ATZEKOZ AURRERA. Harritxu Zubeldia. Hor Dago Abante konpartsako kidea

«Hurrengo urtean txosna jarriko dugu; adostuta dago»

25 urte bete dituen urtean, Hor Dago Abante-k lehen Aste Nagusia igaro du txosnarik eduki gabe. Hausnarketa urtea izan da haientzat, eta urteurren festa egingo dute bihar Hikateneoan.
Itsaso Begoña eta Harritxu Zubeldia, Hor Dago Abante konpartsako kideak.
Itsaso Begoña eta Harritxu Zubeldia, Hor Dago Abante konpartsako kideak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2016ko azaroak 25
Urte berezia du aurten BERRIAren laguntzaile den Hor Dago Abante konpartsak. 25 urte bete dituzte konpartsa gisa, eta, era berean, hausnarketa prozesu batean murgildu dira. Azken Aste Nagusian ez zuten txosnarik jarri, arnasa apur bat behar zutela ikusten zutelako, baina aurreratu dute datorren urtean itzuliko direla. Urteurrenaren harira, ospakizun bat egingo dute bihar Bilboko Hikateneoan, 19:00etatik aurrera.

Bihar urteurren ekitaldia egingo duzue. Zein da helburua?

Konpartsako hastapenetan aritu zen jendea batu nahi dugu, denborarekin apur bat baztertuta geratu den hori berriro erakartzeko. Horrez gain, jende berria ere erakarri nahi dugu. Denak elkartu, eta ospatzen hasi nahi dugu.

Ospatzen hasi?

Bai, 25 urtek askorako eman dute. Jende askok ekarpena egin dio konpartsari, Bilboko Konpartsari, Euskaldunon Egunkaria-ri, BERRIAri, eta baita beste euskarazko hedabide batzuei ere. Ekarpen horiek saritu nahi ditugu festa batekin, eta pilak aktibatu nahi ditugu berriro.

Urteurrena urte berezian iritsi delako zuengana...

Bai, hausnarketa urtea izaten ari da. Oso aberatsa izaten ari da, ikusi baitugu konpartsa sortu zenetik aldatu egin dela Bilboko Aste Nagusia, Bilboko errealitatea, eta Bilboko Konpartsek eskaini behar dutena. Funtzionamenduari eta eskaintzari begira, gure funtzionamendua aldatu egin behar dugu: kaleko giroa hartu, eta gaurkotu.

Zer aldatu da 25 urtean?

Esan daiteke, esaterako, konpartsa sortu zenean lehenengo aldiz egin zela bertso-triki kalejira bat. Orain dela 25 urte jaio zen, besteak beste, Hor Dago konpartsarekin batera. Orain oso zabalduta dagoen ekitaldi bat da. Hori adibide bat besterik ez da, baina egia da lehen oso noizean behin antolatzen zirela euskarazko jarduerak. Gaur egun oraindik ez dago Aste Nagusian euskaraz bizitzerik, baina egia da aukera gehiago dagoela. Horregatik, euskaldunak ez ezik, euskalduntzen ari direnak laguntzeko gune garrantzitsu bat izan daiteke konpartsa.

Orduan, datorren urtean Hor Dago Abante-ren txosna itzuliko da?

Argi dago. Adostuta dago.

Zergatik erabaki zenuten tarte hori hartzea?

Gauzak aldatu egin dira. Lehenago, nahikoa zen konpartsa handi bat izatea eta proiektu erakargarri bat egitea. Gaur egun bestela da. Ez da ikusten, baina urte osoan lan handia egiten du konpartsa batek, eta urtea hori guztia indartzeko aprobetxatu dugu.

Nekea zegoela esan daiteke, beraz?

Azken finean, bakoitzak bere bizitza egin du. Bakoitzak bere zikloak ditu, eta pertsona batzuk apur bat bazterrean geratu dira. Konpartsa baten dinamika mantentzea zaila da, eta momentu batean nahiko larri geundela ikusi genuen. Gelditzea erabaki genuen orduan.

Askotan, hobe delako gelditu eta arnasa hartzea, dinamikan jarraitzea baino.

Pentsatu behar dugu duela 25 urte euskarazko hedabide gutxi zeudela, eta Euskaldunon Egunkaria oso garrantzitsua izan zela orduan, baina, orain, asko daude. Gazte asko guregana etorri barik ere beteta sentitzen da, eta, orduan, behar hori ere sumatu dugu. Horregatik, jende berria erakartzeko urtea ere izan da hau.

Nolakoa izan da aurten Aste Nagusia txosnarik gabe?

Oso arraroa. Lasaiegi egon gara, etxerik gabe. Non biltzeko lekurik gabe, eta apur bat galduta. Baina horri esker ere ikusi dugu falta genuela, eta txosnaren beharra ere bazegoela.

Konpartsa euskaldunentzako gune izango da aurrerantzean ere. Lehen ez bezala, ordea, euskarazko hedabide gehiago daude. Horiei ere laguntzen jarraituko duzue?

Tarte honetan saiatu gara harreman gehiago egiten, eta, BERRIAri laguntzeaz gain, Hamaika eta Uriola-ri ere egiten diogu ekarpena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna