Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Konstantinos Andriotis. Turismoan katedraduna

«Nahi dutena egiten utziz gero, gure ondarea txikitu dezakete turistek»

Turismoa gutxitzearen aldekoa da Andriotis, eragin ditzakeen arrastoak saihesteko: garrantzitsua iruditzen zaio turismo politikak ingurumena kontuan hartuz eta herritarrak lehenetsiz egitea.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko maiatzak 8 - Donostia

Turismo masifikatuari mugak jartzearen aldekoa da Konstantinos Andriotis (Heraklion, Grezia, 1970): Turismoan katedraduna da Londresko Middlesexko Unibertsitatean. Ezkerraberri Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen eskutik izan da Donostian; Mendebaldeko hiriak homogeneizatu direla salatu du, tokian tokiko ezaugarriak desagertzeraino.

Non dago turismoaren eta turismo masifikatuaren arteko muga?

Norako bakoitzaren araberakoa izaten da: edozein kasutan, muga ezartzen du turismoak on baino gehiago kalte egiten dienean ingurumenari, ekonomiari, kulturari eta gizarteari. Beraz, norako bakoitzak gehienera zenbat turista har ditzakeen kalkulatu beharko litzateke. Gehiegizko turismoa izango da herritarrek etekinik jasotzen ez dutenean eta ingurumenean efektu negatiboak dituenean.

Turismoa gutxitzeaz jardun duzu: nola egin daiteke?

Ez da erraza: ingurumenarekin begirune handiagoa izango duen turismo eredua behar da. Hotel handiak eraikitzeari utzi beharko genioke, edo haiek eraikitzeko lizentziak emateari utzi, zenbait baldintza betetzen ez dituzten bitartean. Turismoa gaindimentsionatuaren seinale da bertako negozio bat itxi eta kanpoko enpresa batek hartzen duenean: beharrezkoa da mugak jartzea.

Gutxieneko protekzionismoa bultzatu behar litzateke, beraz?

Basoan flora eta fauna badauzkagu, turistek hori ezagutu nahiko dute ederra delako. Nahi dutena egiten utziz gero, inolako kontrolik gabe, gure ondare hori txikitu dezakete, eta ezer gabe geldi gaitezke.

Diozunez, etekin gehiago ematen dute tokikoen denda txikiek kanpoko enpresa erraldoien aldean; baina azken horiek erakartzeko ahaleginak handiagoak dira.

Agintariek ez dute ahalegin txikiena ere egiten tokiko inbestitzaileei laguntzeko turismoaren alorrean. Agerikoa da herrialde txiro askotan, uste baitute etekin gehiago aterako dituztela horrela, baina arazoa da ez dakitela zer den turismoa: turismoarekin lotutako erabakiak hartzen dituzte turismoa zer den jakin gabe.

Globalizazioa eta lokalizazioa kontrajarri dituzu: globalizazioa ez al da boteretsuegia?

Hala da. Aurrekoan haserretu egin nintzen Herakliongo aireportuan: zergarik gabeko denda itsusia zuen lehen, eta ederra orain. Barruan, Kretako produktuen ondoan, Victoria's Secret bat jarri dute, kartel handi batekin. Uste duzu inor etorriko dela Herakliongo aireportura Victoria's Secreten barruko arropa erostera? Hutsik zegoen: turismo masifikatuak ez baitu halakoetan erosten. Feta gazta salduz gero, probatzeko aukera emango diezu, eta gustuko badute, litekeena da etxera itzultzean erostea: Greziak esportatu egingo luke, eta etekinak atera.

Ez da orokorra joera hori?

Zoritxarrez, salbuespen bakarra ezagutu dut: Zipre. Bertako produktuak argi eta garbi desberdinduta saltzen dituen bakarra da.

«Trantsizio herriak» aipatu dituzu, Ingalaterrako Totnes adibide gisa jarriz. Zein ezaugarri dituzte?

Esaterako, moneta propioa daukate, eta horrek esan nahi du diru hori han soilik erabil dezaketela: turistak derrigortuta daude dirua aldatzera eta han gastatzera. Tokiko ekonomia eta ekoizpena bultzatzea da helburua, euren ezaugarriei eustearekin batera. Milatik gora dira halako hiriak munduan.

Sektore publikoa, pribatua, komunitatea eta bidaiariak: erantzukizuna guztiena dela diozu. Bestelako turismo eredu bat bultzatzeko prest daudela uste duzu?

Mendebaldeko herrialde askotan, zoritxarrez, ez. Zenbait ikerketak esaten dute jendea Latinoamerikan bizi dela zoriontsuen, eta oinarrizkoena baino ez dute. Gutxiagorekin hobeto bizi daiteke, baina kontrakoa bultzatzen da Mendebaldean: telefono hobeak, auto hobeak eta dena hobea nahi dugu, baina horrek askotan bizitza suntsitzen digu, ez dugulako sozializatzeko tarterik, denbora gutxiago pasatzen dugulako senideekin, eta abar.

Nola eman dakioke buelta?

Nik, pertsonalki, autoa kendu dut, lanaldi murriztua daukat, eta saiatzen naiz oinez gehiago ibiltzen. Aldaketak pixkanaka gertatzen dira, eta, askotan, legez behartuta.

Turismo masifikatuaren aurka protestatu zuten iaz Donostian, eta talde politiko bati «turismofobia» egotzi zioten gainerakoek.

Herritarren bizitza nola hobetu pentsatzeak behar luke izan politikarien kezka bakarra, baina askotan klientelismoak agintzen du. Inportantea da oreka bilatzea bertakoen eta kanpokoen artean, betiere, herritarrak lehenetsiz. Politikariak boto gehiago zerk emango pentsatzen ari dira beti: hori da arazo nagusia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

64. World Press Photo lehiaketa da aurtengoa, eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean lan irabazleen erakusketa dago. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Irudiek ere badute zer esana

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

2021eko World Press Photoko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Ikusleen arabera, «hunkigarriak» dira irudi guztiak.
 ©BOB EDME

Murruak hausten dituen arte estriktoa

Ainize Madariaga

Abian da Points de Vue festibala, eta bihar bururatuko da. Aurten zortzi artistak tindatu dituzte Baionako karriketako murruak. Lehen aldikoz, hiritik atera da festibala: Hendaian, Donapaleun eta Urruñan egin baitituzte artista egonaldiak.
 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Gastronomia, bidaien gida

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Bi astetik behin helmuga baten berri ematen dute Gasteizko Eatyjet proiektukoek sare sozialetan, eta hiru platereko menu bat osatzen dute. Etxez etxeko zerbitzuari ekingo diote berriro.
 ©THE NORTH WATER

Itsasgizonen handinahia eta kalamitatea

Mikel Yarza Artola

Andrew Haigh zuzendari britainiarrak 'The North Water' telesaila plazaratu du, Artikoa esploratu zuten balea ehiztarien inguruko istorioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.