ATZEKOZ AURRERA. Marta Kopinska. Hizkuntzalaria

«Ez dago aitzakia onik hizkuntza bat ez ikasteko»

Laslab hizkuntza laborategian lan egiten du Kopinskak. Dioenez, hizkuntza gehiago jakinda errazagoa da beste bat ikastea; horregatik, aberasgarria da, haren ustez, hizkuntzak ikastea.
JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko maiatzak 18

Unibertsitatean zegoela hasi zen euskara ikasten Marta Kopinska hizkuntzalaria (Poznan, Polonia, 1983). Euskal Herrira etorri zen, ingurua ezagutu zuen, gustatu, eta, egun, ingeleseko irakasle da EHUko Letren Fakultatean. Laslab hizkuntza ikerketarako laborategiko kide ere bada, eta aste honetan Bilboko Kafe Antzokian egon da Agurtzane Azkarai hizkuntzalariarekin batera. Hizkuntza berri bat ikasteak frustratzen al zaitu? izeneko hitzaldia egin zuten Pint of Science jardunaldien barruan.

Hitzaldiaren izenburuak galdera bat dakar: hizkuntza berri bat ikasteak frustratu egiten zaitu?

Nire kasuan, hizkuntza berri bat ikasteak ez nau frustratzen; erronka bat balitz bezala hartzen dut, gogotsu. Poloniera dut ama hizkuntza, baina euskaraz hitz egiten dut, eta, era berean, ingeles irakaslea naiz. Gazteleraz ere badakit, eta frantsesez apur bat ere bai.

Gustukoa duzula esan daiteke orduan, ala?

Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit, nabari daitekeen moduan. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta hobe dela uste dut, mundua ulertzeko modu berri bat ikasten dugulako hizkuntza bat ikastearekin batera.

Zerk erakarri zaitu hizkuntzak ikastera?

Jakin-minak. Poloniera, Poloniatik kanpo, jende gutxik ezagutzen du, eta txikitatik beste hizkuntza bat hitz egiteko gogoa nuen, beste errealitate batzuk ezagutzeko, azken finean. Unibertsitatean hasi nintzen euskara ikasten, eta 2008an etorri nintzen Letren Fakultatera, poloniera irakasle moduan. Gaur egun, Laslab ikerketa taldeko kide naiz, eta elebidunek ingelesa ikasterakoan zer-nolako zailtasunak topatzen dituzten aztertzen dugu.

Eta zein dira zailtasun horiek?

Ikerketa arlo asko dauzkagu, baina nik hizkuntzekiko jarrera aztertu dut, zer-nolako jarrera duten ikasleek ingelesarekiko.

Eta zein da ingelesa ikasten ari diren horien jarrera hizkuntza berriarekiko?

Askotan, euskaldun hiztunek badaukate halako bunker jarrera bat. Hizkuntza gutxitu baten hiztunek halako babes bat nahi dute bere hizkuntzaren aurrean, eta beti defentsiban jartzen dira. Baina, gaur egun ingelesa nahiko sartuta dagoenez curriculumean, eta oso internazionala ere badenez, badakite etorkizunean lanerako edo bidaiatzeko beharko dutela.

Bunker fenomenoa gazte euskaldunen artean ikusten duzu?

Egungo gazteria irekiagoa dela uste dut; ulertzen dute ez dela ingelesaren edo euskararen arteko hautua. Areago, badakite hiru hizkuntza jakin beharko dituztela.

Europan atzerriko hizkuntza jakiteko beharra dagoela aipatu zenuten hitzaldian. Hemen egoera ezberdina izanda, aldatzen du egoera?

Europako Batasunak garrantzia ematen dio ama hizkuntzaz gain beste bat ikasteari, herritarrak nazioartekotzeko eta komunikatzeko ezinbestekoa delako. Hemen bi hizkuntza daude, eta hori ez doa euskararen aurka, alde baizik. Elebiduna izatea oso aberasgarria da baliabideen aldetik, beste bat ikastea errazagoa baita. Gainera, mundua hobeto ulertzen laguntzen du. Eta hori abantaila da; ez du zertan kaltegarri izan.

Hizkuntza gehiago jakitea lagungarria da, orduan?

Baietz uste dut, hizkuntza gehiago jakinda errazagoa dela beste bat ikastea. Are gehiago, neurozientzian ere aritzen gara, eta, elebidunen kasuan edo hizkuntza bat edo gehiago dakitenen kasuan, frogatuta dago horrek burmuinari mesede egiten diola.

Arnasa lasai hartuko duzu zuk orduan, hainbeste hizkuntza jakinda...

Tira, bai [barreak]. Askotan nire errekurtso guztiak nahastu egiten ditut, baina, hala ere, mesedegarria dela uste dut. Beti erabiltzen den aitzakietako bat da zaila dela hizkuntza bat ikastea. Nire ustez, ez dago aitzakia onik hizkuntza bat ez ikasteko. Betiko esaldi bat baliatu genuen hitzaldian hori arrazoitzeko: «Eroriz ikasten da oinez». Hori hartu behar da kontuan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Aitaren izenak ez du beti laguntzen»

Maialen Arteaga

Esti Markez Mikel Markez aitarekin batera hasi zen abesten. Orain, aitarekin batera, lehenengo kantu propioak kaleratuko ditu, 'Azalberritzen' diskoan. Bi artisten bosna kantu bilduko ditu lanak.
<b>Gripea.</b> Herritar bati gripearen kontrako txertoa jartzen, Zarautzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Gripearen txertoan laguntza bila

Jakes Goikoetxea

Bioarabako talde bat ikertzen ari da ea gripearen txertoa hartzeak eraginik daukan bai SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko arriskuan, bai kutsatu osteko bilakaeran. Iaz Araban txertatzera deitu zituzten 64.000 herritarren datuak erabiltzen ari dira; txertatu zirenenak eta ez zirenenak.
Legebiltzarreko izendapenaren ostean, Andoni Aldekoa astelehenetik aurrera izango da EITBko zuzendari nagusi. ©HITZA

Andoni Aldekoak soilik EAJren eta PSEren aldeko botoak jaso ditu

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusi berria izendatu du Eusko Legebiltzarrak. Oposizioko taldeek kontra bozkatu dute, eta prozedura kritikatu

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria