ATZEKOZ AURRERA. Ernesto G. Maleno. Caminando Fronteras-eko ekintzailea

«Ez gara giza eskubideen Europa»

Malenok kendu zaien gizatasuna bueltatu die Tarajalen hildako migratzaileen familiei, haien ahotsen oihartzun bihurtu den dokumental batean. Egia, justizia eta ordaina eskatu ditu haientzat.

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mugari loturik dago Ernesto G. Malenoren bizitza (Ejido, Espainia, 1997). Marokon hazi zen, Tangerren. Helena Maleno ekintzailearen semea da, eta harekin batera ari da Caminando Fronteras gizarte kolektiboan, Europara bidean diren Saharaz hegoaldeko afrikarrekin lanean. Iruñean izan da, Maravillas gaztetxean Tarajal: Transformar el dolor en justicia dokumentala aurkezten eta parlamentuan hitz egiten. Bisa ukatuta, ez diete etortzen utzi 2014ko otsailaren 6an Ceutakomugan (Espainia) hildako migratzaileen familiei. «Gizarte zibilak erantzuna eman du, baina, benetan justizia nahi badugu, familiak hona etortzea da lehen urratsa».

Tarajalgo tragedia berezia da?

Tarajal mugarri bat da hegoaldeko mugan, bereziki bortitza izan baitzen. Europako Batasunean biktimen protokoloak landu dira, baina, migratzaileei gizatasuna kentzen dien logika kolonialaren ondorioz, familia hauei ez zaie justiziarik eta ordainik ematen. Mugarri honek arrakalak ireki ditzake, eta sententzia sendo bat lortzeko bultzada eman. Borroka honetan, familiak aurrean izan behar dira. Hor hasten da mina justizia bihurtzen.

Familientzat mingarria izanen da, baina, era berean, bozgorailu bat dute. Nola erantzun zuten?

Dokumental hau gauzatzeko, ezinbestekoa izan zen aurretik egindako lana: salaketa prozesuan tresnak eman eta emozionalki laguntzea behar zituzten frogak emanez. Ikus-entzunezkoa zen tresnarik egokiena ahots horiek ekarri, salaketa egin eta familiak afera honen protagonista izan daitezen. Bisen erabakiarekin ikusi dugu ez dutela ahots horiek aditzerik nahi.

Komunikazio lanak balio du migratzaileen aurkako harresiak botatzeko?

Komunikazio tresnak oso positiboak dira bi alorretan: batetik, migratzaileak kriminalizatzen dituzten indarkeriazko diskurtso instituzionalei aurre egiteko, iruditeria sozial arrazista sortzen saiatzen dira, zuzenbiderik gabeko espazio horiek eta indarkeria zilegitzeko. Bestalde, migratzaile komunitateei eta familiei interesgarri zaizkien informazioak itzultzeko ere balio dute.

Nola bihurtzen da mina justizia?

Prozesu hau gehiago landu da Latinoamerikako mugetan. Premisa errazak dira, Europako familien kasuan ongi ulertzen ditugunak. Baina ez dizkiegu onartzen gizatasuna kendu diegun familia beltz eta txiroei: egia, justizia, ordaina eta berriz ez gertatzeko segurtasuna.

Gizatasuna falta da?

Europako sektore aurrerakoi, ezkertiar eta aktibistari kritika egin ohi diot, askotan karitatean eta laguntza humanitarioan geratzen garelako. Pertsona hauek borrokaren lehen lerroan egon behar dute. Mina justizia bihurtzea da biktimizaziotik subjektu politiko izatera pasatzea. Mugako biktimen familien elkartea sortu dute; hori aurrekaririk gabekoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan.

Berriki, zure ama Marokoko epaitegian izan da. Jomugan zaituztete?

Beti izan gaituzte. Mugako gertakariren bat salatu dugun bakoitzean, beti izan ditugu mehatxuak, jazarpena, deiak, gure bizitza pribatuko aferen filtrazioak... Kriminalizazio eta jazarpen politika argia egiten dute, isil gaitezen. Bide informalak urratu dituzte: Helena hiltzen saiatu zirela 2014an. Orain, pertsonen salerosketa egozten diote pertsonen salerosketaren aurka ari den ekintzaile bati.

Noizbait pentsatu duzue uztea?

Nire ama ez da soilik erreferente pertsonala; politikoa ere bada, egunero balio batzuk sutsuki defendatzen baititu. Ez du Maroko uzteko asmorik; ez dio zuri eta europar pribilegioari heldu nahi ihes egiteko. Gertatzen dena gertatuta ere, lekukoa hartzeko prest gaude.

Muga artean bizitzeak beste ikuspegi bat eman dizu mugari buruz?

Marokon hazi naizenez, desmitifikatu egin dut Europa, eta zibilizaziotzat hartzen dena. Espainian, badaude negozio handia diren politika hiltzaile batzuk, eta Afrikako estatuek migrazioa zapaltzea bultzatzen dute. Ez gara giza eskubideen Europa, kontrakoa baizik. Europak balio horiek guziak lehertzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.