ATZEKOZ AURRERA

Gaur osatuko dute puzzlea

Urretxu eta Zumarraga banatzen dituen errepidearen izena du bi herriek batuta osatu duten 'GI-631' herri operak. Urte eta erdian prestatu ostean, iluntzean estreinatuko dute.

Gimnastika erritmikoko dantzariak GI-631 herri operarako entseatzen, irakasleek zuzentzen dituztela. JON URBE / ARP.
Araitz Muguruza.
Urretxu
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Musikariak iristearekin batera, atrilak falta dituztela ohartu da Gorka Hermosa akordeoi jotzailea: «Kultur etxean galdetuko dut, ea handik ekar ditzakegun». Mezua ere bidali die oraindik iritsi gabe dauden beste musikariei. Asteartean txalapartariak, biolinista, klarinete jotzaileak, abeslariak, akordeoi jotzailea eta gimnastika erritmiko taldea zeuden Urretxuko (Gipuzkoa) Labeaga aretoan. Iluntzean «ezinbestean» entseatu behar izan dute, 600 parte hartzaile baititu GI-631 herri operak. Urretxuko Ederrena pilotalekuan estreinatuko dute, gaur, bi emanalditan, 19:00etan eta 22:30ean.

Hain zuzen, emanaldiaren egunean gogoan eduki behar dituzten oharrak eman zituen Hermosak entseguaren hasieran, bera baitute eszena zuzendaria. «Hiru minutu baino ez dituzue izango oholtzan kokatzeko, zuen instrumentu eta guzti; igo aurretik, agertoki atzean egongo zarete, eta, behin zuen emanaldia eginda, igo zareten aldetik ez, aurkakotik jaitsi beharko duzue». Txalapartariek eta musikariek elkarrekin entseatzen zuten bigarren aldia zuten asteartean. Bakoitzaren ordutegira moldatzen aritu behar izan dutela adierazi du Sara Zufiaurrek: «Gogoan dut lehenengo entsegua larunbat goiz batean egin genuela». Ez zaio batere erraza iruditzen entseguetarako elkartzea. «Eskerrak Whatsappari, horri esker azkarrago aurkitu baitugu ordua», gaineratu du. Klarinete baxua joko du Zufiaurrek. Juanma Begiristain klarinete jotzailea ere iritzi berekoa da, Bilbon bizi baita: «Norberak bere ordutegia du, eta, azkenean, ahalegin handiak egiten ditu bakoitzak». Hala ere, oso interesgarria iruditzen zaie egitasmoa biei, gutxitan izaten dutelako herriko musikariek elkarrekin zerbait egiteko aukera.

Operak hamalau musika saio izango ditu, horietako hiruretan abestuko du Xabier Barriola abeslariak. Txalapartarekin eta musikariekin egingo zuen lehenengo entsegua zen. Beste saioa Mila Osinalde pianistarekin egingo du. Harekin bakarka ari da entseatzen. Zailtasun moduko bat ikusi dio, Osinalde organoa jotzera baitago ohituta. «Apur bat eragiten du ohitura falta horrek, teklatuaren eta organoaren artean egon baitaude desberdintasun batzuk».

Interpretazioan duten eskarmentuagatik agian, baina urduritasun handirik gabe zeuden Zufiaurre, Begiristain eta Barriola. Begiristainek oholtzara «disfrutatzera» irtengo dela adierazi du.Muntaketa osoa oholtzan ikusteko gogoz ere badago Zufiaurre. «Oraingoz, gure zatia baino ez dugu ezagutzen, eta badugu gogoa zuzenekoa ikusteko». Proiektuan gehiegi sartu ez delako dago horren lasai Barriola. «Saioak bakarka ari gara entseatzen, ez ditugu jarraian ikusi oraindik. Ideia bat badut, baina uste dut oraindik ez garela behar bezala jabetu».

Musikariak abestiko zatiak errepasatzen ari ziren bitartean, doinuari zegokion koreografia ari ziren egiten gimnastika erritmikoko ikasleak. Lanak pilatu zaizkiela aitortu dute Ainhoa Callejo eta Eneritz Zabaleta gimnastika erritmikoko irakasleek: «Nahiko zaila egin zaigu prestaketa, Herri Operarako koreografiarekin batera ikasturte amaierakoa prestatu behar izan baitugu». Bazuten gogoa koreografia oholtzan probatzeko. «Oholtzan eta zuzeneko musikarekin nola ateratzen zen ikusteko gogoa genuen». 24 gimnastek parte hartuko dute, nahiz eta entsegura 17 baino ezin izan ziren joan.

Operako hamalau saioak, Barbara Rivas, Jon Plazaola eta Joseba Apaolaza aktoreek egingo duten antzerkiaren bidez lotuko dituzte. Haiek eramango dute operaren haria. 2383ko Urretxun eta Zumarragan du abiapuntua operak —Plazaolak idatzi du gidoia—. Izena eta izana galduta izango dute bi herriek urte horretan, Nazio Handiak kontrolatzen baitu mundua. Horregatik dute izena GI-631. Bi herritarrek, hala ere, gurutze bat aurkituko dute mendian, eta 1883. urtera, Urretxu sortu zen urtera, bidaiatuko dute. «Hasieran, surrealismotik gertuago dagoen istorioa dirudi, baina bi herrien historiari begiratu bat egiteko aukera handia ematen duen argudioa da».

Herriko musikariak gogoan

Operan interpretatuko dituzten abestiak, berriz, Urretxu eta Zumarragako konpositoreenak izango dira. Jose Maria Iparragirre musikariaren eta Secundino Esnaola eta Gaspar Arabaolaza konpositoreen obrak, beste askoren artean. Klasikoen ondoan, baina, gaur egungo musikak ere tokia izango duela azaldu du Hermosak, tartean herriko DJ batenak. «Lortu dugu herritarrek entzuten dituzten estilo guztiei tokia egitea; azken batean, denak dira gure historiaren zati». Opera osoa behin baino ez dute entseatuko, estreinaldia baino ordu batzuk lehenago. Gogo handiz dago Hermosa. Eta herritik egiten diren gauza guztien moduan, festa giroan ospatuko dute puzzlearen osaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.