ATZEKOZ AURRERA. Brahim Chagaf. Zinema zuzendaria

«Zinema gure egin behar dugu, eta beste tresnei batu»

Zineman jarri du itxaropena Chagafek, saharar kultura babesteko eta gatazka ezagutarazteko tresna egokia delakoan. Saharar emakumeei buruzko film bat egitea du buruan.
IÑIGO URIZ / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko apirilak 20
Mendebaldeko Sahara okupatutik urrutien dagoen errefuxiatu kanpamentuetan sortu zen Brahim Chagaf zinema zuzendaria (Dakhla, Aljeria, 1988). Patria dividida filma (Aberri banatua) aurkeztu du Iruñean. Bertan, aktore nagusi eta zuzendari lanetan aritu da. Lantalde osoa sahararrek osatua duen lehenbiziko film luzea da.

Lehenbizikoek garrantzi berezia izan ohi dute. Honek ere bai?

Garrantzi historikoa du. Oso harro gaude proiektu horren parte izateaz. Saharar kultura ahozkoa da, eta, beraz, ez zegoen zinemarik; batik bat musika, poesia eta ipuinak. Zinemaren muina sahararrek beti amestu dugun gauza bat da: gure kulturari betikotasuna bermatzea. Kultura hori gordetzeko biderik onena saharar filmografia batean agertzea dela uste dugu.

Historia garaileek idazten dutenez gero, sahararrek historia asko duzue kontatzeko?

Noski. Saharar herria borrokaren sinbolo bihurtu da, batik bat borroka baketsuarena. Oso bidezkoa da autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzea. Herriaren eta herritar bakoitzaren historiak askorako eman dezake zineman, literaturan... Asko dugu kontatzeko, eta saharar herriak lezio asko eman diezazkioke munduari erresistentzia baketsuaz.

Munduko beste txokoetara ailegatzeko modua izan daiteke hau?

Bai, mundura ireki zaigun ate bat da zinema. Ez da bakarrik gure kausa zabaltzeko, gure ikuspegitik eta ideietatik gure istorioak sortu eta zabaltzeko; zinemak beste kulturen ateak ireki dizkigu guri ere: basamortutik beste mundu batzuk ezagutzeko aukera izan dugu Fisahara zinema jaialdiari esker. Zinema tresna eraginkorra da kulturak gerturatu eta lotzeko istorioen bidez, emozioak garraiatzen baititu.

Nola ikusi dute zure jarduna?

Orain, saharar zuzendari deitzea onartzen dut, baina gizarteak errefusatu egiten zuen tresna hau. Herritarrek ez zuten ulertzen ur eta botika beharrean egonda norbait zinema egiten aritzea. Uste dut harro esan dezakegula tresna egokia topatu dugula. Zinema gure egin behar dugu, eta beste tresnei batu.

Efa zer ekarpen egiten ari da Abidin Kaid Saleh zinema eskola?

Saharar zinemaren sehaska da: hortik sortu dira gure proiektutxo apal eta txikiak. Agian, orain ezin da antzeman, baina ekarpen handia egiten dio herriari eta kulturari.

Nola ikusten duzu saharar gazteen etorkizuna?

Zoritxarrez, ez dut ikusten. Munduarekin haserre dagoen gazteria bat ikusten dut, eta arrazoiz. Dena egin eta emateko prest daude etorkizuna ikusteko gai izateko. Soilik etorkizuna ikusteko, ona zein txarra. Zaharrak beste lurralde batean hiltzen ari dira, eta horrek eramaten ahal zaitu pentsatzera beste borroka moldeetan egon daitekeela gatazkaren konponbidea, adibidez, eta, zoritxarrez, armen erabileran. Munduak bizkarra eman baitigu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna