ATZEKOZ AURRERA

Herri bat antzezleku denean

Igandera arte antzoki bihurtuko dira Leioako kaleak. Umore Azokak irauten duen bitartean, kale artista ugarik ikuskizunak emango dituzte Bizkaiko herriko plazetan.

Militarismoaren inguruko hausnarketa egiten du Gaitzerdi konpainiak Out ikuskizunean. Atzo plazaratu zuten, Leioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lasaia da herri hau, baina Umore Azoka hasten denean, erabat aldatzen da». Kalean zegoen atzo arratsaldean Mikel Rodriguez, egun hauetan kale eta plazak beste itxura bat hartzen dutelako Leioan (Bizkaia). Pasealeku edo haurren jolasleku den erdigunea antzoki bilakatzen da lau egunez. Atzo ere herri osoa antzezleku bihurtu zen. Aktore, malabarista, pailazo eta kaleko artistaz betea zegoen Uribe Kostako herria. Eta inguruan ikusleak. Ikusle asko. «Haurrak eskolatik atera eta hona etorri gara, beti egoten baita ikuskizunen bat haur eta helduentzat».

Hala ere, Leioa ikuskizunentzako agertoki handi bat bihurtzen den arren, azoka ere bada. Hau da, unean uneko kaleko ikuskizunen topaleku komertziala. Baina kanpotik ikusita, gutxi du horretatik, ez bada bertako eta nazioarteko artista eta antzezle garrantzitsuenak bertaratzen direla. Leioa, beraz, antzoki eta merkatu da, biak batera.

Baina ezeren gainetik ikuskizuna gailentzen da. Edo hala ulertu zuten, behinik behin, To R Mansion konpainia japoniarreko kideek. Cinema paradise ikuskizunarekin hasi zen atzo arratsaldean, eta baliabide gutxi baina irudimen eta akrobazia handiekin, filmetako eszena ezagun ugari irudikatu zituzten. Ikusleekin harremanetan aritu ziren.

Harreman estuagoa lortu zuen, ordea, Paolo Nani clown italiarrak. Plazara izozki orgatxo batekin iritsi zen, eta berehala haur talde handi bat bildu zitzaion inguruan. Izozki bat eskaini zion horietako bati, eta eskutik kendu, dirua eman arte. Prezioarekin etengabe jolasean, haur denak zapore gazi-gozoarekin utzi zituen. Bati izozki handi bat ematen zion bitartean beste bati eskutik kentzen ziolako. Baina denek umoretsu erantzuten zioten. Clown askok bezala, Nanik globoekin ere jolastu zen haurrekin, eta hor lortu zuen harremanik estuena.

Herria agertoki erabatekoa bihurtu zen, ordea, Cacahuete konpainiaren L'enterrement de maman XXL (Amaren hileta XXL) ikuskizunarekin. Ezohiko hileta bat irudikatu zuten frantsesek, eta, amaren hiletarako bidean, hilkutxa nora ezean ibili zuten, herritarrak une oro xaxatzen eta zirikatzen.

Atzerriko ikuskizunekin batera, bertako sortzaileen emanaldiak ere izan ziren. Tartean, Gaitzerdi konpainiaren Out. Bakearen eta gerraren arteko hausnarketa egin zuten, eta batetik besterako jauzia istant batean eman daitekeela erakutsi zuten.

Juan Ortega, ohorezko saria

Leioan, antzerki eta zirku konpainiek hartzen dute arreta, baina atzokoan izen bat nabarmendu zen denen gainetik: Juan Ortega. Lau hamarkada eman ditu Eibarko Antzerki Jardunaldiak antolatzen, eta, atzokoan, urte luzez egindako lana saritu nahi izan zioten. «Nik ez nekien ezer, gainera. Hemen nenbilen ikusten eta ezagunekin hizketan, eta, halako batean, galdetu dut ea nor zen aurtengo saritua eta denek irribarre batekin erantzun zidaten». Ezer sumatu eta jakin gabe egon zen atzoko Leioako Umore Azokako sari banaketan, ohorezko saritua izendatzean bere izena aipatu zuten arte. «Ez nuen sumatu ere egiten, eta niretzat ohore handia da hemen omendua izatea». Hain zen garrantzitsua non ohorezko sarituaren domina arratsaldean paparrean zeramatzan oraindik. Antzezleku den Leioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.