ATZEKOZ AURRERA

'Hermione'-n murgilduta

'Hermione' Pasaiako kaian dago asteartetik, eta milaka lagunek bisitatu dute, barrutik zein kanpotik. Asteburuan ere ikusi ahalko dute, astelehenean abiatuko baita Rochefortera.

Jende ugarik bisitatu zuen Hermione ontzia atzo, Pasai San Pedroko portuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Pasaia
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bare dago Hermione Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) portuan; jendea, aldiz, urduri, gerraontzi frantziarra barrutik ikusteko gogotsu: 10:00etan da hura bisitatzeko lehenengo txanda, baina ilarak lehenagotik daude. Ez diote huts egin nahi ordu erdiz tripulazioko lagunen artean ontzia barrutik ikusteko aukerari.

«Noiz arte etorri ahal izango dugu?», galdetu du emakume batek. «Igandera arte, astelehen goizean aterako da»; erantzun dio Enara Novillo Albaolako komunikazio arduradunak. Asteartean iritsi zen Hermione Pasaiara; kanoikadaka sartu zen portura. Pasaiako Itsas Festibalera etortzekoa zen, baina hura bukatu eta biharamunean heldu zen, itsaso zakarra eta matxurak tarteko. Astelehenean abiatuko da Rochefortera (Frantzia), tripulazioko 80 lagunek gidatuta.

Ilarak ontzira sartzeko, eta ilarak ontzitik kairako zubian ere: itsasontziko langileak janaria sartzen ari dira, eskuz esku, boluntarioek lagunduta. «Ontzian bizi dira tripulaziokoak», azaldu du Xabier Agote Albaolako presidenteak. Hark azaldu duenez, tripulazioko kideek oso lan fisikoa dute, eta guztiak dira beharrezkoak ontziak ondo nabiga dezan.

Masta eta kanoi artean

Zamalanak amaitu bezain laster igo dira ontzira lehenengo txandako 120 bisitariak, sakelakoak eta kamerak eskuan. Batzuek adi-adi begiratzen diete mastara igotzen ari diren tripulazio kideei: soketan gora doaz, arnesak gerrian. «Zenbateko altuera du?» galdetu dio bisitari batek Guillaume Tauran ontziko kideari; «65 metro inguru», erantzun dio hark. Harridura aurpegia jarri eta gora begiratu du bisitariak.

Helduak eta haurrak; denetik murgildu da gerraontzian, baita familiak ere. Horietako bat da Julio Iturberena; emaztearekin, alabarekin eta bilobarekin etorri da Villabonatik (Gipuzkoa). Goiza pasatzera etorri dira Pasaiara: «Ontzia ikusi eta Donibanen zerbait hartuko dugu». Bitartean, biloba kanoiak ikusten eta ukitzen ari da.

Eskailerak jaisten ari da jendea, beheko aldean zer ikusiko; bost kanoi daude alde bakoitzean. Haiekin argazkiak ateratzen ari dira. Sukaldea dago alde batean: mahaiak, tresnak, frutak, gitarra bat... Denetik dago. Beste aldean, berriz, lantokia dago; zerra, erratzak, arnesak eta bestelako erremintak daude han. Gelek soka bana dute ateetan, eta bisitariek ezin dute eta haietara sartu.

«Zertarako dira kanpaiak?», galdetu dio bisitari batek lagunari, ontziko bi kanpaiak seinalatuz. «Jatordua dela ohartarazteko da handia, eta ordua jakinarazteko, bestea», erantzun dio hark, informazio panela irakurriz. Kanpairik jo ez duten arren, zenbaiti ohartzerako igaro zaio bisita, «ordu erdi azkar pasatuko zaigu», esanez igo den emakumea ateratzen ari baita jadanik.

Oroigarrien postura joan dira zenbait Hermione-tik ateratakoan: postalak erosi dituzte batzuek, imanezko oroigarriak besteek. Bitartean, bi ilara luze daude oraindik ontziaren ondoan: bata, sarrerak erosteko; bestea, berriz, ontzira sartzeko. Eskerrak umorea baduten, behintzat: «Guztiok batera sartzen bagara hondoratu egingo da», esan du gizon batek. Hondoratu ez, baina ontzian murgildu egin dira bisitariak egunotan, piratak balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.