ATZEKOZ AURRERA

Lotsa etxean eta euskara ahoan

Berrehun lagun baino gehiago batu dira Ika euskaltegiak Gasteizen egindako mintzodromoan. Ikasleek, gelako zurruntasunetik atera, eta mintzakide berriak ezagutzeko aukera izan dute.

Ehun lagun baino gehiago batu dira Oihaneder Euskararen Etxeko Ur Biltegiko gelan euskaraz mintzatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hastea da kontua; gero, pixkanaka, erritmoa hartzen da», azaldu du Raul Izarra euskara ikasleak. Hirugarren urtez antolatu dute mintzodromoa Gasteizko Ika euskaltegiek. Bi txanda egin dituzte, goizez eta arratsaldez. Orotara, berrehun lagunek baino gehiagok parte hartu dute ekinbidean.

Goizean goiz elkartu dira dozenaka lagun Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko atarian. Gasteizko Ika euskaltegietako ikasle eta irakasleak dira. Azken horiek agindua eman ostean, guztiek jo dute eraikineko Ur Biltegira. Dena prest dago han.

Mikel Escudero euskaltegiko irakaslea da, eta mintzodromoko antolakuntza batzordean parte hartu du. Haren aburuz, ekinbidearen helburua ikasgelako zurruntasunetik ateratzea da, eta beste pertsona batzuekin euskaraz komunikatzeko aukera ematea ikasleei. «Ikasleek Gasteizen ez dute aukera handirik eskolatik kanpo euskaraz egiteko. Jende berria ezagutuko dute horrela, eta, kalean topatuz gero, euskaraz egin dezakete».

Ikasleak Ur Biltegian sartu ahala, mahaietan jarri dira, bost bakoitzean. Nor bere tokian zegoenean, Escuderok beharrezko oharrak eman ditu: «Mahai gainean dituzue eztabaidatu beharreko gaiak. Hogei minutu arituko zarete gai bakoitzarekin, eta gero toki aldaketa egingo dugu». Hiru gai aukeratu dituzte eztabaidarako: turismoa eta bidaiak, sare sozialak eta kirola. Parte hartzaileak hitz egiten hasteko, antolatzaileek, gida gisa, hainbat galdera jarri dituzte gai bakoitzeko.

Mintzakideak ezagutzen

Mintzodromoa martxan bada ere, ikasle gehiago heltzen ari dira tarteka. Mahai gutxi batzuk geratzen dira oraindik bete gabe. «Ikasleei gutxiago kostatzen zaie klasera etortzea eskolaz kanpoko jardueretara baino. Izena eman zutenak baino gutxiago etorri dira. Antza, nahiago izan dute ohean gelditu», aipatu du Escuderok.

Hala ere, ez dira gutxi bildu diren ikasleak. Mahai berean daude Marga Millan, Maria Jose Sainz, Laura Martin, Blanca Fernandez eta Loli Marquez. Elkarrekin jesarri dira, eta horrela ezagutu dute elkar. «Berehala egin dugu harremana. Gainera, gaiak aurretik prestatuta daudenez, errazagoa da hastea».

Hamargarren eta bederatzigarren urratsetako ikasleak dira bostak. Seigarren urratsetik aurrerako ikasleek soilik parte har dezakete mintzodromoan. Lehen aldia da horrelako ekinbide batean parte hartzen dutena, eta gustura daude. «Modu on bat da euskara praktikatzeko eta beste pertsona batzuekin harremana euskaraz egiteko».

Beste mahai batean daude Sonia San Miguel, Raul Izarra, Sandra Estebanez, Teresa Antuñano eta Olaia Bravo. Pixka bat beranduago heldu direnez, behin mintzodromoa hasita egin dituzte elkar ezagutzak. Euretako hiruk euskaltegiko gela berean ikasten duten arren, eskertu dute beste toki batean biltzeko aukera izatea. «Jendea ezagutzen ez duzunean, beti pentsatzen duzu: 'Zeinen ondo hitz egiten duten besteek, zeinen azkar eta ondo antolatua dena'». Barre egin dute bostek.

Hasieran lotsatu egin dira, baina azkar pasatu zaie. Gainera, tokiz aldatu behar dute berehala. Arduradunetako bat bildu zaie mahai aldaketa nola egin behar duten azaltzera. Mahai bakoitzak zenbaki bat du, eta mintzakide bakoitzak ere bai, 1etik 5era. Norberaren zenbakia mahaikoari batu, eta, emaitzaren arabera, beste toki batera joan behar dute. Jende berria, eta aurkezpenak berriz ere. Baina ez da lotsatzeko unea, hitz egitekoa baizik. Lotsa etxean utzi eta euskara ahoan ibiltzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.