ATZEKOZ AURRERA

Esku gazteak trebatzen

Udaberriko feria ospatu dute Elizondon, urtaroari ongi etorria emateko. Herritar ugari batu dira Baztango artisauen azokan, eta ganaduak ere ikusmin handia piztu du.

Gazte bat harria lantzen, atzo, udaberriko azokan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Elizondo
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Udaberriari ateak ireki dizkio Baztanek (Nafarroa). Urtero legez, urtaro aldaketa ospatzeko bilkura antolatu dute Elizondon: udaberriko feria. Eskulangile azoka, ganadua eta musika batu dira, eta goiz goizetik salguneak jarri dituzte Foruen plazan. Bisitariak laster bildu dira lehenengo taloen bila. Hiru gaztek prestatu dituzte sutopilak. Helduek lekua utzi, eta gazteak hasi direlako eskuak trebatzen Baztango ferian.

Garizko eta artozko taloak izan dituzte aukeran Elizondora joandako bisitariek. Eta bi salguneetan lan eta lan izan dira egun osoan. Inguruan, baina, artisauek eskuz egindako artelan, bitxi, jaki eta ukenduak ere baziren. Eta bertan ere jende andana izan da, erosketak egiten eta artisauen lanarekin gozatzen.

Sutan berotu du burdina arotzak, eta kopeka barra tankeratzen hasi da. Berehala gerturatu dira inguruan jolasean ari diren umeak; eta begiradarekin burdinari kolpeka hasi dira. «Nik ere egin nahi dut», erregutu dio haur batek haren aitari.

Baztango produktuak erosteko gunea izateaz gain, udaberriko azoka lagunekin batzeko eta pasadizoak gogoratzeko unea ere bada askorentzat. Gipuzkoatik heltzen da Tomas Maiora urtero. Baserria du Gabirian, eta, aurten ere, Elizondora iritsi, eta ganadua ikustera joan da zuzenean. Batekin eta bestearekin hizketan eman du goiza, animalia gutxi baitziren, haren irudikoz, atzoko azokan: «Lehen askoz ganadu gehiago zegoen; eta urriko azokan ere gehiago izaten da. Merkatuko plaza eta herriko kaleak beteta izaten dira».

Baztango XVII. ahari lehiaketa egin zuten atzo Merkatuko plazan, eta hiru ahari mutur beltz eraman zituen Rafael Agerrek. Almandozkoa da, eta, lehiaketan lehen aldia ez izan arren, epaileen erabakia jakiteko jakin-minez pasatu zuen goiza: «Ahariren bat ekartzen dugun aldiro, esperantza dugu». Sei mutur gorri eta zortzi buru beltz lehiatu ziren guztira. Eta Arraizko Sagrario Urroz eta Almandozko Begoña Etxalarrek irabazi zituzten lehenengo sariak.

Maiorak bezala, Agerrek ere animaliak izan ditu faltan udaberriko ferian. «Aurten jendea bai bada, baina azienda gutxi». Lehiaketara aurkeztutako ahariez gain, bi moxal eta hamar behi eta txekor zeuden. Inguruan, berriz, 300 lagun inguru.

Goizeroko lana

Goizeko seietarako lanean hasi dira Amaiurreko Andoni Camino eta Julen Elizetxe. 17 eta 16 urte dituzte, eta etxean ardiak jezten laguntzen dute egunero. 11 urte zituztenean hasi ziren, eta eskolara joan aurretik ere egiten dute beharra: eskuz.

Atzo ere, hala egin zuten. Hamar ardi jetzi zituzten, fite eta eskuz. Bisitarien artean zen Julen Elizetxeren ama: «Beste gauza batzuendako agian ez, baina ardientzako afizio handia dute». Ardien esnearekin eskuz egin zuen gazta Kortariko bordako Julen Arburua gazteak ondoren. Eta Elizetxeren amari ere eman zion parte hartzeko aukera. Ukatu egin zuen, berehala: «Orain gazteei utzi behar diegu, betikoa galdu ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.