ATZEKOZ AURRERA. Thierry Michel. Dokumental egilea

«Globalizazioaren muinean gaude»

Dokumental bat egin du Michelek Kongoko Katanga eskualdeko Moise Katumbi gobernadorearen bidez multinazionalen eta lan indarraren gatazka ulertzeko. Gaur eskainiko dute, Donapaleun.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Azken hogei urteetan mundua zeharkatzen ari da Thierry Michel (Charleroi, Belgika, 1952). Besteak beste, Belgikan, Brasilen, Iranen, Somalian eta Ginean egin ditu filmak. Atxilotu izan dute bere lanagatik. Baina baita saritu ere, L'irresistible ascension de Moise Katumbi dokumentalagatik (Moise Katumbiren goititze liluragarria). 2013ko lan horrek Kongoko Errepublika DemokratikokoKatanga eskualdea du abiapuntu. Hango gobernadore bozkatu berria agertzen du: Moise Katumbi. Giza Eskubideen Nazioarteko Film Jaialdiaren karietara proiektatuko dute gaur, Donapaleuko zinema gelan (Nafarroa Beherea), 20:30ean.

Moise Katumbi estokan bezala hartua agertzen da dokumentalean. Alde batean, agintera ekarri duten herritarrak ditu, pobreziatik ateratzea eskatzen diotenak; eta, beste aldean, finantzatzen duten multinazionalak, meategietako aberastasuna berentzat atxikitzen segitu nahi dutenak.

Hori da filmaren muina. Katumbiren kasu partikularretik haratago doa. Galdera da ea politikariek nola kudea dezaketen globalizazio hori; nola kudea daitezkeen lehengaien aldetik biziki aberatsa den probintzia bateko kontraesanak. Herritarrak biziki pobreak dira, eta hortik aterako dituen Mesias baten zain daude. Multinazionalek, berriz, ahalik eta irabazi gehien egitea dute helburu, akziodunei banatzeko gisan. Globalizazioaren muinean gaude. Iparrarren eta hegoaren edota ekialdearen eta mendebaldearen arteko gatazkan, hor baitago Txina ere. Kapitalaren jabeen eta lan indarren arteko gatazka da hor erakutsia. Baina, gero, filma bururatzerakoan, ikuslearen esku da erraitea ea multinazionalen jokoan erortzen den Katumbi ala herritarren alde ari den.

Elkarrizketatuetako baten etxeari eraso egiten diotela azaltzen duzu filmean bertan. Katumbiren kontrako lekukotasuna eman izanaz akusatzen dute erasotzaileek. Zuen lanaren indar politikoaren adibide bat al da hori?

Ez nuke halakorik erranen. Boterera iritsi den gizon baten destinoaz gogoetatzera ekartzen du filmak. Halako lan bat egitea beti da gogoeta bat proposatzea, esango nuke. Egoera baten konplexutasuna ulertarazten ahalegintzen naiz, dramaturgo batek egin ezin dezakeen modu batean. Baina ez da film militante bat. Ez nago hor politikari edo aktibista gisa.

Kongoko Errepublika Demokratikoa Belgikaren kolonia izandakoa ere bada. Hori oztopo izan daiteke?

Arbasoek egin dutenaz ez naiz ni hobendun. Aleman gazteak nazismoaren erantzule lirateke, beraz? Ez dut uste Alemaniako gazteek berenaitonek edo birraitonek egindako krimenen karga hartu behar dutenik. Ez dut ulertzen errudun egin behar hori. Afrikarren egoerari begira, zertan ninteke hobendun?

Nola deskribatuko zenuke egiten duzun lana?

Belgikar bat naiz Kongon, hango adiskideekin lan batzuk egiten dituena. Kongoko beste batzuek preziatzen ez dituzten lanak dira, batez ere. Nolabait, erran daiteke Kongoko gizartean eragiten dudala. Eta hori nik neuk onartzen dut. Baina, erru sentimendua bainoago, harrotasuna dut sentitzen kongoarrekin lan egiteaz. Beren buruaren jabe bihurtzeko prozesu horretan haiekin nago, zuzenbide estatu baten alde lan eginez. Humanismoaren ikuspegitik egiten dut. Baina ez dut ulertzen zertara datorren kolonizazioaren kontu hori. Kolonizazioa hor dago. Guztiak markatu gaitu. Erromatarrek kolonizatu gintuzten gu. Bantu populuek [filmean agertzen den Kongoko populua] bertakoak kolonizatu dituzte. Mundu guztia izan da kolonizatua noizbait bere historian. Heldu den bezala hartu beharko da. Ez da egia min guztiak kolonizaziotik heldu direnik. Humanitatearen historia guztia kolonizazioz eta kulturen nahasketaz josia dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.