ATZEKOZ AURRERA

Ikatza ere opari gozoa denean

Txalupaz lehorrera iritsita, Mari Domingik eta Olentzerok Baionako karrikak zeharkatu dituzte, musikaz lagunduta; Merkatu plazan bukatu dute ibilbidea, goxokiak jaurtiz.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera ospatu zuten atzo, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Olentzero hor da?», galdetu zuen batek; «bai, iritsi da!». Tenorez agertu zen ikazkin ezaguna Errobi ibaira,Olentzeroren Lagunak elkarteak antolatu bezala. Ohiko moduan, txalupaz iritsi zen, Mari Domingi Xaho kaian zain zuen bitartean. Baionako ikastoletako eta ikastetxe publikoko ele biko alorreko haurrak gogotsu zeuden, eta gurasoak ere, kontent euren haurrak hain pozik ikusita.

Haurrek, agian, beste zerbait espero zuten, baina ikatz puska bana banatu zien Olentzerok iritsi berritan. Ikatz gozoa zela ohartuta, ordea, «ama, ama, begira ikatza!», esan zion haur batek harro eskuetan zuena erakutsiz. Izozki bat balitz bezala, zupa eta zupa ibili ziren.

Bitartean, astoa zain zuten biek, harekin egin behar baitzuten Baionako karriketan itzulia. Zain zegoen bitarte horretan bere oparia ere utzi zuen animalia gaixoak... Aurten ez zuten ohi bezala haurrekin batera egin ibilbidea, beste urteetan haur asko elkartzen zirelako eta segurtasuna ere kolokan jartzen zelako finean. Hala eta guztiz ere, ez ziren bakarrik egon, txistulariak, danborrariak eta kalean zegoen jendea festara gehitu baitzen.

Ibilbidean zehar goxokiak banatuz joan ziren, eta bazuten nahiko lan Eguberriaren bi mezulariek. Gurasoak ere argazkiak hartzeko irrikan zeuden; euren seme-alabak baserritarrez jantzita dotore zeuden, eta ezin argazkia atera gabe utzi. Olentzeroren ondoan lau bat haur jarri ziren argazkirako, eta aita batek berehala esan zuen: «Aizue, Mari Domingirekin ere argazkia aterako dugu, bera ere protagonista da eta».

Bitarte horretan haur bat negarrez, galdu egin zela esanez. Ez zen harritzekoa, jendea aurrera eta atzera, denak urduri eta ondokoari kasu eman gabe zebiltzan. Handik gutxira azaldu zen ama; lasaitu ederra hartu zuen haurrak, ordutik bere amaren eskua askatu gabi ibili zen zer gerta ere. Pixkanaka-pixkanaka aurrera eginez, tarteka dendetan ere sartzen ziren, elkartea laguntzen duten komertzioetan, batik bat. Euren jarduna momentu batez eten, bertan zeudenak harritu eta bide batez ez dakitenentzat Olentzero eta Mari Domingi existitzen direla adierazi nahi zuten horrela. Eguberri on bat desiratuta, bideari ekiten zioten berriro.

Halako batean, ezustekoa. Andre Maria katedralaren arkupean, Errobi kanta taldeko kideak zain zeuden, euren bozak martxan jartzeko prest. Eskusoinua lagun, Olentzero, Horra Mari Domingi eta bukatzeko Toribio Altzagaren Txanton Piperri kantua abestu zuten, Euskal Herriko semeak gara izenez ezagunagoa dena. Eskerrak emanez agurtu, eta ibilbidearen azken txanpan sartu ziren atzoko protagonistak.

Danborra jotzera ere animatu zen Mari Domingi. Danborrari baten bi makilak hartu, eta barrilari jo eta jo aritu zen txistularien musikari jarraituz.

Merkatu plazan zain

Haurrak Merkatu plazan zeuden zain; bitarte horretan jolasten ibili ziren, baita gabon abestiak kantatzen ere. Azken kantua Mari Domingi eta Olentzerorekin abestu zuren, Hator hator kantua, hain justu. Bukatuta, beste momentu gozo bat zetorren: goxokiak. Astoak gainean zituen zakuetatik goxoki paketeak atera eta pareko balkoira igo ziren biak, ondoren handik jaurtitzeko. Bat bera ere ez zen alferrik galdu bidean. Hurrengo urtera arte agurtu ziren, edo gaur gauera arte, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.