ATZEKOZ AURRERA. David Galvez. Iruñeko Ganbera Abesbatzako zuzendaria

«Kulturak behar du goi mailakoa izan»

Vianako Printzea saria Iruñeko Ganbera Abesbatzak jaso duela-eta, Galvez abesbatzako zuzendariak dio «lasaitua» hartu dutela: «Lan handia egin da; aitortza jaso du, eta horrek lasaitasuna ematen du».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Eguraldia dela eta, aurtengo Vianako Printzea saria Erriberriko elizan (Nafarroa) eman diote Iruñeko Ganbera Abesbatzari. Horregatik, kontent da David Galvez zuzendaria (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1974), abesteko akustika hobea izan baitute han gazteluko patioan baino. Bost urte dira Galvez Iruñera etorri zela, eta harro dago berak zuzentzen duen abesbatzan egindako lanarekin.

Kantatzeko ohitura apaltzen ari dela esaten da: hala uste duzu?

Kantua adierazpen naturala da. Lana bukatuta, jendea elkartu eta kantuan aritzen zen; bazkalondoan ere bai. Oraindik ere horrela da. Ez lehen bezainbeste, telebista eta aisialdirako tresna gehiago baititugu, baina kantatzen da oraindik ere.

Kantatzeko tradizioagatik daude hainbeste abesbatza Nafarroan?

Nafarroa, Euskadi bezala, ahozko tradizio handiko lurraldea da. Jendeari kantatzea gustatzen zaio: orfeoietan, elkarte gastronomikoetan... Tradizioak ekarri du abesbatza ehun oso-oso garrantzitsua.

Zer funtzio betetzen du zuen abesbatzak musika komertzialak irratiak hartu dituen garaiotan?

Noski, gure merkatu kuotak ezberdinak dira; musika kultua da gurea. Gizarte honen akats handienetako bat kontsumoa da. Kontsumoak gauza guztietan du eragina: janarian, aisialdian... eta kulturan. Kulturak behar du goi mailakoa izan; ez elitista, baina bai maila intelektual eta estetiko jakinekoa. Gaur egun herri kulturatzat hartzen dena izugarria da, kontsumo kultura da. Egin liteke maila altuko pop, rock edo koru musika. Bestalde, bost urtean lortu dugu jendeak ulertzea abesbatza musika guziendako dela.

Zuen errepertorioan, kantu tradizionalak garrantzi handia du. Horrela izan ohi da abesbatzetan?

Bai, bai. Pentsa, musika tradizionala da musika guziaren oinarria. Herri baten adierazpen naturala da. Musikagile handien errepertorioa dugu guk. Haien iragazki estetiko edo intelektualetik pasatzen zituzten herrietako kantak. Adibidez, Remacharen Zazpi euskal abesti. Ahozko musikan, herri musikak sekulako garrantzia du. Arrano beltza, Hartzabalen poematik heldu da, 1970ean, testuinguru soziopolitiko zehatz batean, Gonzalez Aciluren abangoardia iragazkia igarota.

Berriki aurkeztu zenuten berriz ere jendaurrean Arrano beltza.

Gonzalez Aciluk obra apurtzailea egin zuen. 1970eko hamarkadan, benetako abangoardia egiten zen: orain, kostatzen da; koldarragoak gara, tradizionalagoak. 1977ko uztailaren 8an estreinatu genuen hori. Garai gorabeheratsuak ziren.

Esan duzunez, lasaitua hartu duzue sariarekin. Abesbatzak garai bateko aitortza galdua zuen?

Sortu zenean, Europan bi ganberako abesbatza baizik ez zeuden: Herbeheretan bat, eta Iruñean bestea.Iruñea apaiz eta moja hiri bat zen, eta bazuen Europa mailan erreferentea zen abesbatza bat. Gainera, Luis Morondori erabat loturik. Bera hiltzean, 1983an, abesbatza pisua galtzen hasi zen, talde gehiago sortu ziren, eta ostrazismoan erori zen. Gauza polit bat zen. Bizirik jarraitzen genuela aldarrikatzeko lanean ibili gara. Hala ere, Europan izugarri aitorturik ginen, ez genuen inoiz galdu prestigioa. Munduan aitortza eta sari anitz jaso ditugu, eta Nafarroan bat bera ere ez, orain arte.

Zerk ekarri zintuen Iruñera?

Plaza lortu nuen, eta gure lanbidean ez da erraza zuzendari profesional lanean aritzea; ez dago abesbatza profesionalen ehundura zabal bat. Erronka erraldoia aurkitu nuen.

Zer aurkitu zenuen bada?

Instituzio oso sendoa, baina ohitura txarrekin, arazoekin, joan-etorri askorekin... Nik uste dut depresioak jota geundela, eta, nire aburuz, ez zegoen kalitatezko abesbatza bat. Horrelako instituzio batek kalitate oso handiko tresna bat behar du.

Helburua edo espero zenuena bete duzu?

Uste dut lortu dugula aurretik genuen materialarekin proiektu bat aurrera ateratzea, eta, batik bat, berritzea. XX. mendean zegoen abesbatza, eta XXI. mendean sartu gara.

Zama al da zure izena Luis Morondoren parean agertzea?

Ez; ohore bat da, erreferentea da niretzat. Ez zuen parekorik. Gerra ondoan, Iruñeko testuinguru erlijiosoan, abesbatza bat sortu zuen horretatik isolaturik. Harritzen nau nola ausartu zen bi gauza egitera: batetik, obra berriak eskatzera, konfort egoeratik erabat aterata. Hori muturrera eraman zuen zaharra zenean, obra erabat apurtzailea eskatzen baitzuen. Bigarrenik, oso burutsu jokatu zuen zentsura saihesteko, bai gai zaileko abangoardiazko obrekin, baita euskararekin ere.

Aurrera egiteko harrobian jarri dituzue gogoa eta itxaropena?

Harrobia lantzen ari gara, eta haurrei erakusten diegu beren garaiko musika ez dela Despacito, badaudela bestelako proposamenak: herrikoiak, abangoardiakoak... Artea edozein gizarte demokratikok erabiltzen jakin behar duen tresna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.