ATZEKOZ AURRERA

Garaikoen eta bertakoen alde

Jendeak garaian garaiko produktuak kontsumi ditzan, 'Baratzeko estreinaldi handiak' kanpaina jarri du abian Kutxa Ekoguneak, kontsumo jasangarriaren alde.
Donostiako Okendo plazan jarri dute saltokia.
Donostiako Okendo plazan jarri dute saltokia. ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre -

2015eko irailak 19
Barazkiak eta zinema uste baino errazago lotu daitezke. Halaxe egin du behintzat Kutxa Ekoguneak. Garaian garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko, Baratzeko estreinaldi handiak kanpaina jarri du abian, Donostiako Zinemaldiaren barruan.

Donostiako Okendo plazan saltoki bat jarri dute erosleei garaian garaiko produktuez informazioa emateko. Etzi arte izango da zabalik. Lehiaketa bat ere jarri dute martxan. Hitz jokoak egin behar dira filmen izenen eta barazkien artean. Kill Bill filma, esaterako, Coll Bill bihurtu dute. Paper batean film izen asmatuak idatzita, eta han jarrita dagoen kutxa batera sartu behar dira. Mara Dominguezi eta Mariela Macariri ez zaie ezer bururatzen. «Ez da erraza! Zinemaldira etorri gara gaur egun-pasa. Regresion filma ikusi dugu goizean. Ezustekoz beteta dago», azaldu du Dominguezek. Haiek alde egin eta gutxira azaldu dira Victoria Cordero eta Izaro Luque alaba, ikusmiran. Baratza Paradise film izena asmatu dute biak batera. «Oso ideia ona da hemengo produktuen alde egitea, baserritarrei lana ematen zaiolako», esan du Corderok.

«Filmak noiz estreinatzen diren begiratzen dugu. Bada, egin dezagun gauza bera baratzeko produktuekin. Horixe nahi dugu transmititu», azaldu du Amaia Otazo Kutxa Ekoguneko kontsumo arduradunak. Jendearen proposamenak jasoko dituzte, eta irabazleei sariak emango dizkiete. Kontsumo jasangarriaren otarrak banatuko dituzte. Olioa birziklatzeko ontzia, arrandegi eta harategietan erabiltzeko tuperrak eta abar izango dira otarrean.

«Kutxa Ekogunekook gizarteak kontsumo ohitura jasangarriagoak hartzea nahi dugu. Bertako eta garaian garaiko produktu ekologikoak bultzatzea da asmoa», jarraitu du Otazok. Hala, galdeketa bat egin zuten jendearen artean, eta askok erosketa berdina egiten zutela ondorioztatu zuten. Ez zuten pentsatzen garaian garaiko barazki eta frutak ote ziren edo ez.

Otazok azaldu duenez, garaian garaikoa kontsumitzen denean, naturaren zikloan une horretan ekoizten ari dena ere errespetatzen da. «Inguruko baserritarrek ekoizteko sistema naturalagoak erabiliko dituzte, eta ez dira urrutitik ekarri beharko produktuak». Kontsumitzaileei garaian garaiko barazkiak zeintzuk diren erakusteko antolatu dute kanpaina, beraz, eta hainbat egitasmo jarri dituzte abian.

Horrez gain, Donostiako hainbat saltokik kanpainarekin bat egin dute. Bio Leku, Amaia fruta saltokia, Lur Lan, Ibericos de Luxe, Super Baratze, Aitor Lasa eta Pantorinek. Bezeroei informazioa eskainiko diete bertan garaian garaiko produktuei buruz, eta erosketak egiten dituztenei zapi bat emango diete.

Sakelakoetarako ere bai

Sakelakoetarako aplikazio bat ere sortu dute. Doakoa da, eta euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz dago eskuragarri. «Erosketako zerrenda egiteko orduan aplikazioa erabiltzera bultzatu nahi ditugu erosleak, garai bakoitzean zein produktu dauden jakiteko». Aplikazioak hainbat errezeta ere biltzen ditu.

Otazok gaineratu duenez, aurten Ordiziako azokara eta Usurbileko Kilometroetara zabaldu nahi dute egitasmoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna