ATZEKOZ AURRERA

Udarako norako bila

Expovacaciones nazioarteko turismo azokaren 35. aldia egiten ari dira Barakaldoko BECen. Erakustoki deigarriak jarri dituzte, bisitariak turista bihurtzeko asmoz.

Bisitari batzuk, Kubaren erakustokian informazio eske. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Euskal mitologian eta elezaharretan oinarritu dugu erakusmahaiaren itxura aurten». Marta Iza da Basque Tour turismoaren euskal agentziak Barakaldoko (Bizkaia) BECen atondu duen erakustokiaren arduraduna. Expovacaciones nazioarteko 35. turismo azoka erraldoia zabaldu zuten atzo han, eta bidaiatzeko hainbat aukeraren berri izateko abagune paregabea izango dute bertaratzen direnek, igandera arte.

Euskal agentziaren erakustokia azokara sartu bezain lasterikus daiteke, eta arreta ematen du: Euskadi jartzen duen kartel argidun bat eta zortzi kubo erraldoi daude haren inguruan. Kubo batean, Tartaloren irudia dago; beste batean, basajaunarena, eta, hirugarrenean, lamia batena.Izak eman du azalpena: «Liburuxka batzuk argitaratu ditugu, eta, horietan azaltzen diren jarraibideei kasu eginez gero, Euskal Herrian barrena oso ibilbide bereziak egin daitezke, izaki magiko eta mitologikoak ezagutuz. Hortik erakusmahaiaren dekorazioa». Era berean, esan duenez,barruan zenbait marka bildu dituzte: euskal haranak eta mendiak, euskal kostaldea, Arabako Errioxa eta Bilbo, Gasteiz eta Donostia hiriburuak. «Marka desberdinen araberako banaketa honek Euskadiren aniztasuna erakusten du. Basque Style deitzen diogu honi, eta Basque Style hori hiru ezaugarrik osatzen dute: aniztasunak, nortasunak eta gastronomiak». Donostia markak jarri duen erakusmahaiaren bestaldean Carlota Dilla dago. «Hiriaren edertasunak eta gastronomiak erakarrita etorri izan dira bisitariak Donostiara orain arte.Baina Europako kultur hiriburu izendatu dutenetik, bestelako turismoa ere ikusten da.Horrela, bada, 2016 honetarako ekitaldi mordoa programatu dira: musika, antzerkia, zinema, jardunaldiak...».

Espainiako autonomia erkidegoek muntatu dituzte erakustoki deigarrienak aurtengo azokan, eta horietako batzuetan beren lurraldeko edari eta jatekoak ere eman dituzte. Andaluziakoarenean, esaterako, urdaiazpikoa eta rebujito-a opatu dizkiete bisitariei. «Euskal Herrian gastronomia ona dago, baina baita Andaluzian ere. Sukaldaritza mediterraneoa oso preziatua da», adierazi du Ana Delgadok. Caminos de Pasion izeneko ibilbide turistiko eta kulturalari buruzko informazioa ematen dihardu, eta, esan duenez, Andaluzia barnealdera bidaiatzea da benetako Andaluzia ezagutzeko aukera onena. «Guregana informazio eske datozenek euren bidaiak antolatuak dituzte jadanik, eta oso gauza zehatzak galdetzen dizkigute. Kostaldea da, agian, gehien ezagutzen dena, baina Andaluzia askotarikoa da oso, eta xarma handiko lekuak daude».

Munduaren bestaldeko herrialdeek ere euren tartetxoa bilatu dute Expovacaciones erraldoian. Eta, kasurako, Hego Amerikako herrialdeek beren gutiziak ikusgai jarri dituzte. Argentinak, Puerto Ricok eta Kubak, besteak beste, argazki dotorez jantzi dituzte erakustokiak: hondartzak, palmerak eta itsasoetako ur gardenak nonahi. Halere, Dulce Maria Sanchez Kubak Espainia eta Portugalerako duen turismo bulegoaren arduradunaren esanetan, herrialdearen ikuspegi oso hertsia da hori:«Bai, Kuban hondartzak sobera ditugu, baina Kuba ez da hondartzak besterik ez duen irla bat. Habanara joatea beharrezkoa da, baitaKubako beste hiri kolonial tipikoak bisitatzea ere. Asko gizateriaren ondare izendatuta daude. Kuban badago nondik ibili». Aipatu duenez, eskaintza kulturala ere oparoa da. «Dantza eskolak hartzera joaten direnak ere badaude, eta ballet denboraldiak, antzerkiak, musikak edota zineak ere garrantzi handia daukate». Euskal Herriaren eta Kubaren arteko antzez ere solastun da, eta herrialde bien arteko harreman komertziala urteetakoa dela argitu du. «Harremana oso ona da; esango nuke itsas tradizio handia daukagula bai batak eta bai besteak».

Bidaiatzeko beste modurik aldarrikatzen duenik ere aurki daiteke azokan. Centro Caravaning Gorbeak 30 autokarabana eta karabana eraman ditu BECera; denak ikusgai daude, eta denak salgai. «Autokarabanen eta karabanen mundua erakutsi nahi dugu. Gero eta zale gehiago ditu; dena den, Europako beste herrialde batzuetan askoz zabalduago dagoen bidaia modua da hemen». Vicente Floresda erakustokiaren arduraduna, eta, esan duenez, Euskal Herrian Gipuzkoa da autokarabanazale gehien duen lurraldea, «punta-puntakoa eta afizio handikoa». Salaketa egiteko tartea ere hartu du : «Ez dago araudi zehatzik autokarabanei dagokienez, eta horrek mundu honi kalte handia egiten dio. Adibidez, ez dago zehaztuta zenbaterainoko abiaduran ibil daiteken autokarabana batekin. Edota autokarabanentzat egokituta zerbitzuguneen kontua, hori ere kolokan dago». Hori dela eta, interesgarria iruditzen zaio azokan egotea, oporrak igarotzeko beste «alternatiba» bat eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.