Erabilgarritasuna gakoa

Asteon aurkeztu dituzte azken erloju adimendunak: Apple etxeak lehenbizikoz atera du berea, eta Android sistema darabilten etxeek lehengoak hobetu dituzte.

Bi tamaina eta hiru bertsio izango ditu Applen erlojuak: sport erlojua, arrunta, eta luxuzkoa, hurrenez hurren. APPLE.
Maialen Unanue Irureta.
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Eskumuturrean eramatekoak dira, erlojuak, baina ez dira erloju soilak. Erloju adimendun deitu ohidiete, etorkizuneko joera izango omen den wearable compunting (teknologia jantzigarria) delakoaren azken berritasuna. Sakelakoen erabilera ugari dituzte halako erlojuek, nahiz batetik bestera aldaketak izan. Ez da produktu berria, halere: iaz merkaturatu baitziren Android sistema eragilea darabilten gisa horretako gailuak.

Apple etxeak asteon egin du bere azken produktuen aurkezpena; horien artean, bere lehenengo erloju adimendun propioa, Apple Watch izenekoa. Applek bereak aurkeztu zituen egun berean amaitu zen Berlinen IFA azoka, zeina, besteak beste, komunikazioen teknologiaren industrian dabiltzan enpresek euren azken produktuen erakuslehio gisa erabiltzen duten.

«[Apple Watch-en] diseinuaren inguruko kontzeptu batzuk azaldu dituzte, eta erakutsi dute, gutxi gorabehera, nola funtzionatuko duen, eta abar. Baina egia esan, xehetasun tekniko asko ez dituzte eman», dio Joxe Rojasek. Teknologia berrietan aditua, eta horien zalea da; horren erakusle, Teknopataren txokoa, Rojasen webgunea. Eta xehetasunetan sartu ez arren, aurkezpen hori nahikoa izan da Android adarretik ateratako erloju adimendunekiko Apple Watch-ek duen desberdintasun bat agerian uzteko: gailuaren kontzeptuarena bera. «Android sistema duten guztiak, edo gehienak, nolabait, telefonoetan dauden funtzioak erlojura ekartzen saiatu dira. Hori dela eta, handiegiak dira erloju bat izateko. Apple etxekoen helburua, aldiz, erloju bat egitea izan da, eta ez smartphone txiki bat».

Desberdintasun horrek baldintzatu du, beraz, batzuen eta besteen itxura, diseinua. Android sistema darabiltenak guztiz autonomoak dira: «Telefonoaren bidez egin daitezkeen eragiketa guztiak egin daitezke erlojuaren bidez; horrek pantaila txiki batean dakartzan desabantaila guztiekin». Apple, berriz, gehiago hurbildu da erloju klasikoen diseinura: «Betiko erlojuen erruleta moduko bat du, eta gailua, gehienbat, horren bidez kontrolatzen da, ukipenezko pantaila ere baduen arren».

Applek emandako informazioa «urria» izan arren, iOS, iPhone-en sistema bera darabilte erlojuek, baina itxura aldetik, «lan handia» egin dute sistema erlojuaren ezaugarrietara egokitzen: «Ikonoak beste modu batera maneiatzen dira, ez dauka teklaturik; esan dutenez, ezingo dira mezuak bidali horren bidez, eta horrek esan nahi du iPhone-arekiko edo ordenagailuarekiko dependentzia duela». Hain zuzen ere, iPhone 5etik gorakoekin bertsioekin soilik funtzionatuko du Apple Watch erlojuak.

«Azeriaren zuhurtzia»

Apustu «guztiz» desberdinak dira, eta hala, Samsung etxeari «sekulako erlojutzarra» atera zaio. Rojasen arabera, «oso praktikoa izan arren, oso zatarra da», eta Applek, berriz, «xehetasun estetiko guztiak oso ondo zaindu ditu». Gakoa: itxarotea, pazientzia. «Samsungek urtebete darama erloju adimendunekin probak egiten. Iazko kanpainan atera zuen jada lehenengoa, eta IFAra eraman duena lehenbiziko horren hiru edo laugarren bertsioa da. Oraingoa erlojutzarra bada, ordukoa askoz ere gehiago [barreak]». Applek, «azeriaren zuhurtziaz», zerk funtzionatzen duen eta zerk ez behatu ostean atera ditu bere lehenengoak. Horra desberdintasuna. «Samsungen filosofia gehiago izan da esperimentuak egitearena, ea zerk funtzionatzen duen, eta zerk ez; Applek ematen du mundu horretan zer sortuko zain egon dela, funtzionatzen duen hori hartu eta bere ukitu elitistaz gain, diseinuarekiko mimo hori eransteko».

Sakelakoen salmenta, geldi

«Datu zehatzik» izan ez arren, irudipena du Rojasek sakelako telefonoen salmenta geldirik dela, eta horrek merkatu berriak bilatzeko —edo sortzeko— beharra eragin diela sektore horretako enpresei. Baina benetan saltzen dira halako erlojuak? Rojasek ezetz uste du: «Iaz, lehenengo iragarkietan, erlojuak bere horretan erakusten zituzten; baina hortik gutxira atera zituzten iragarkietan, sakelako jakin batekin erosiz gero hasierako prezio erdiaren edo gutxiagoren truke eskaintzen hasi ziren; Samsungen kasuan, behintzat».

Ikusteko dago hemendik aurrera zein oihartzun izango duten: itxura guztien arabera, Android sistema dutenak Gabonetarako merkaturatuko dituzte, eta Apple Watch ordularia urtarril-otsail inguruan. Eta ez dira poltsiko guztientzako izango: Android darabilten modelo berriek 300 eta 350 euro arteko prezioa izango dute; Apple Watch erlojuak 350 dolar inguruan ibiliko da —Europan, prezio hori bera eurotan edo garestiago izango duela uste du Rojasek—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.