ATZEKOZ AURRERA. Adriana Eransus. Kartelaren egilea

«Hemengo eta kanpokoentzat da kartel hau»

Zezenik gabe, santurik gabe eta Udaletxe plazarik gabe, Eransusen afixak iragarriko ditu aurtengo sanferminak. Hala erabaki dute botoa eman duten iruindarren herenek; 2.200 lagunek, alegia.

IDOIA ZABALETA / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko maiatzak 17

Enpresa ikasketak egin zituen lehenik, eta dekorazioa ikasi zuen gero, baina, azkenean, janzteko osagarriak egiten bukatu zuen Adriana Eransusek (Iruñea, 1982). Artisaua da, berak egiten ditu saltzen dituen apaingarriak, baina ez da kartel diseinatzailea. Hala ere, sanferminak iragartzeko afixen lehiaketan bere proposamena aurkeztu zuen, eta baita irabazi ere. Iruñea izarren hiri bihurtu du horretarako.


Zergatik La la land?

Filmeko kantak samurtasun anitz transmititzen dit. Egun batean, kanta aditzen, pentsatu nuen: «Iruñea da, Iruñea argi hiria da». Ideia hori garatuz joan nintzen, mundu magiko hau sortuz. Bere bidea urratuz joan den kartela da, ez da oso pentsatuta egon edo aldez aurretik ongi prestatuta. Bat-batekoa izan zen, tableta batean behatzarekin marraztutako zirriborroa izan zen. Bigarren fasera pasatu nintzenez, dena eman nuen. Nire jendearekin, familiarekin, maite ditudanekin mundu bat sortu nuen [balkoietan ageri dira].

Ez duzu ohiko afixa egin nahi izan?

Bestaren beste alor bat irudikatu nahi izan dut, zuri-gorritik eta zezenetatik harago joan. Apustu bat da, arriskatu ez dudan apustua, ez bainuen deus galtzeko, baina bai asko irabazteko.

Normalki, Gazteluko plaza ez da afixetan agertzen, nahiz eta bestaren erdiguneetako bat izan.

Hemengo eta kanpokoentzat da kartel hau. Hemengoentzat toki enblematikoa da, eta, gainera, ez da normalean ateratzen. Kanpokoentzat nazioarteko film baten estetika du. Kale-argiak, xarma, balkoiekin eta jendearekin jokatzeko aukera... joko handia eman zidan. Egia da hasieran zalantza izan nuela, agian Udaletxe plazan jarri-edo, baina, egia esan, eszena hori argi ikusi nuen. Kale-argi hori oso Iruñekoa da.

Erraldoi amerikarrek zerbait berezia dute; asko maite dituzte iruindarrek. Horregatik hautatu dituzu?

Begira, ez dakit Kale Nagusiko Candombe para Jose dantzarengatik, edo batukadarekin dantzan ikusi nituelako, baina, egia esan, asko maite dut erraldoi hauen berritasuna. Haien besta espirituarengatik aukeratu nituen, eta estetikagatik. Haien jantziak zuri-gorriak direnez, errazago identifika daitezke bestarekin, eta gehiago nabarmentzen dira hondo horren gainean. Horrela errazago zitzaidan gaua ageri den kartelari argia ematea.

Agerian utzi duzu ez dela diseinatzaile edo ilustratzaile izan behar lehiaketa irabazteko?

Ez naiz diseinatzeilea, ez dut hartu margotze eskolarik... Artisaua naiz, baina, nire proiektu guzietan anitz ematen dut. Oso harro nago, artearen eta sormenaren bidez nire emozioak azaleratzen ahal ditudalako. Orain arte jorratu ez dudan bide bat da hau, baina kartelaren afera beti izan dut buruan, eta oso harro nago. Agian ez da bikaina izanen estetikari dagokionez, baina uste dut asko transmititzen duela.

Hasiera ederra egin duzu, bada.

Horrela izan da, bai. Nik ulertzen dut jende askori ez gustatzea, edo alor honetan adituak direnek ez ulertzea. Baina, apustu bat da, orain arte eman den irudiaren bestelakoa eman nahi izan dut, dena biltzen du, eta uste dut kartel hau irekia dela: irekitzen zaio zeruari, izarrei, eta irekitzen zaio munduari.

Sanferminek ematen dizute sormenerako?

Uztailaren 7an jendea nitaz oroitu ohi da. Izan ere, uztailaren 6an errotuladore iraunkorra eskuetan ateratzen naiz, eta mundu guziari San Fermin santuak marrazten dizkiot. San Ferminen marrazki hori oso nirea da, eta urte askotan lagunek esaten didate kamisetak-edo egiteko. Beraz, proiektu polit bat egin nahiko nuke nire marrazkiekin, baina dena airean dago oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna