ATZEKOZ AURRERA. Arantza Aranburu. Geologoa

«Egunero darabiltzagu arroken baliabideak»

Geologia gizartean hedatu nahi izan du Aranburuk 'Lurraren Bidean' dokumentalarekin. Hizkuntza sinple eta grafikoen bidez, xehe-xehe, Euskal Herriko historiaren 300 milioi urte bildu dituzte.

Arturo Apraiz, Arantza Aranburu eta Arantxa Bodego. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Leioa
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
EHUko geologia irakasleen talde batek aurkeztu berri du Lurraren Bidean dokumentala, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Arturo Apraiz (Atxondo, Bizkaia, 1967) eta Arantxa Bodego (Beasain, Gipuzkoa, 1982) lankideekin batera, Arantza Aranburu (Olaberria, Gipuzkoa, 1966) arduratu da zuzendaritza zientifikoaz. Aitortu du errazago egiten duela irakaslearen rola aurkezlearena baino.

Nondik dator Lurraren Bidean dokumentala?

Aranzadi zientzia elkartearen ideia izan zen Euskal Herriko geologiaren inguruko dokumental bat egitea. Geologiaren inguruan oso gutxi dokumentatu da, eta euskaraz, ezer ez. Hala, Euskal Herriko geologiaren bi pasarte kontatu ditugu 50 minutuan. Ikusten diren ebidentzietatik abiatu eta interpretazio bat eman diegu, metodo zientifikoaren bidez. Baina oso era sinple eta ulerterrazean egin dugu, ahalik eta gehien zabal dadin.

Beraz, helburu dibulgatiboa du?

Argi genuen ez genuela geologoentzako lan bat egin nahi. Gure jarduna gizartera hurbiltzea zen helburua: bereziki irakaskuntzara, eta gure jardunarekiko interesa duen edonorengana. Ez dugu oso hiztegi teknikoa erabili, eta grafismoen bidez ilustratu dugu.

Euskaraz, gainera.

Gabezi handia zegoen, eta badago oraindik ere. Guk ale bat jarri dugu, baina ez estaltzeko adinakoa.

Erraz moldatu zarete?

300 miloi urte 50 minutura murriztea eta edonork ulertzeko moduan azaltzea izan da zailena. Baina gidoilariek asko lagundu digute bidean: bagenekien zer esan nahi genuen, eta gidoilariek bazekiten nola esan. Bi aldeak oso ongi moldatu gara.

Euskal Herriko geologia Mutriku eta Zumaia arteko flyschera mugatzen da?

Hori saihestu nahi izan dugu. Flyscha da marketina duen leku bakarra, baina horrelako gehiago egin daitezke. Euskal Herria dibertsitate handiko eremua da: arroka mota asko daude korapilatuta, eta, irakurtzen zailagoa izan arren, garai desberdin askotako arrokak ditugu.

Euskal Herria berezia da geologoentzako?

Berezia baino gehiago, aberatsa esango nuke. Arroka klase asko dugu, ongi ikusten direnak, eta egiturari dagokionez interesgarriak.

Ba al dago Euskal Herria bezain ingurune aberatsik?

Bai. Ez gara bakarrak munduan. Esaterako, Pirinioak alboan ditugu, eta Euskal Herria bezain aberatsak dira. Baina zaila da esaten ingurune bat bestea baina aberatsagoa den edo ez. Ingurune bakoitzak bere ezaugarriak ditu, desberdinak dira;zer bilatzen duzun, hobea da toki bat edo bestea. Gure ezaugarria da arroka desberdin ugari ditugula toki txikian.

Zer dela-eta dago horrenbesteko dibertsitatea?

Azken 300 milioi urtetan geografikoki ingurune desberdin asko egon dira: egon dira uraren mailatik gorako eremuak, itsas sakonera baxuko uharriz betetako eremuak, kostaldea delta erraldoiekin, mila metroko sakonera izan duten itsas eremuak... Eremu bakoitzean arroka mota desberdinak sortu dira. Arroka desberdin horiek, Iberia eta Europa batzean, azaleratu egin ziren, pilatuta azaleratu ere.

Eta orain, arroka horiei esker, iragana ezagut daiteke. Nola irakurtzen da haitz bat?

Hainbat printzipio daude. Gaurkotasunarena da horietako bat. Horren arabera, egun gertatzen diren prozesuak iraganean ere berdin gertatuko ziren. Adibidez, kareharriak sakonera gutxiko itsasoetan eta klima epeletako inguruetan sortzen badira, iraganean ere hala izango zen. Beraz, kareharriak dauden inguruak sakonera gutxiko urak eta klima epelekoak ziren duela milioika urte. Arrokek eta fosilek bestelako ezaugarriak izaten dituzte, eta ezaugarri horien bidez ere informazioa bil dezakegu. Baina arroka bakoitzari galdera jakin batzuk egin behar zaizkio. Arroka bakoitzean bilatzen dugun istorioa desberdina da.

Eta etorkizuna iragar daiteke?

Iragarpen batzuk egin daitezke eskala handiko eboluzioari buruz. Badakigu, adibidez, hemendik milioika urtetara beste superkontinente bat eratuko dela: Amasia. Edo aldaketa klimatikoak aurretik ere gertatu direnez, iragar dezakegu oraingoan munduak nola erreakzionatuko duen. Asko jakin daiteke iraganera begiratuta.

Lurraren Bidean dokumentalari esker geologo gehiago egongo dira etorkizunean?

Gazteren bat geologiaz interesatzea lortuko bagenu, pozik. Gainera, gizarte heldu bat nahi badugu, jakinduriaz betetako gizarte bat behar dugu. Dokumentalarekin erakutsi nahi dugu balio asko daudela geologiaren inguruan: arroketatik ateratako baliabideak, litioa esaterako, egunero erabiltzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.