ATZEKOZ AURRERA. Eduard Admetlla. Urpekaria eta dokumentalista

«Halabeharrez sortu genuen materiala»

Urteek ez diote oztoporik jartzen Eduard Admetlla urpekariari. 91 urte ditu, eta ebakuntza batetik osatzen ari da, baina berriz ere itsaso azpira bidaiatu nahi du; ahal duela, 2015eko udazkenean.

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Itsaso azpira lehenengoz jaitsi zenean erabaki zuen nahi beste argazki aterako zizkiola Eduard Admetlla urpekariak (Bartzelona, 1924): «Ikusitako edertasuna zabaldu beharra zegoela sentitu nuen». Hala ekin zion urpeko argazkigintzari 50eko hamarkadan; geroago hasi zen filmak egiten. Hark egindakoak dira, besteak beste, Rumbo sur, La llamada de las profundidades eta Tierras y profundidades dokumentalak. Bere begien aurrean ikusi du urpekaritzak izan duen bilakaera.Dibulgazioan eta urpekaritzako teknologian egin duen ekarpenagatik, omenaldia egin berri diote Itsaspeko Zinema zikloan, Donostian.

Ehizatzeko hasi zinen urpekaritzan, baina azkar utzi zenion.

Akats hori egin nuen, bai. Hasi nintzen arrainak hiltzen, baina berehala utzi nion, banekielako hori ez zela ur azpira sartzeko modua eta jarrera.

Argazkigintzari eta filmak egiteari heldu zenion orduan. Zergatik?

Urpeko edertasuna ikusi ondoren erabaki nuen argazkigintzan eta zinemagintzan hastea. Ezin nituen neronentzat bakarrik jaso argazkiak; jendeari erakutsi behar nizkiola sentitzen nuen.

Tresneria aldetik gabezia handia zegoen. Nola moldatzen zineten?

Hala moduz. Material gabezia handia zegoenez, norbera saiatzen zen tresneria sortzen edo moldatzen. Ahal zen bezala egiten genuen. Lehenengoak izan ginen urpekaritzan, baina arazoak konpontzen ere aurrenak izan ginen. Batek bestea zekarren.

Argazki kamera ur azpian babesteko kutxa jarri zenion zure kamerari, eta nahikoa ondo atera zitzaizun.

Kutxa blindatu bat jarri nion kamerari, babesteko, eta bere funtzioa betetzen zuen metro batzuk barrurago eginda ere. Argazkiak ere ongi atera zitezkeen.

Urpekaritzako arropen bilakaeraren lekuko ere izan zara. Merkaturatu aurretik zerorrek probatu zenuen, adibidez, eskafandra trajea.

Ezinbestean probatu behar izaten genuen, ez baikenuen bestelakorik.Sakonera handitzen joan nintzen, eta ikusi genuen funtzionatzen zuela. Ikaragarri aldatu dira gauzak.Hasieran zerorrek sortzen zenuen, baina denborarekin merkatua sortu egin da. Gaur egun, ikaragarrizko ekipamendua dago; pentsa, kolorea ere aukeratu dezakezu.

Zerk sortu zizun urpekaritzako harra?

Lehenengo urratsa itsasoko betaurrekoak erabiltzea izan zen, horiei esker ikusten genuelako urpea. Erabili genituen lehenengo aldian txundituta geratu ginen hango edertasunarekin. «Hau guztia hemen egon, eta gu beste aldera begira genbiltzan!», pentsatu genuen. Ordura arte itsasoari bizkarra emanda bizi ginen, eta, neurri batean, oraindik ere hala jarraitzen dugu. Mundu bat deskubritzeko zegoen.

Lilura horrek eraman zintuzten esplorazio handiagoak egitera?

Horrek bultzatuta ekin genion itsasoan gehiago sakontzeari, eta nik, oraindik ere, edertasun horrekin maiteminduta jarraitzen dut. Ia 65 urte daramatzat urpekaritza egiten.

90. urtebetetzea ere itsasoan ospatu zenuen. Sasoiko zaude!

Sasoiko edo... 90 urte bete, eta arazoak etorri zaizkit. Ebakuntza egin zidaten iaz... Urtarrilean betetzen ditut urteak, eta irailean egin nuen lehenengo saioa, garai horretan izaten baita itsasoa epelen. Nire tokirik gustukoenean egin nuen: Costa Bravako artxipelagoetan [Girona, Herrialde Katalanak]. Mediterraneoko faunarik handiena dago han. Arrainekin batera egon nintzen.Izan ere, ikusten badute ez duzula ezer egiten, bakean zoazela, onartu egiten zaituzte, beren lagun izan zaitezke. Norberaren erabakia izaten da, baina bakean ez doanak ez ditu gauza berdinak ikusiko.

Osasunak lagunduz gero, beraz, berriz ere urpean egingo duzu igeri.

Luze gabe berriz egitea espero dut. Ongi sentitzen banaiz, egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.