ATZEKOZ AURRERA. Halina Birenbaum. Holokaustoaren biktima

«Holokausto ugari daude egun munduan»

Alemaniako hainbat kontzentrazio esparrutatik bizirik atera zen Birenbaum, eta bere lekukotza jaso du liburu batean. «Iragana nigan bizi da, baina ni ez naiz iraganean bizi», azaldu du.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko apirilak 25
Holokaustoaren lekukotza zuzena da Halina Birenbaum idazle, itzultzaile eta aktibista judua (Varsovia, Polonia, 1929). Alemaniako hainbat kontzentrazio esparrutan izan zen gaztetan —Majdanek, Auschwitz, Ravensbrueck eta Neustadt-Glewen—, baina bizirik irten zen infernutik. 1947tik Israelen bizi da. Euskal Herrian da egunotan Birenbaum, Nadzieja umiera ostatnia (Itxaropena da hiltzen den azkena) liburua aurkezteko. Garenok eta Havtaja Euskadi-Israel kultur elkarteek gonbidatuta, holokaustoari eta memoriari buruzko jardunaldietan parte hartu berri du Gasteizen. Hainbat ikastetxetako gazteekin egoteko aukera ere izan du.

Bizirik irten zinen holokaustotik, eta oso latza da zuk bizitakoa. Nola oroitzen duzu?

Gas ganberara eraman ninduten, baina ezin izan zuten ni akabatu, gas horniduran mozketa bat egon zelako. Ni askatzea lortu baino hiru aste lehenago tirokatu ninduten; besoa eta sorbalda zauritu zizkidaten, eta eskua mugitu ezinik geratu zitzaidan. Hiltzeko zorian egon nintzen, baina ez nintzen hil. Eta hiltzear nengoela pentsatzen nuenean, ospitalera eraman eta besoa sendatu zidaten. Aske utzi ninduten gero, eta orduan hasi nintzen eskua mugitzen. Horrekin esan nahi dut arazo guztiek konponbidea dutela.

Iragana oso presente duzu oraindik.

Nigan sinesten dut, ez beste inorengan. Auschwitzen nengoenean uste nuen inoiz ez nintzela handik bizirik aterako, baina barruan zerbaitek esaten zidan ni ez nintzela han hilko.

Etxe berria erosi nuenean, saltzaileak galdetu zidan ea gustura nengoen. Nola ez nintzen gustura egongo horrelako toki txiki eta beldurgarri batean bizi ondoren! Esan nahi dut iragana nigan bizi dela, baina ni ez naizela iraganean bizi. Egunerokoa bizi dut, eta jada nire ondoan ez daudenak ditut gogoan.

Zein irakasgai atera daiteke historiaren pasarte krudel horretatik?

Gazteek nire liburua irakurtzen dutenean eta nire istorioak entzuten dituztenean, euren zoriontasunaz eta alboan dituzten gauzen eta pertsonen garrantziaz jabetzen dira. Nire bizipenak entzuten dituztenean, ohartzen dira ni indartsu izan banaiz gertatutakoa gainditu ahal izateko, haiek ere kapaz izango direla edozein erronkari aurre egiteko. Inspiratu egiten ditut.

Uste duzu beharrezkoa dela belaunaldi berriek zure gisako lekukotzak entzutea?

Bai, erabat. Gazteek beraiek hori aitortzen didate. Bizitzan zer egin nahi duten eta zer izan nahi duten aukeratzeko garaian daude asko, eta ohartzen dira bizitzea bera dela garrantzitsuena. Bere buruaz beste egin nahi zuen gazte baten gutuna jaso nuen behin, eta nire liburua irakurri ondoren konturatu zen bereak baino arazo askoz latzagoak badirela.

Noizbait holokaustoa ahaztuko den beldur zara?

Ez. Gaur egun munduan gauza lazgarri asko ari dira gertatzen, eta horietatik ere ikasten ari gara. Holokaustoa ezin da ahaztu.

Etorkizunean holokausto berri bat gerta daitekeela uste duzu?

Gaur egun munduan gertatzen ari diren gauza asko, neurri batean, holokausto bat dira. Holokausto ugari daude egun munduan. Orain Israelen gertatzen ari dena, adibidez, holokausto bat da.

Zergatik uste duzu hainbeste gorroto dagoela gizartean?

Psikologikoa da. Familian bertan hasten da gorrotoa, anai-arreben arteko jeloskortasunarekin. Jende guztia ez dago behar bezala prestatuta gorrotorik ez sentitzeko.

Egunen batean lortuko al da bakea?

Ez dut uste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria