatzen da aipatzen duzun oinarri sozial hori?

Lekura joan eta lekua xurgatuz. Arkitekturak hiria egin behar du, eta hiria eraikitzen lagundu beharra dauka. Herritarrei erantzun sozial bat eman behar die.

Horregatik ez zaituzte arkitekto izar gisa hartzen? Eraikinen oinarri soziala bilatzen duzuelako zuen proiektuetan?

Nik zortea daukat nire taldea seme-alabek eta suhiak osatzen dutelako, eta bakoitzak bere izaerari eusten diolako. Eraikin handi batzuk egin izan ditugu, baina uste dut ez dugula ikuskizun hori bilatu. Uste dut lekuan lekuko izaera txertatzen diogula lan bakoitzari. Hala ere, niri berdin zait lanpara txiki bat egin edo aireportu bat eraiki. Bata zein bestean egin, konplexutasuna ez da askoz ere handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.