ATZEKOZ AURRERA. Alvar Hervalejo eta Hector Sanz. Aldarricatuz taldeko kideak

«Valentzia eta Balearretako ezkerrak tradizio katalana du»

Euskal Herrian bizi diren hainbat katalanek Aldarricatuz taldea sortu dute. Beti agerian ez badago ere, Herrialde Katalanen ideia lurralde osoan bizirik dagoela uste du Sanzek.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Katalunia ala Herrialde Katalanak?». Galdera horri erantzungo diote Aldarricatuz-eko kideek gaur Bilbon egingo duten aurkezpenean. Hector Sanz (Seu d'Urgell, Herrialde Katalanak, 1993) eta Alvar Hervalejo (Palma, Herrialde Katalanak, 1990) Euskal Herrian bizi diren katalanak dira. Beste hainbat herrikiderekin batera sortu dute Aldarricatuz taldea, euren herriko errealitatea Euskal Herrian zabaltzeko .

Noiz sortu duzue Aldarricatuz kolektiboa?

HECTOR SANZ: Aldarricatuz duela hilabete batzuk sortu genuen, eta Kataluniako ezker independentistan kokatzen dugu gure burua. Gure lehen helburua da Herrialde Katalanen errealitatea Euskal Herrira ekartzea, euskaldunek hango errealitatea hobeto ezagutzeko.

Nola antolatuko zarete?

ALVAR HERVALEJO: Euskal Herriko herrialde guztietan presentzia izan nahi dugu. Ez dugu zerbait zentralizatua sortu nahi. Oraingoz lortzen ari gara, jendea baitugu Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

Zergatik ikusten duzue horren beharra?

H.S.: Herrialde Katalanen kontzientziaren inguruko hutsune bat nabaritu dugu Euskal Herrian. Kontrako kasuan, berriz, ez da gauza bera gertatzen. Hau da, Herrialde Katalanetan Euskal Herriaz hitz egiten denean, mundu guztiak ditu zazpi probintziak buruan. Hemen, ordea, jende askok Printzerria baino ez du buruan Kataluniaz ari denean.

Eta zer dira, bada, Herrialde Katalanak?

H.S.: Mediterraneoan bizi den herri bat gara, eta bi estaturen menpe gaude: Frantzia eta Espainia. Gure herria Salsesetik Guardamarrera eta Fragatik Maora doa. Erdi Aroan hasitako ibilbide historiko bat dugu. Baina gaur egunera heldu gara hainbat errealitatetan banatuak. Herrialde Katalanak errealitate ezberdinak dituen hizkuntza, kultura eta geografia unitate gisa ulertzen ditugu. Herri hori aldaketa sozialaren ildotik eraikiko dugu.

Nola bizi duzue Kataluniako prozesu independentista?

A.H.: Zaila da. Egia da Kataluniako burujabetza prozesuak oso arlo onak dituela, hala nola jende pila bat mobilizatu dela erabakitzeko eskubidearen alde. Ezker independentista ere prozesuan parte hartzen ari da, baina modu kritikoan. Hutsune nabarmenak dituela uste dugu. Horietako bat da, adibidez, Herrialde Katalanak hainbatetan ez direla hartu eraiki beharreko marko gisa.

Zer pisu du bertan Herrialde Katalanen aldarrikapenak?

H.S.: Analizatzeko konplexua da Herrialde Katalanen sentimendua Kataluniatik kanpo. Esan behar dugu ezker politiko guztia tradizio katalanistatik datorrela Valentziako Herrian eta Balearretan, baita PSOE ere. Tradizio hori batzuetan agerian egon da, eta beste batzuetan ez. Eskuinak, berriz, espainiartasunaren eta antikatalanismoaren aldarria egin du. Azken hogei urteetan, eskuinaren hegemoniak zaildu du Herrialde Katalanen aldeko aldarrikapena.

Beraz, uste duzue modu inplizituan sentimendu hori badagoela?

A.H.: Nik esango nuke Herrialde Katalanen ideiak hedapen bera duela Palman [Balearrak] eta Vicen [Katalunia]. Oso adibide ona da iazko ikasturte hasieran gertatu zena. Hezkuntza eredu berri bat inposatzen saiatu zen PPko gobernua. Horrekin, orain arte mantendu den murgiltze eredua bukatu nahi zuten. Hezkuntza komunitatearen erantzuna hiru asteko greba mugagabea izan zen. Hezkuntza sistema osoa itxita egon zen hiru astetan. Proiektua bertan behera gelditu zen. Kanpokoak harrituko dira, baina borroka horren sinboloa lau barrako bandera izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.