ATZEKOZ AURRERA. Ignacio Aranguren. Irakasle eta antzerki zuzendaria

«Norberaren txaloa da garrantzitsuena»

Erretiroa hartuta, Arangurenek antzerki-irakasle esperientzia jaso du 'Manual de urgencia para profesores en apuros' liburuan. «Disimulatzen badugu ere, irakasleak askotan estu ibiltzen gara».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Barañain
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Antzerkiaren eta hezkuntzaren maitalea da Ignacio Aranguren (Iruñea, 1953). Biak uztarturik Iruñeko Navarro Villoslada institutuan egindako lanaren aitortza jaso zuen 2016an, Vianako Printzea saria jasota, eta horri esker argitaratu du liburua. Bere bizipenetik abiatuta zintzo mintzo dela azaldu du: «Ez dut kerik saltzen».

Zerk bultzatu zintuen antzerkiko jakintzak hezkuntzan aplikatzera?

Hezkuntzan garaiari egokitutako antzerkia egiteko erronkak; beti egon delako, baina batzuetan modu oso tangentzialean edo paraleloan, eskolako bestetan eta abar. Heziketarako gaitasun handia duela erabat sinetsita nengoen. Dekoratuek bezala, nire lanak bi aurpegi izan ditu: ikuskizunarena eta jardueraren oinarri pedagogikoarena.

Gidaliburuak behar dira nerabeak oholtzan zuzentzea zaila delako?

Antzerki pedagogiako liburu asko ikasle perfektuarendako idatziak daude; beraz, denak primeran funtzionatzen du. Nik benetako ikasleekin izan dudan esperientzia bildu nahi izan dut, hezkuntzako antzerkiaren argi-ilunak agertu. Badago ezegonkorra den eta tentuz orekatu behar den hiruki bat: antzerkia, nerabezaroa eta txaloak. Nerabezaroa emozio anitzeko aroa da, eta bilatu dezakete arrakasta eta txalo erraza.

Zein da txalo errazaren arriskua?

Berehalako arrakastarena. Komunikabideek klik eginez lor daitekeen arrakasta saltzen digute. Arrakasta da, batik bat, norberak egiten duenarekin kontent egotea, eta gero etorriko da txaloa edo ez, baina garrantzitsuena norberaren txaloa da. Edozeri txalo egiteko prest dagoen jendea dago gizartean, eta badira arrakasta oso multimediak eta berehalakoak, baina oso iheskorrak. Nik haien hazkunde pertsonala lantzeko esaten diet ikasleei.

Ikasgeletan binaka, antzerkian taldeka. Hobeki da taldean?

Nik esaten nien: «Proiektu baten bueltan batutako talde bat egin nahi dut, ez denek musika eta pizza bera maite duten sekta bat». Horrek bizitza modernorako gaitasunak ematen ditu, bihar taldetan lan eginen dutelako. Antzerki tailer batean ordu bakoitzak asko balio du. Baita margotu edo oholtza garbitu behar denean ere. Urrezko uneak bizi izan ditut kamioia kargatzen.

Taldeko lana, komunikazioa... beste ikasgaietan ez dauden aferak lantzen dira antzerkian?

Ez nuke orokortu nahi, baina baliteke hezkuntza Corte Inglesen antzekoa izatea: dena konpartimentutan banaturik dago burmuinari, trebetasunei eta ezagutzei dagokienez. Antzerkia erabat transbertsala da, ikaslea bertan ez delako dakiena, baizik eta bera dena.

Musika orduak murrizten dira, dantza soinketan ageri da oso tarteka, antzerkia ez dago curriculumean... Zer gertatzen da?

Oso maila baxuetan dago antzerkia curriculumean. Irakasgai moduan soilik zentro batzuetan. Nik uste irakasgai gisa badituela bere argi-itzalak. Irakasgai hori eskaintzen bada bazterreko gisa, gainditzeko erraza delako, ba ez, antzerkia plazeragatik eta askatasunez egiten delako. Ikasle bati ezin diozu esan: «Hunkitu nazazu, edo ez duzu gaindituko». Ez du zentzurik.

Asko aldatu dira ikasleak 1978an hasi zinenetik gaur egun arte?

Bai, alde handiagoa dago. Geroz eta desinhibizio handiagoa dago; hori ona da. Interes gehiago ere bada, eta, batzuetan, inozoagoak direla esanen nuke. Azken urteetan askoz ere errazagoa zen emozioak eta sentimenduak lantzea. Hasieran oskol gehiago zituzten sentimenduak agertzeko; batez ere mutilek. Are, batzuek uste zuten antzerkian izena emanda haien gizontasuna zalantzan jartzen ahal zutela eskolan.

Zer gertatzen da antzokiaren hegaletan?

Gauza asko. Bizitza bera pasatzen da oso toki txikian: maitasuna, maitemina, erronkak, pozak, akatsak... bizitzaz beterik dago. Aurrerago gustatuko litzaidake anekdota liburu bat idaztea. Adibidez, behin testuarekin nahastu, eta batek besteari «maiteminduta» zegoela esan beharrean «haurdun» zegoela esan zion. Ikusleak harritu ziren, bigarren zatian ez zelako haurdunaldia behin ere aipatu. Badira beste istorio batzuk: nik beti egiten nuen apustu ikasturtean sortuko ziren bikoteei buruz. Dena ikusten nuen, haiek konturatu ez arren.

Zure ikasleek eskaintzen zituzten obretara jende asko joaten zen Iruñean. Nola bizi izan duzu hori?

Asko gogobetetzen gintuen, lortu genuelako egitea seguruenik Nafarroako konpainia batek ere egiten ez duena: 25 emanaldi eskaintzea 8.000 ikuslerentzat. Oso berehalako erantzuna lortzen genuen. Hori dela eta, ikasleak ohartarazi behar nituen presarik izan ez zezaten. Antzerkia irakurri, ikusi, eta, ondoren, ez bazaizu sukarra pasatzen, jarraitu horretan. Batzuei sukar dramatikoa pasatu zitzaien, beste batzuek jarraitu zuten. Baina oso kontent naiz tailerretatik aktore asko ez ezik, ikusle pila bat ere atera direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.