ATZEKOZ AURRERA

Abiada bizian turistak hirian

Modan dago lasterka eginez hiriak ezagutzea. Ez da turismo egiteko modu ohikoa, baina, antza denez, atzerritar asko erakartzen ditu ideiak. Bilbon bada aukerarik horretarako.
Caroline Ames eta Oliver Ames aita-alabak, eta Aitor Sainz gidaria, Guggenheim paretik igarotzen.
Caroline Ames eta Oliver Ames aita-alabak, eta Aitor Sainz gidaria, Guggenheim paretik igarotzen. MONIKA DEL VALLE / ARP

Pello A. Zuazo -

2016ko maiatzak 28
Parisen egon gara, eta handik Bartzelonara joan ginen. Lagunak dauzkat Bilbon egon direnak, eta haiek gomendatuta etorri gara. Hainbeste gauza on esan dizkigute...». Oliver Ames eta haren alaba Caroline Ames atzo heldu ziren Bilbora. Bostondarrak dira (AEB), eta lehen aldia dute Euskal Herrian. Hiriaren inguruan zer edo zer dakiten galdetuta «Guggenheim museum» eta «Basque Country» berbak esan dituzte, ez besterik.

Guggemheim aldamenean dagoen Gran Hotel Domine dotorearen atarian egin dute zita. Han dago Aitor Sainz, hiria erakutsiko dien gidari kirolaria. Izan ere, modu berezi batean egingo dute «ibilbide turistikoa»: lasterka. Sainzek eta Sergio Salas bere kideak lau urte daramatzate turistekin horrelako ibilbideak egiten Bilbon zehar. «Sergiori bururatu zitzaion ideia. Beti istorio bera kontatzen du: Montrealen eztei bidaian zegoela, hirian barrena lasterka egitera atera zen, eta galdu egin zen. Horrela, ba, pentsatu zuen ondo egongo litzatekeela lagun bat izatea, ezagutzen ez dituzun hirietan lasterka egiteko eta hiria ezagutzeko». Eta horrelaxe sortu zuten Running Tours Bilbao enpresa.

Hoteletik irten, errepidea gurutzatu, eta Puppy lorezko txakur erraldoiaren begiradapean beroketak egiten hasi dira. Bitartean, Sainzek ibilbideari buruzko zenbait xehetasun eman dizkie: «Lehendabizi, ibaiaren paretik joango gara, Guggemheim inguruak ikusiko ditugu, eta Salbeko zubiaren azpitik pasatuko gara. Zubizuri gurutzatuko dugu gero, eta Artxandara igoko gara, funikularrean». Ames aita-alabak ez dute nolanahiko ibilbidea aukeratu, Green Belt deritzona baizik, hau da, Eraztun Berdea. Artxandara joango dira, hango mendi eta basoetan korrikaldia egingo dute, eta hirira jaitsiko dira berriz.

Oliver Amesek euren aukeraketaren zergatia azaldu du: «Polita izango litzateke hirian barrena eta ibaiaren inguruan korrikaldi bat egitea, baina Interneten begira ibili ginen, eta erabaki genuen bestelako ibilbide bat egitea. Hiria gainetik ikusiko dugu, beste modu batera eta beste ikuspegi batekin. Gero egun guztia daukagu hiriko kaleetan barrena ibiltzeko, hau eta beste bisitatzen».

Beroketak bukatu eta ibaiertzetik lasterka abiatu dira. Sainzek lekuaren berri eman die: «Hau orain horrela ikusten duzue, garbi-garbi eta moda-modan, baina duela 20 urte hiriaren itxura oso bestelakoa zen. Leku honetan zehazki industria zegoen, kea, trenaren errailak, auto zaharrak, kutsadura, ibaiak txarto usaintzen zuen...». Aho zabalik gelditu dira iparramerikarrak, eta ez dirudi Sainzen berbak sinistu dituztenik. Salbeko zubiaren azpitik pasatzean, Sainzek istoriotxoa borobildu du: «Aspaldi, arrantzaleak, itsasoan denbora luze bat egin ostean eta Bilbora itzultzen zirenean, toki honetatik ikusten zuten lehenengoz Begoñako Ama Birjina. Hori dela eta, euren patroia ikusita, jada seguru zeudela sentitzen ziren, eta etxean zeudela. Hori ospatzeko, salbe bat kantatzen zuten, kantu erlijioso bat». Ziurrenik, asko izango dira zubiaren izenaren jatorria ez dakiten bilbotarrak. Eta istorio kontalariak harro bota du: «Eta orain, zuek, iparramerikarrek, ezagutzen duzue. Zortedunak!».

Mendira funikularrean

Aurrera jarraitu dute, eta beste zubi bat bidean: Zubizuri. «Ibaia zeharkatuko dugu, eta adi egon, alfonbra daukan zubi batetik pasatuko gara eta!». Santiago Calatrava arkitektoak diseinatu zuen zubiaren inguruan badago zer itaundu. Behinola, oinezkoek laprast egiten zuten handik pasatzean, zorua oso labainkorra zelako. Eta udalak alfonbra latz bat jarri zuen zubi guztian, erorikoak saihesteko. «Oso arkitekto famatua da Calatrava, baina oso polemikoa; zubi honen inguruan hainbat afera eta epaiketa izan ditu Bilboko Udalarekin», zehaztu du gidariak. Eta aita-alabak, berriz ere, zur eta lur.

Funikularra hartzen den tokira iritsi dira, eta arnasa hartu dute. Ur trago bat, «egarria ez izan arren ere ura edan behar delako». Sainzek motxilatxoan gordeta dauzka bestelako «gutizia» batzuk Artxandara ailegatzen direnerako, bai beretzat eta bai bezeroentzat.

Funikular barruan solasean aritu dira. «Oporretan egon garenean, ibilbide turistiko asko egin ditugu, baina oinez. Oraingo honetan lasterka egiteko oinetakoak ekarri ditugu maletan. Zerbait berri probatu nahi genuen, itzela da kirola eta turismoa egitea aldi berean!», dio Oliver Amesek, animoso. Alaba lotsatiari ere aurpegia alaitu zaio, funikularra martxan jarri denean. Eta aitari hitza kendu dio: «Ia egunero egiten dugu korrika Bostonen, baina oporretan, ez; nik, gainera, hockey ere egiten dut!». Artxandara iritsi, funikularretik jaitsi, eta erritmo bizia hartu du hirukoteak. Biziegia. Kazetariak ezin izan du euren pausoa jarraitu, eta han agurtu ditu: «Segi, segi! Berehala harrapatuko zaituztet eta!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna