ATZEKOZ AURRERA

Urte berriaren sua piztu dute

Aste honetan, urte berriaren Newroz jaia ospatu dute Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan. Bilbon ere egin dute festa hori, Kurdistanen aldeko elkartasun keinu eta aldarrikapen artean.

Kurdistanen aldeko elkartasun keinu ugari egon ziren atzoko Newroz urte berri hasieraren ospakizunean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ /FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Kurdistango herriaren aldeko elkartasunak eta festa baten ospakizunak bat egin zuten atzo Bilbon. Aste honetan, urte berriaren hasiera edo Newroz ospatu dute Ekialde Hurbileko hainbat lurraldetan, tartean baita Kurdistanen ere. Eta jai horren oihartzuna Euskal Herrira iritsi da. Urte berri hasiera gatazkatsua izan da, gainera, aste honetan sartu delako Turkiako armada Afrin hirira. Horregatik, bi gertaera horiek bat egin zuten atzo Bilbo Zaharreko plazan.

Ekialdeko agintarien jarrera salatuz abiatu zuten ekitaldia Kurdistanekin Elkartasuna taldeko kideek, eta Afringo bonbardaketetan hildako bost gudari internazionalistak ere omendu zituzten: Samuel Prada Leon, Anna Campbell, Olivier Francois Jean Le Clainche, Alina Sanchez eta Haukur Hillmarsson. Gudari horien elkartasuna goraipatu zuten, eta eurekin batera borrokan aritu ziren hiru gerrillarik hitza hartu zuten.

Mintzaldi horien ondoren, su txiki bat piztu zuten, hori baita Newroz jaiaren ekitaldi nagusia. Plazan bilduta zeuden ehunka pertsona inguruk suaren inguruan dantza edo salto egin zuten. Horrela ospatu zuten urte berriaren etorrera. Ekitaldian ez zen musika eta janari kurdurik falta izan, horrek ere balio izan baitzuen urte berriaren etorrera ospatzeko. «Afrin inguruan eta Kurdistanen egoera oso gordina bada ere, ospatu egin behar dugu urte berria, etsaiak hori nahi duelako: kurduak triste egotea», azaldu zuen ekitaldia hasi baino lehen Mertxe Gomez Kurdistanekin Elkartasuna elkarteko kideak.

Ospakizunaren mitologia

Sua piztu, eta hor hasten da kurduentzat urte berria. Mitologiak dioenez, duela milaka urte errege krudel bat bizi zen Tigris eta Eufrates ibaien artean. Hildako haurren gorpuekin elikatzen omen zen, eta herritarrak beldurtuta bizi ziren. Kawa errementariari, esaterako, hamazazpi seme-alabetatik hamasei kendu omen zizkion Zohak erregeak. Azken alaba eskatu zionean, ordea, ardi baten gorpuarekin engainatu omen zuen, eta alaba mendian gorde zen. Inguruko herrietako gurasoek Kawaren trikimailuaren berri izan zutenean, berdin jokatu zuten, eta haur horiek mendian eta aske hazi ziren. Errementariak, gainera, borroka egiten erakutsi zien.

Borrokarako prest zuen armada osatu zuenean, Zohaken gaztelura joan ziren denak eskuan zuziak zituztela, eta erregea akabatu zuten. Aro berri bat hasi zen horrela, eta, horregatik, sua piztuta irudikatzen dute urte berriaren hasiera kurduek. Baina urte berri baten hasiera baino gehiago ere bada Newroz ospakizuna, Gomezen ustez: «Erresistentzia irudikatzen du, eta, horregatik, urte luzetan jaia debekatuta egon da».

Kurdistanen bezala, Iran, Azerbaijan, Uzbekistan, Tajikistan, Turkmenistan, Pakistan eta Indiako gune batzuetan ere ospatzen dute Newroz. «Amed hirian ospatu zuten urte berria, baina segurtasun eta kontrol neurri handien artean», Gomezen arabera. Eta ospakizunak duen indarraren lekuko izan daiteke ekitaldian kontatu zutena ere: Turkiako armada Afrinen sartu zenean eraitsi zuten lehen monumentua Kawa errementeriari eskainitakoa izan zen. Horrek erakusten du, mitologia izanagatik ere, Newrozek duen indar sinbolikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.