Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

«Kafesnea ez, baizik ebakia»

'Amona's Power' tailerra egin dute Donostiako Materialen Fisikaren Zentroan: 55 urtetik gorako emakumeentzat eginiko saioa izan da, andre zientzialarien lana ikusarazteko.
Egunerokoan ohikoak diren osagaiekin esperimentuak egiten aritu dira tailerrean.
Egunerokoan ohikoak diren osagaiekin esperimentuak egiten aritu dira tailerrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko otsailak 10 - Donostia

Ez dira denak amonak, eta ez dira denak zaharrak, baina 55 urtetik gora dituzte, eta jakin-mina, berezkoa. Amona's Power ekimenak erakarri ditu Donostiako Materialen Fisikaren Zentrora (MFZ-EHU). Izan ere, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta zentro horrek hainbat ekimen antolatu ditu haien lana plazaratzeko, CIC Nanogunerekin, CIC Biomagunerekin eta DIPC Donostia International Physics Centerrekin batera.

Zehazki, 34 andrek eman dute izena Amona's Power-en, eta izen ematea itxi egin behar izan dute: izan ere, ikertzaileek emakumeen galderak ahalik eta ongien erantzun zitzaten nahi zuten, eta hori ez zen posible izango parte hartzaile gehiagorekin. Zergatik 55 urtetik gorako emakumeak? «Egoera oso zaila zen haiek ikasketak egin zituzten garaian, baina esan nahi diegu horri buelta ematen ari garela, eta aukera bat eman nahi diegula, badutelako zeresana: zergatik ez dira izango haiek ere kultura zientifikoaren zabaltzaileak?», azaldu du Idoia Mujika MFZko komunikazio eta dibulgazio arduradunak.

Celia Rojero fisikari esperimentalak egin die harrera bisitariei, eta azalpen labur bat eman die emakumeek zientzietan duten presentziaren inguruan. Datu ugari bota ditu, eta grafiko bidez azaldu. Besteak beste, munduko mapa bat jarri die, herrialdez herrialde emakume eta gizon zientzialarien ehunekoak adierazten dituena koloreen bidez. «Europan aurrerakoiak garela uste dugu, baina, hemen ikus dezakezuenez, Bolivian eta Myanmarren gu baino hobeto daude; Latinoamerikan %44 da proportzioa, eta Europan %38, eskuzabalak izanda», ohartarazi du Rojerok.

Bi taldetan banatu dituzte: erdiak bisita gidatua egitera joan dira, eta beste erdiak, tailerrera. Euren lanak utzi eta boluntario aurkeztu diren emakumezko ikertzaile gazteak dituzte zain. Zientziak egunerokoan duen eragina erakutsi nahi diete, sukalde guztietan egon ohi diren osagaiak erabiliz: arto irina, arrautzak, ozpina, ura eta xaboia. Ez, ez daude hor bizkotxoak egiteko.

Ezertan hasi aurretik, ordea, beste esperimentu bat jarri dute martxan: poliestireno hedatuzko edalontzi bat sartu dute presioko eltze batean, eta galdera bota: «Zer gertatuko zaio edalontziari?». Barrezka, hainbat proba egiten hasi dira. Arto irin eta urarenak egin die grazia handiena. Biak nahastu dituzte, pikorrik gabe gelditu arte. «Niri bexamela beti ateratzen zait pikorrekin», kexu da Koruko Aizarna. Ura eta irina nahastean, aldi berean likidoa eta solidoa den nahasketa bat sortu dute: hatzekin ukitu, eta ez dira batere zikindu. Hatzekin ukitzearekin konforme egon ez, eta ukabilkadaka aritu dira, barre artean, sinetsi ezinik.

Gero, ikerlariak arrautza bat pasatu die. Ez du oskolik, eta gorringoa barruan nola mugitzen den ikus daiteke: 24 orduz eduki dute ozpinetan sartuta, eta, ondorioz, azal gogor hori galdu du. Mahai gainera —xuabe— jaurtiz gero, bote egiten du. «Baina hori gero egosi edo frijitu daiteke?», galdetu dute harrituta. Bai, posible da. Ikertzaileetako batek bromatan galdetu die: «Uste duzue txitoa aterako dela, txitatzen utziz gero?». Asun Sanchezek berehala erantzun dio: «Nire klasean bazeunde, ez zenuke gaindituko!».

Jakin-minak etenik ez

Sanchezek 58 urte ditu, ez dauka bilobarik —«nahi ere ez, denbora luzean»—, eta biologia ikasi zuen unibertsitatean: badaki salbuespenaren salbuespena dela. «Istripu bat izan nuen, eta ezin izan nuen zientzietan jardun: oso ahaztuta neukan, eta banuen gogoa berriz ere zerbait egiteko». Semea zientziak ikasten ari omen da, eta «lotsa» ematen omen dio Sanchezi hari ez ulertzeak. «Azken urteetan egin dituzten aurkikuntzen berri izan nahi nuke: lehen, Downen sindromea eragiten zuen 21. kromosoma baino ez genuen ezagutzen; gaur egun, ziztu batean egiten dizute mapa genetiko bat».

Mahai berean egokitu dira Aizarna eta Sanchez, eta saioari saltsa jarri diote. Batxilergo zientifikoa egin zuen Aizarnak, baina gero kulturara jo zuen, «historiara eta, batez ere, geografiara». Baina beti izan da «oso kuxkuxeroa», aitortu duenez. «Oso dibertigarria izan da, etxean egiteko modukoa, batez ere, ikusteko normalean egiten ditugun gauza guztiek dutela atzean arrazoi zientifiko bat», esan du Aizarnak.

Esperimentuak egiteari utzi eta arreta jartzeko eskatu die Mujikak emakumeei: saioaren hasieran egindako probaren emaitza erakutsiko die. «Zer gertatu zaio edalontziari? Pentsatu duzue?», galdetu du Rojerok. «Ez zaio ezer gertatu», entzun da jende multzotik. Eltzea ireki du, eta barrukoa atera: sartu baino bi bider txikiagoa bihurtu da edalontzia. «Kafesnea edan beharrean, ebakia edango dugu hortik!», esan du, bromatan, emakume batek. «Beti esaten didate ez daukadala ebakiak hartzeko edalontzi egokirik: hemendik aurrera, badakit zer egingo dudan!», beste batek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.
 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
 ©IKER MARKINEZ

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.