ATZEKOZ AURRERA. Marta Olazabal. Ingurumen ikerlaria

«Neurriak orain hartu behar ditugu; ezin da atzeratu»

BC3 klima aldaketa ikertzeko euskal zentroko ikerlaria da Olazabal. Hiriak birpentsatu egin behar direla dio, eta klima aldaketari buruzko irizpideak udaletako arlo guzietara zabaldu.

IÑIGO SIERRA GOMEZ

Iker Tubia -

2018ko ekainak 12

Iraunkortasunerako bidea hartu nahi dute Iruñean, eta EH Bilduk jardunaldi batzuk antolatu ditu horren harira: Etorkizuneko hiriak. Besteak beste, hiriak birpentsatu beharraz mintzatu da Marta Olazabal (Bilbo, 1981). Aditua da klimaren aldaketan eta erresilientzian.

Oraindik bada tarterik aldaketa klimatikoaren aurrean?

Azpiegiturei,mugikortasunari eta gure hiriak planifikatzeari eusten diogun bitartean, beti izanen da maniobrarako tarterik. Etengabe ari gara hiria garatzen; beraz, beti-beti izanen da aukerarik klima aldaketari buruzko irizpideak sartzeko: bai horri egokitzeko, baita horri aurre egiteko ere. Are, arriskuak apaltzea ezinezkoa den tokietan ere bestelako neurriak ezar daitezke: hezkuntzari buruzkoak, alertak... Bai, bada itxaropenik.

Hiriak bestela planifikatzeak zer onura dakartza?

%100 da onuragarria. Klima aldaketarekin lotura duten neurri guziek bestelako onurak ere ekartzen dituzte. Isurketak gutxitzeko neurriak planteatzen badituzu, izanen duzu ere onura ekonomian, osasunean, ingurumenaren kalitatean, espazio publikoaren gozamenean...

Ezinbestekoa da hiriak berraztertu eta neurriak hartzea?

Bai. Isurketak gutxitu nahi baditugu, neurriak orain hartu behar ditugu; ezin da atzeratu. Bestela, hau handiagoa bihurtuko da, eta askoz ere zailagoa izanen da.

Alaskan, hiri batzuk tokiz aldatzekotan dira. Batzuentzat berandu dela dirudi.

Planetako tokiaren arabera, eragina ezberdina izan liteke. Eremu batzuetan, klima aldaketaren eragina jasan dute, batik bat itsas maila igotzea Pazifikoko irletan. Han beti izan dira uholdeak, baina orain maizago gertatzen dira, eta handiagoak dira. Immigrazio klimatikoa badago dagoeneko. Munduan komunitate askok neurriak hartu behar dituzte, eta, askotan, garapen bidean diren komunitateak dira, baliabide gutxien dituztenak.

Hiri askok neurriak hartzen dituzte hondamendi klimatiko baten ondoren. Nola alda daiteke pentsamolde hori?

Halakoak gara gizakiak, arriskua muturren aurrean dugun arte ez dugu esku hartzen. Askotan, horren ondoren, herritarrak arrisku horien kalte ekonomiko eta sozialez ohartzen dira, eta orduan presioa ere egiten dute politikak aldatzeko. Zorionez, hiri batzuek ez dute horrela egiten. Planik handienak orain gutxi hasi dira; ez dute hamar urte baino gehiago. Denbora behar dugu klima aldaketari ongi egokitzeko, baina orain hasi behar dugu.

Zein dira punturik garrantzitsuenak Euskal Herriko hirietan?

Kostaldeetako muturreko haizeteena oso inportantea da. Horrekin batera, uholdeak jasateko arriskua eta beroaldiak. Arrisku handia dago euri jasekin, orografia oso menditsua baitugu.

Askotan, hirien egokitzapenak liskarrerako erabiltzen dira udaletan. Alderdikeria utzi behar da?

Klima aldaketak, aurre egin nahi zaion edozein arazo bezala, beti izanen ditu onarpen sozialerako arazoak, eta, horrelakoetan, gatazka politikorako balia daiteke. Baina hiriaren ereduari egin behar diogu so, alde batera utzita nor ari den proiektua garatzen. Hiri askok egin dute, eta onuragarria da.

Zergatik kostatzen da aldatzea? Ez dago kontzientziarik?

Planetaren onura oso urruti dago askorentzat; errazagoa da onura pertsonala agerian utzita. Norbaiti esaten badiozu ezinen duela autoa etxe parean utzi, ba, aurka agertuko da. Hasieratik onurak zein diren argi utzi behar dira: haurrak kalera atera daitezke bakarrik, autoen zaratarik ez da izanen...

Beharrezkoa da klima aldaketa kontuan hartzea horri zuzendutako politiketatik harago?

Klima aldaketa ezin da alor soil bat izan departamentu baten barnean, gainerakotik aparte. Edozein politikak kultura, kirola, ekonomia... behar ditu klima aldaketa irizpideak aintzat hartu. Karbono isurketak ez areagotzeko neurriak hartu behar dituzte, ohitura iraunkorragoak eta osasuntsuagoak zabaltzen lagundu behar dute... Berdin klima aldaketarako egokitzapenarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna