ATZEKOZ AURRERA

Liburuen artean etenik gabe

Liburuaren Egunaren harira, arte eta kultura garaikideari buruzko testuak irakurri dituzte zazpi orduz Gasteizko Artiumeko liburutegian; nork bere gustuko pasarteak hautatu ditu.

80 irakurle baino gehiago pasatu dira kantoretik egun osoan, eta denetariko testuak irakurri dituzte: nobelak, poesia, artikuluak... JUANAN RUIZ / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Liburu batek harrapatzean esan ohi den gezurrik arruntena izaten da «beste atal bat, eta nahikoa». Konturatu gabe, orduak pasatu daitezke letren artean, liburua alboratu arte. Artiumgo liburutegian, Gasteizen, zazpi ordu igaro dituzte, atsedenik hartu gabe, arte eta kultura garaikidearen inguruan irakurtzen. «Antolatzen dugun hamabigarren edizioa da hau: jendeak asko eskertzen du, eta harrera ona izaten du», azaldu du Elena Roseras Artiumgo liburutegi eta dokumentazio arduradunak.

Liburuen Egunaren harira antolatutako jarduera da. «Beste liburutegietan ere egiten dira halakoak: liburu bat, hasi eta buka,txandaka irakurri. Baina guk zerbait desberdina egin nahi genuen, eta irakurleari nahi duena irakurtzeko askatasuna eman diogu. Betiere, arte eta kultura garaikidearekin zerikusia izanda», gaineratu du Roserasek. Hala, irakurle bakoitzak bost minutuko tartea du etxetik ekarritako edo liburutegitik hartutako testuak irakurtzeko: laurogei irakurle inguru igaro dira Artiumeko kantoretik.

Denetariko testuak irakurri dituzte: nobelak, poesia, artikuluak... «Nire alaba jostuna zen, eta bere omenez irakurri dut moda eta artea uztartzen dituen artikulu hau», azaldu du Carmen Bloconak. Ez da berria irakurraldian, eta artikuluarekin topo egin zuenean azkar erabaki zuen jendaurrean irakurri nahi zuela: «Besteei irakurtzea oso ekintza ederra da. Ongi sentiarazten zaitu: are gehiago norbait omentzeko egiten duzunean».

Lorenzo Martinezek Ramon Gomez de la Sernaren idatzi bat irakurri du, bertan aukeratutakoa. «Badut etxean irakurtzeko ohitura: denetarik irakurtzen dut, gainera, eta berdin zitzaidan zer irakurri». Bera ere errepikatzailea da, «konpartitzea oso gauza polita delako».

Mariam Martinek, berriz, Daniel Pennacen testu bat irakurri du, «identifikatuta» sentitzen delako: «Irakurtzeko izaten ditugun oztopoez hitz egiten du, eta nik ere izan ditut halakoak». Gomendatzen duen ariketa da, ongi sentiarazten duelako.

Guadalupe Serrano alabarekin etorri da, Ana Maria Sanchezekin. Alabak hitz egiteko arazoak ditu, eta idatziz askatzen ditu barrenak. «Amorratu egiten da ezin duelako besteentzat irakurri, baina entzutea asko maite du». Serranok liburuei ematen zaien trataeraren inguruan irakurri du, liburuen defentsa egin asmoz. «Ozen irakurtzea gustatzen zaizun hori zabaltzeko modu bat da».

Nahi adina ekintza

Irakurraldiaz gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte, guztiak liburuen inguruan. Esaterako, atzo zabaldu zuten Liburuez eta poemez. Poesia esperimentala izeneko liburu erakusketa. Bertan, ikusizko artearen eta literaturaren arteko zubi lanak egiten dira. Euskal literaturak «toki berezia» du erakusketan. Besteak beste, ikusgai daude Mikel Laboaren eta Juan Larrearen sorkuntza lanak, baita euskal sorkuntzari buruzko bideo grabazioak zein Leire Bilbaoren eta Blanca Kalparosroren poemak ere.

Era berean, Hitzordua liburu ezezagun batekin jarduera ere antolatu dute. Liburu batzuk ezkutatu dituzte gutun-azal batzuetan, eta erabiltzaileek itsu-itsuan mailegatu beharko dituzte. Bookcrossing edo liburu uztea ere prestatu dute Gasteizen barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.