ATZEKOZ AURRERA

Praktiketako maratoia

EHUn irrati maratoia egin dute, lehenbiziko aldiz, Euskararen Egunaren harira. Leioako ikus-entzunezko fakultateko ikasleen esku egon da hiru orduko irratsaioa koordinatzea.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Goizeko hamaikak jo berriak dira, eta EHUko lehen irrati maratoia martxan hasia da. Irrati estudioko mahaiaren bueltan kazetaritzako lau ikasle daude, eta horren parean dagoen teknika gela, berriz, beteta. Irratsaioan izan behar zuen telefono dei batek huts egin du, eta urduritasuna areagotu egin da teknika gelan dauden ikasleen artean. Atzera eta aurrera dabiltza horietako asko, ezinegonez. Horietatik asko kalera bideratu ditu Leire Iturregi irakasle eta irratsaioko teknikariak. Hurrengo mahai inguruan hitz egin behar ez duten guztiak sobera daude. Berreskuratu dute deia, eta aurrera jarraitu ahal izan du irratsaioak. Euskararen eta gazteen arteko harremanari buruz ari dira.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira lehen irrati maratoia antolatu dute EHUn. Hiru orduko etengabeko emanaldia eskaini dute kazetaritzako ikasleek. Fakultatetik, eta fakultatearentzat. Ikus-entzunezko fakultatearen kanpoko aldean bozgorailuak jarri dituzte, Mikel Laboa plazako ikasle denek irrati estudioan egiten ari direna entzuteko. «Ikasleek egiten duten lana azaleratzeko balio du, baita unibertsitatean euskara sustatzeko ere», azaldu du Maialen Goirizelaia irakasleak eta maratoiaren antolatzaileetako batek. Fakultate osoaren aurrean aritu dira hitz egiten, beraz, eta horregatik halako urduritasunak lehen telefono deiak huts egin duenean. Hiru hilabete dira ikasleak maratoia ikasgelan prestatzen hasi zirela: irratsaioa nolakoa egin pentsatzen; eta, azken hilabetean, saioa idazten eta koordinatzen.

Urduritasunak, gainera, bezperan hasi ziren. Ostegun iluntzean elkarrizketaturen batek esan baitzien bertan ezin zela egon, baina arazo horiek konponduta, aurrera egin dute irratsaioarekin. «Kazetaritza ere horrelakoa da», eta horregatik ofizioa ikasteko modu on bat izan dela esan du Iker Iglesias laugarren urteko ikasleak. Estudio inguruan dabil, paperak eskuetan dituela. Hitz egitera sartzeko hamar minutu inguru falta zaizkio, eta urduri dago. Baina, arazoak arazo, hitz egiten eta inprobisatzen badakienez, egoerari aurre egiteko prest dago. «Esperientzia oso polita izaten ari da», esan du Ander Agirregabiria ikasleak.

Ostiral goiza da, eta ikus-entzunezko fakultatean dagoen irrati estudioko joan-etorri eta urduritasunaz gain, giro lasaia dago Leioako campusean (Bizkaia). Ikus-entzunezko fakultatearen kanpoan entzun daiteke irratsaioa, eta auditoriumean bideoz zuzenean ikus daiteke barruan gertatzen ari dena. Antenan ez dauden kazetaritza ikasleak bertan daude irratsaioa ikusten, gradu osoko ikasleei eragin baitie esperientzia berri honek.

Euskara alde askotatik

Maratoian hainbat ikuspegitatik landu dute euskararen gaia. Lehen orduan, gazteek euskararekin daukaten harremana ikertu dute, aisialdian zein hizkuntza hautaketa egiten duten jakiteko. Horretarako, Kafe Antzokiko ostegun gauetara joan dira, bertan dauden gazteek zein hautu egiten duten jakiteko. Hurrengo orduan, euskararen eta kazetaritzaren artean hausnartu dute, euskal kazetaritza zer den galdera abiapuntutzat hartuta. Zein ezaugarri dituen, eta nork kontsumitzen dituen hedabide horiek.

Azkenik, unibertsitate esparruan egonik, euskararen eta unibertsitatearen gaia landu dute Nekane Balluerka errektore hautatu berriaren parte hartzearekin. Egitarau oparo eta zabala, etorkizuneko kazetariek ofizioa bertatik bertara ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.