ATZEKOZ AURRERA. Yago Mateo. Zinemagilea

«Nikaraguan, dituzten arazoez kexatu ordez, antolatu egiten dira»

Nikaraguako osasun sistemaren inguruko dokumental bat egin du Mateok, lau emakumeren ikuspegitik. Medikuntza tradizionalak pisu handia dauka han, baina ohikoarekin harremana duela dio.
JUANAN RUIZ / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 15
Euskal gizarteak osasun eskubidearen inguruan hausnarketa egitea. Asmo horrekin zuzendu du Yago Mateo (Gasteiz, 1993) zinemagileak La salud en mi comunidad (Osasuna nire komunitatean) dokumentala. Farmamundi GKEak eta Creasalud egitasmoak bultzatu dute dokumentala, eta Mateo arduratu da lanari osotasuna emateaz. Horretarako, Nikaraguako lau emakumek euren komunitateko testigantzak grabatu dituzte sakelako telefono batzuekin, eta horietan oinarritu da dokumentala osatzeko. «Nikaraguaren eta Euskadiren arteko elkarrizketa edo zubi gisa egin da dokumentala, eta osasunaren inguruan hausnarketa egin nahi izan dugu». Atzo aurkeztu zuten dokumentala Bilboko Azkuna zentroan, eta Farmamundiren Youtubeko kanalean ikus daiteke.

Zergatik Nikaragua?

Osasunarekin harreman handia daukalako, medikuntza tradizionalarekin eta ohikoarekin, gainera. Modernizatzen ari da osasuna, baina, aldi berean, tradizionalari ere eutsi diote. Osasunaren arloan gabezia asko dauzkate, baina oso ondo antolatzen dira horiei aurre egiteko. Horregatik oso interesgarria da hango egoera hemengoarekin alderatzea.

Zergatik diozu hori?

Hemen oso trebeak gara kexatzen eta gure gabeziak ikusten, baina, Nikaraguan, dituzten arazoez kexatu beharrean, antolatu egiten dira. Ospitalea urrun badago, komunitatean antolatzen dira, edo emakume batzuek besteei laguntzen diete erditzeko garaian.

Ez da kasualitatea zaintzaren inguruan antolatzen diren horiek emakumeak izatea.

Ez. Proiektuaren helburua emakumeei boterea ematea ere bazenez, elkarrizketak nola egin eta nola grabatu erakutsi genien, haiek izan zitezen proiektuaren erdigune. Osasunaren arloan oso sartuta daude emakumeak, baina kulturalki emakumea bigarren lerroan dago. Hori pixkanaka aldatu behar da; baina gizarte bakoitzak bere erritmoak dauzka, eta hori ulertu behar da.

Dokumentalaren helburua emakume horiek ahalduntzea izan da?

Guztiz. Esango nuke hori izan dela proiektuaren helburuetako bat. Emakume hauei esker osasunaren inguruan hausnartzea zen asmoa. Haiek izan dira protagonistak, baina ez dokumentalarena, baizik eta proiektuarena: eurek grabatu dute, eurek elkarrizketatu dituzte euren komunitateko kideak... Beti bigarren lerroan egon gara.

Teknologia berriak ezagutu dituzte proiektuaren bidez. Zuek zer ikasi duzue?

Teknologiaren hizkuntza barneratuta daukagu, baina eurentzat hori berria zen. Batzuentzat smartphone bat hartzen zuten lehen aldia zen, eta hori guztia ikasi behar izan zuten. Guk giza balioak ikasi genituen, kasik galduak dauzkagunak: adinekoei dieten errespetua, hitz egin aurretik asko pentsatzen dute zer esan nahi duten... Hizkuntza kultural oso interesgarria daukate.

Proiektu honetan grabatzeak zeukan garrantzia aipatu izan duzu. Zergatik diozu hori?

Mezu batekin egin genuen lan: grabatzen ez dena ez da existitzen. Orduan, guk ikusarazi nahi genien hori garrantzitsua zela hori dokumentalean azal dadin. Bestela, grabatzen ez dena existituko ez balitz bezala da. Eta hori barneratzea ez da erraza izan.

Nikaraguan egon zareten komunitate horietan medikuntza tradizionalak pisua du oraindik. Zein da medikuntza arruntaren eta tradizionalaren artean duten oreka?

Egia esan, oso ondo egokituta ikusi genituen biak. Ospitale ofizialetan medikuntza tradizionaleko medikuak daude, eta erabat normalizatuago dago oreka hori. Are gehiago, tradizionalari errespetu handia diote. Biztanleen lehen aukera da, gainera, eta arazo handiagoak dituztenean jotzen dute mediku arruntetara. Azken finean, badakite medikuntza tradizionalak ez diela arazo guztiei erantzuten, baina orain arte oso ondo moldatu dira biak.

Horrek ere izango du zerikusirik medikuarengana joateko egin beharreko bidearekin. Dokumentala grabatu zenuten herrietara ibaiz irits zitekeen bakarrik...

Bai, medikuarengana joateko zazpi ordu eman behar dituzu kanoan, eta autoz beste bi ordu. Hango errepideak, gainera, oso kaxkarrak dira, eta medikuarengana joatea asko luzatzen da. Zaila denez, arazoari aurre egiteko beste bide batzuk bilatu behar dituzte. Horretarako daude erditzen laguntzen duten emakumeak, edo ospitaletik komunitate horietara joaten diren medikuen brigadak. Denetarik dago, eta dauzkaten arazoei irtenbidea jartzen diete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria