ATZEKOZ AURRERA. Gorka Gorospe. Ornitologoa eta hegazti marrazkilaria

«Ez dakigu gure ingurura begiratzen»

Hegaztiei behatzen ibiltzen da Gorospe, eta ikusitakoa paperera eraman ohi du. Besteei ere erakusten die non eta nola begiratu, ingurumen arloko interprete gida eta ingurumen kazetaria baita.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2014ko irailak 23
Marraztea eta hegaztiei behatzea; horixe dira Gorka Gorosperen zaletasunak (Donostia, 1968). Afizioak ofizio ere badira, eta berriki Parke eta lorategietako hegaztiak liburuko ilustrazioak prestatu ditu, Aranzadi elkartearentzat. Behatzaile fina da.

Txoriak marraztea maite duzu.

Beti gustatu zait marraztea, baita txoriak eta natura ere. Bi zaletasun horiek elkartuz, naturala zen azkenerako txoriak marraztea. Gaur egun nire lanetako bat da. Gidaliburuak, artikuluetako ilustrazioak, informazio panelak eta heziketarako materialak prestatu ditut. Noizbehinka gustuko dudalako ere egiten dut, edo oparitu edo saltzeko.

Naturari buruzko ilustrazioak egitean garrantzitsua da natur zientzietako ezagutzak izatea?

Ezinbestekoa da. Asko nabaritzen da artista batek ez badu ongi ezagutzen marrazten ari dena. Beti antzeman daitezke akatsak. Mugimenduak edo giroak marrazteko ere garrantzitsua da ezagutza. Dena den, garrantzitsuena naturan denbora asko pasatzea da; adibidez, garrapoa marraztu behar baduzu, hegaztia ikusi eta bere inguruan egotea.

Parke eta lorategietako hegaztiak liburuko irudiak egin dituzu.

Liburuxka haurrentzako kanpaina baterako erabiliko dute, ezagutarazteko zer aniztasun eta zer hegazti mota dauden gure inguruan. Ez dugu oso urrun joan behar: kaleetan eta parkeetan egoten dira, eta batzuetan ez gara ohartzen.

Ezagutza falta dago?

Badago, bai. Nire ustez, oro har gizarte honetan ez dakigu gure ingurura begiratzen. Natura dugu inguruan, nahiz eta hiri batean bizi, eta ez gara ohartzen. Hori heziketagatik da.

Turismo ornitologikoaz arduratzen zara. Eskari handia dago?

Geroz eta jende gehiago, baita Nafarroan ere. Nafarroako Gobernuarekin batera, programa batean lan egin dut mota horretako turismoa garatzeko. Tokiko lana egin dugu, baina lan nagusia hemengo eskaintza antolatu eta kanpoan erakustea izan da. Nafarroa oso interesgarria da txoriei behatzeko, eta turistak erakarri nahi izan ditugu, betiere modu jasangarrian; ez da masifikazio turismoa. Etortzen direnak oso interesaturik daude.

Nafarroa oso aproposa dela diozu; zer motatako tokiak daude?

Badu gauza on bat: txikia da, baina askotarikoa. Habitat asko daude, eta aniztasun horrek hegaztien aniztasuna dakar. Toki batzuk esatearren, ezagunenak hauek dira: Pitillasko aintzira; Las Cañasko aintzira, Vianan; Arbaiun eta Irunberriko arroilak; Belagua aldea; Lindus mendi lepoa; Bardea...

Zenbat hegazti ikus litezke urte bakar batean?

Joan den urtean, nik 312 ikusi nituen [Espainiako] Estatuan. Irabazleak 423 inguru ikusi zituen, baina, horretarako, denbora asko eman behar da, eta dirua behar da bidaiatzeko. Ez da erraza. Aurten Nafarroako Big Year ornitologoen lehiaketan ari naiz, eta oraingoz 242 espezie ikusi ditut. Espero dut hemendik urte bukaeraraino baten bat gehiago aurkitzea. Europan, toki gutxitan ikusten dira hainbeste espezie.

Migrazio garaia da orain: lan handiagoa izanen duzu.

Nik Lindusko proiektuarekin laguntzen dut batzuetan, ornitologo gisa hegazti migratzaileak zenbatzen. Era berean, jendea migrazioak ikustera etortzen da; beraz, gida moduan lana egoten da. Migrazioa oso fenomeno polita eta ikusgarria da: merezi du ikustea.

Migrazio garaian, bi lanbide aurrez aurre: zuena eta ehiztariena.

Normalean ez gara bat etortzen ehiztariekin. Gure asmoa hegaztiak kontserbatzea da; beste sentsiblitate bat dugu. Kontuan izan behar da ehiza errealitate bat dela, hor dagoela, eta nik uste dut kolabora dezakegula ehiza iraunkorra lortzeko; batzuetan, espezie batzuk kontserbatzeko. Kontuan izan behar dira edozein kanpaina egitean.

Hegaztiak kontserbatzearen alde egiten duzue. Europak badu gaia mahai gainean?

Hegaztien kontserbazioaz hitz egitean, inguruaren kontserbazioari buruz ari gara. Oso gai garrantzitsua da, baina bigarren mailakoa izaten da. Orain, krisia dela-eta kontserbazio funts asko murriztu dira, eta momentuan oso diru gutxi dago. Uste dut garrantzi handiagoa eman beharko lioketela, ez bakarrik alor ekologikoarengatik, baita ekonomiarengatik ere. Ingurumenaren eremuan lanpostu asko sor daitezke apustu garbia egitekotan.

Ingurumen kazetaria ere bazara. Halako gaiak behar dira eguneroko prentsan?

Garrantzitsua da, horrekin erakusten dugulako hor gaudela, jendea lanean ari dela. Lehentasunezko gaiak daude: gai sozialak, langabezia, kultura... Eta askotan baztertu egiten da ingurumena. Lehen mailako gaia beharko luke gobernuentzat, ingurumenarekin lotutako gaiak beti daudelako beste gaiekin loturik; ezin da banatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna