ATZEKOZ AURRERA. Baba Ahmed. Sahara Gasteiz kultur elkarteko presidenteordea

«Ezagutzen ez gaituztenez, laster hasten dira esamesak»

Arabako afrikar elkarteek Afrikarrak Euskadin jardunaldiak antolatu dituzte, kontinente horren eguna ospatzeko. Larunbatera arte, hitzaldiak, tailerrak, jolasak eta abar egingo dira Gasteizen.

BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Aste berezia da hau Afrikan: Fronte Polisarioaren lehen ekintzen eta Afrikar Batasunerako Erakundearen sorreraren urtemugak ospatuko dituzte. Arabako hainbat elkartek data horiek aprobetxatu nahi izan dituzte Afrikako kultura ezagutarazteko. Hala, Afrikarrak Euskadin jaialdia egingo dute Gasteizen, larunbata bitarte. Baba Ahmed (Aaiun, 1962) ibili da antolaketa lanetan.

Zer dela-eta batu zarete afrikar elkarteak halako jaialdi bat antolatzeko?

Euskal gizartearekin ditugun loturak estutzeko antolatu dugu jaialdi soziokultural hau. Afrikako kultura desberdinak ezagutarazi nahi ditugu artearen, kirolaren, eta gastronomiaren bidez. Afrika oso zabala da: herrialde, ohitura eta hizkuntza desberdin ugari ditugu. Baina denak pertsonak gara, eta guztien arteko harremanak estutu nahi ditugu. Era berean, Afrikak dauzkan arazoen inguruko gogoeta bat ere eragin nahi dugu.

Euskal Herrian ezjakintasun handia al dago Afrikari buruz?

Baliteke. Ez da zuzena baietz edo ezetz erantzutea, denetarik baitago; baina, orokorrean, ez da behar beste ezagutzen.

Egon da aurrerapausorik?

1985. urtean etorri nintzen lehendabizikoz Gasteizera. Geroztik, kontua asko aldatu da. Hiria bera ikaragarri hazi da, eta gizartea ere aldatu egin da. Garai hartan, lehendabiziko afrikar etorkinetako bat nintzen, eta ongi hartu ninduten. Azken urteetan, agian behar bezala ezagutzen ez gaituztenez, laster hasten dira begiradak eta esamesak. Alde horretatik, atzera egin dugu.

Ohikoak al dira jarrera arrazistak?

Ez dut inondik inora Gasteizen eta Euskal Herriaren irudi ezkorra eman nahi. Gasteiz oso hiri solidarioa da, behar dutenei laguntzeko prest dauden elkarte ugari daude eta. Saharar herriari, esaterako, asko lagundu izan dio. Eta errefuxiatuei laguntzeko elkarte ugari ere badaude; horietako batekin Greziaraino joan naiz Gasteiztik, karabanan. Hori guztia ez da ahaztu behar.

Zer-nolako arazoak dakartza etorkinak behar beste ez ezagutzeak?

Arazorik ez nuke esango, baina egia da ezjakintasunak nahastu egiten duela.

Ezjakintasuna oztopo bat da integraziorako?

Integrazioaren bidea oso luzea da, eta ez da aste bakarrean lortuko. Gainera, ez dugu soilik aldarrikapenez betetako egitarau bat sortu nahi izan. Jai giroan eta bakean, mezu bat zabaldu nahi dugu guztion arteko errespetuaren, integrazioaren eta elkarbizitzaren alde. Hori guztiok egin beharreko lana da: erakundeek, eragileek eta herritarrek.

Erakundeek behar beste egiten dute integrazioaren alde?

Ez nator bat hartzen dituzten erabaki guztiekin, baina pozik gaude Afrikarrak Euskadin jaialdia antolatzeko izan dugun laguntzarekin. Eskerrak eman behar dizkiegu Gasteizko eta Murgiako [Araba] Udalei, eman diguten erraztasunarengatik. Gainera, Gasteizko Udalak baditu beste proiektu batzuk; adibidez, zurrumurruen kontrako estrategia. Elkar ezagutzeko beste bide bat da, aurreiritzi negatiboak gainditzeko bide bat.

Zer onura dakartza integrazioak?

Alde batetik, ingurukoenganako errespetua. Bestetik, albokoa ezagutzen baduzu, gerta daitezkeen nahasteak argitu daitezke. Hirugarren, zurrumurru faltsuak eta estereotipo okerrak baliogabetzen dira. Egunen batean, gainera, kanpora joan behar baduzu, etxean elkarbizitzak irakatsitakoak asko balioko dizu.

Integrazioak balio izan du etorkinen arteko harremanak estutzeko ere?

Bai, noski. Duela gutxi hasi gara elkarlanean, eta guk ere badugu zer ikasi besteengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.