ATZEKOZ AURRERA

Euskaltzale 90 minutuan

Turista erdaldunei euskararen eta euskal kulturaren inguruko oinarrizko informazioa emateko ibilbide bat prestatu dute Zumaian, Geoparkean dena ez baitira harriak.

Kike Amonarriz Enigma bizia ibilbidea zertan izango den azaltzen, atzo, Zumaiako moila berriko zubian. GORKA RUBIO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Zumaia
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Kanpotarrentzat dago pentsatua hau, baina euskal herritar erdaldun askori ere ondo etorriko litzaieke», esan du Kike Amonarrizek Zumaiako moila berriko zubi konkordunean (Gipuzkoa). Soziolinguista eta telebistako aurkezlea erdaldunak 90 minutuan euskaltzaletzeko makina aurkezten ari da. Enigma bizia izenburua jarri diote egitasmoari, baina, egia esan, El gran enigma esango dute sarriago. Izan ere, Zumaiara Espainiatik, Kataluniatik edo Galiziatik bertaratzen diren turistak euskararen eta euskal kulturaren misterioan murgiltzeko ibilbidea prestatu dute kostaldeko herrian.

«Zumaian dena ez da geologia eta natura izango», esan du Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaileak, Game ofThrones eta bestelakoak ahaztuta. Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriek osatzen dute Geoparkea, Unescoren babespean. Aurtengo abuztuan, Geoparkeari azterketa egingo diote Nazio Batuen Hezkuntzarako, Zientziarako eta Kulturarako Erakundeko bi aztertzailek. «Euskararen bisitaldiak aberastu egingo du eskaintza», adierazi du Barriusok. Koldo Mitxelenak esan zuen euskararen misterioa ez dela jatorria, gaur arte iraun izana baizik, Garbiñe Mendizabalek gogoratu duenez. «Ideia horri tiraka, bisitariek gauza asko aurkituko dituzte», gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak.

Proposatu ziotenean, Amonarrizek berehala esan zion baietz egitasmo horri. Baina galdera bati aurre egin behar izan zion berehala: «Nola konta diezaiekegu euskara eta euskal kultura kanpotarrei Zumaiako kaleetatik?». Amonarriz eta lagunak turisten lekuan jarri ziren. «Nola azaltzen dizkigute guri gauzak Alsazian edo Korsikan?».

Umorea eta jolasa

Soziolinguistak esan du Zumaiak abantaila handi bat duela: «Euskara oso bizirik dago». Denden errotuluak erabiliko dituzte, esaterako, turistei euskararen egitura azaltzeko: euskarazko esaldien ordena gaztelaniaren alderantzizkoa dela, adibidez. Zumaiako hondartza = La playa de Zumaia. Hau da, Zumaia de playa la. Amonarrizek zubitik azaldu du ibilbideak bederatzi geldiune izango dituela.

«Umorea erabiliko dugu», ohartarazi du. Esaterako, gogoraraziko diete ez dela oso lagungarria autoa «en la calle Kalea» utzi dutela gogoratzea. Eta euskaldun batek gabon esaten dietenean, ez dela Afrikako estatu batez ari. «Hori txiskola baino zaharragoa da», gogoratu dio entzule batek. «Bai, baina ez erdaldunentzat», erantzun dio Amonarrizek.

Soziolinguistak eta lankideek lan mardula egin dute ibilaldia prestatzeko. Esan du 25 orriko testua prestatu dutela, baina lan nagusia «gauzak kentzea» izan dela. Georparkeak eta Zumaiako Udalak liburuxka bat argitaratu dute, turistei ibilaldian laguntzeko. Horretan, mapak eta azalpenak izango dituzte eskura.

«Esango diegu euskaldunok asko eskertzen dugula kanpotarrek pare bat hitz euskaraz egitea, interesa dutela adierazten duelako». Kaixo, egunon, arratsaldeon eta bestelako agurrak erakutsiko dizkiete. «Eta ez badituzte gogoratzen, aupa! batek ere balio duela esango diegu».

Era berean, euskarak gaztelanian izandako eraginaren berri emango diete. Beste hizkuntza erromantzeek ez bezala, gaztelaniak bost bokal baino ez ditu; hori euskararengatik dela azalduko diete. Izquierda eta cencerro, ezkerra eta zintzarri-tik datozela, eta mochilamutila hitzetik.

Hizkuntzaz harago, euskal kirolen berri ere emango diete. Herriko pilotalekura eramango dituzte, esaterako. Amonarrizek, mago baten antzera, pilota bat atera du zorrotik: «Probatzeko aukera emango diegu».

Gero, bisitari taldean Garcia izenekoren bat ote dagoen galdetuko dute, baten bat egoteko aukerak dezentekoak direlakoan. «Gartzia abizen %100 euskalduna dela esanda txundituko ditugu», esan du soziolinguistak. «Gaztea esan nahi duela, Europako Giovanni, edo Jung baliokideek bezala».

Taldeak Zumaiako Kofradiarako bidea hartu du, Amonarriz gidari. Han, joko bat proposatuko die entzuleei. «Munduko hizkuntzen artean, zein postutan dago euskara hiztun kopuruari dagokionez?», galdetuko die. 1etik 10erako eskala batean jartzeko. Entzuleek oso behean jarri dute eskalan; eskuzabalenak 6 bat eman dio. «Hori pentsatzen dute gehienek. Errealitatea, ordea, hau da: euskara 9,5ean dago munduko hizkuntzen artean, hiztun kopuruari dagokionez».

Amaitzeko, Amonarrizek aholku bat eman die euskaldunei: «Bartzelonako lehengusuren bat etortzen bazaizue, aurreztu ezazue lan asko: ekarri Zumaiako Enigma bizia ibilbidera, eta dena azalduko diegu 90 minutuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.